Delitua egin zuten Sergi Enrich eta Antonio Luna futbolariek 2016ko apirilean: emakume batekin izandako sexu harremana bideoz grabatu eta zabaldu egin zuten, haren baimenik gabe bi kasuetan. Donostiako epaitegiko hirugarren aretoko Carmen Zubimendi Alkorta epaileak frogatutzat eman du orduan Eibarreko jokalari zirenen delitua (Luna Rayo Vallecanon ari da orain; Enrichek Eibarren segitzen du), eta bi urteko espetxe zigorra ezarri die. Ez dira, baina, kartzelara joango, epaileak bertan behera uztea erabaki duelako zigorraren ezarpena bi urteko epean. Hori adosteko eskatu zuen Enrichen eta Lunaren defentsak epaiketa amaitu ondoren, eta gero, akordio horretara batu ziren fiskala eta akusazioa, sententzian esaten denaren arabera.
Bideoa zabaltzeagatik bazen beste jokalari bat ere akusatua: Eddy Silvestre, gertakariak gertatu zirenean Eibarreko kide ez zena (hiru hilabete lehenago utzi zuen taldea). Libre utzi du epaileak, ez dielako funtsik ikusi haren aurkako akusazioei.
Berez, zigor handiagoak eskatzen zituzten akusazioak eta fiskalak hiru jokalarientzat: bosna urteko kartzela zigorra Enrichentzat eta Lunarentzat, eta hirukoa Silvestrerentzat. Baina urriaren 14an, epaiketa eguneko saioaren amaieran, jaitsi egin zuten zigor eskaria bi eskatzaileek aurreneko bientzat: bina urteko eta egun bateko espetxe zigorra. Silvestreren kasuan, eskariari eustea erabaki zuten: fiskalak bi urte eta egun batekoa, eta akusazioak hiru urtekoa. Bi urtera eta egun batera jaistearen oinarrian, argudio hau jarri zuten akusazioak eta fiskalak: bideoa grabatu izana onartzea, eta damua azaltzea egindakoagatik. Biktimak 110.000 euroko kalte-ordaina jasoko du, akusazioak eskatzen zuena baino 10.000 euro gehiago Enrichek eta Lunak ahozko epaiketa hasi baino lehenago eman zioten diru hori biktimari. Horrek ere ekarri zuen zigor eskaria jaistea.
Epaia ez da behin betikoa, helegitea jartzeko aukera dutelako aldeek Gipuzkoako epaitegian. Baina ez da halakorik gertatuko. Izan ere, epaiketara erdi mamituta eraman zuten auzia akusazioak eta defentsak. Ez erabat itxita eta adostuta, baina bai elkarrekiko harremanetan josia. Azkenean, defentsak lortu du nahi zuena: bi jokalariek onartzea delitua egin zutela, damua azaltzea, eta biktimari kalte-ordaina ematea. Defentsako abokatuak ere garbi azaldu zuen epaiketaren amaieran kasuak ez zeukala helduleku handirik haren bi bezeroak (Enrich eta Luna) errugabetzeko, eta atera zezakeen bakarra zela kartzela zigorra ez betetzea.
Auziaren sorrera duela bost urteko apirilaren 18 eta 19ko gauetan dago. Lunaren etxera joateko geratu ziren Enrich, biktima eta haren lagun bat. Sententziak dio biktimak ez zituela ezagutzen bi jokalariak. Hirurek onartu zuten «borondatezko sexu harremanak» izatea. Halako batean, Lunak Enrichen sakelako telefonoa hartu zuen haren baimenarekin, eta hiruren arteko sexu harremana grabatzen hasi zen. Biktima jabetu, eta eskatu egin zion Lunari ez grabatzeko. Kasu egin zion.
Urte bereko urriaren 5a baino lehen, sententziak dioenaren arabera, Lunak eta Enrichek erabaki zuten biktimaren baimenik gabe grabatutako bideoa zabaltzea, hori ere haren baimenik gabe. Azkenean, «birala egin zen sare sozialetan, eta hainbat hedabidetan albiste ere bilakatu zen».
Biktimari eragindako kaltea
Sententzian, gertakakarien ondorengo puntuan, horrek guztiak biktimari eragin zion kalte psikologikoa aipatzen da. Epaileak ez du hori gehiago xehatzen. Epaiketan, ordea, biktimari laguntza eman zion psikiatrak kontu askoren berri eman zuen.Tratamendu psikiatrikoa jaso behar izan zuen: «Izu-ikara zeukan, beldurtuta zegoen». Botikez gain, bestelako tratamendu hau jarri zion: «Ingurukoei esan nien ezin zutela bakarrik utzi. Telefonoa kentzeko ere agindu nien, ez zezan ezer irakurri, ikusi edota jaso bideoaz». Biktimak erabaki gordin bat hartuko ote zuen beldur zen psikiatra: «Bere buruaz beste egiteko osagai guztiak zeuzkan neskak, eta arrisku hori gainditu zuen arte jardun nuen hura zaintzen».
Kartzelarik gabeko zigorra
Bi urteko espetxe zigorra ezarri zaie Enrich eta Luna futbolariei, emakume batekin izandako sexu harremana haren baimenik gabe grabatu eta zabaltzeagatik. Aldeek adostuta, ez doaz kartzelara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu