Euskotren ligako karta jokoan lau lehiakiderentzat bakarrik daude aulkiak. Bihar eseriko dira lehendabizikoz lau jokalariak. Zuri-urdinez jantzita azalduko da Arraun Lagunak, iazko txapela buruan duela; horia eramango du soinean Oriok, aurreko urteko bigarren sailkatuak; Donostiarra ere zuri-urdinez eseriko da; eta laugarrenak, Tolosaldea debutanteak, urdin kolorea eramango du arropan.
Hamalau partida dituzte zain, eta ia-ia jaikitzeko astirik ere ez batetik bestera. Izan ere, hasi eta buka, asteburu bakarrean hartu ahal izango dute atseden, eta, eserialdi bakoitzean, bina partida jokatuko dituzte: larunbat-igande. Trinkoa da lehiaketa, eta gutxi dira lehiakideak. Hutsak garesti ordaintzeko arrisku latza.
Tentsioa aurpegian dutela jarriko dira parez pare. Kopetak beltz. Zirkinik ere ez, keinurik txikiena aurkariari pistaren bat ematea delakoan. Arreta erabatekoa. Mugimendu bakoitza ondo aztertuta egingo dute. Eta, hala ere, arriskua beti hor izango dute, zain. Kontu txikietan erabakiko dira joko asko, eta joko oso bateko beste lehia txikiak. Batzuetan, laurek izan dezakete irabazteko aukera. Besteetan, ez: bik edo hiruk, edo batek bakarrik, eta bakar-bakarrik agian.
Kartak erakusten hasiko dira bihar. Ustez ezkutuan izan dituztenak. Baina, tentsioak tentsio, kopeta beltzak gorabehera, eta mugimendu neurtuak izanda ere, ez da sekretu handirik lauko partida txiki honetan. Aldez aurretik nahiko agerikoa da bakoitza zer den eta zertan den. Zaila da sekretuak ezkutatzea lauren artean. Kartak ezin ezkutatu. Horixe da Euskotren ligako benetako argazkia aurten ere. Erakutsi dezatela lau entrenatzaileek nolako albuma egin dezaketen hemendik eta abuztuaren 21era bitartean.
JUAN MARI ETXABE Arraun Lagunak taldeko entrenatzailea
«Irabazteko ari gara entrenamenduakegiten»
Irabazi beharreko guztiak irabazi zituen iaz Arraun Lagunak-ek, eta horixe da heldulekurik onena entrenatzaile batentzat aurtengo lanak eta helburuak jartzeko. Horri heldu dio Juan Mari Etxabek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966), taldean baitzegoen iaz eta ondo baitaki zer duen esku artean. «Aurreko denboraldia sekulakoa izan zen guretzat, eta maila bera eman nahi dugu, jakinik zaila izango dela hobetzea». Horra aurreneko helburua, eta betetzen badute ondorioa «irabaztea» izango litzatekeela dio: «Horretarako ari gara entrenatzen, behintzat».
Arraunlari multzoak prestatze aldian egindako lanarekin «oso pozik» dago: «Oso entrenamendu onak egin ditugu, eta gogo handiarekin gaude ligari ekiteko». Lehiaketa hasi aurreko jarduna hitz eta pitz aritzea izaten da askotan, eta aditz denbora hipotetikora jo du Etxabek Arraun Lagunak-i zer eman diezaiokeen kontatzeko: «Gauzak ondo eginez gero, hautagai handiak gara», adierazi du, taldeari erronka jartzeaz bat.
Ez bakarrak, ordea. Ikusten baitu kontrariorik nahiko. Bat bereziki: «Orio asko indartu da iaztik. Aldaketa izugarria egin du taldean, entrenatzaile berri eta guzti». Azeri zaharra izaki, Etxabek presio zipriztina bota die: «Gauzak ondo egiten badituzte, zaila izango da hauei irabaztea». Lehia estua espero du bere taldearen eta oriotarren artean, iazko moduan: «Segundo gutxiren bueltan joango dira gauzak».
Donostiarraren inguruan, uste du aurreko urteko maila emango duela: «Horretara heltzen ari dela erakutsi du azkeneko estropadetan. Ustezko bi faboritoek huts egiten badugu, gai da ezustea emateko».
Tolosaldeari traba txiki edo handia ikusten dio: «Baliteke esperientzia falta eta urduritasuna nozitzea». Baina ez ditu baztertu, ez: «Iaz gu izan ginen ezustea, eta aurten zergatik ez hauek? Gipuzkoako Txapelketan erakutsi zuten gerrarako daudela, borrokalariak direla. Talde bat dira».
PATXI FRANCES Orioko entrenatzailea
«Gaur aurrena dagoena bihar erraz geradaiteke azkena»
Etxabek aipatu du Oriok entrenatzailea ere berria duela, eta Patxi Frances da hori (Donostia, 1958). Eskarmentua nahi beste eta gehiago du, Etxabek bezala, eta talaia horretatik aritu da datorrenari buruz. Lehenik eta behin, emaitzen multzoko helburuak aipatzeko orduan, baietz, indartsu daudela, baina aurreikuspenei neurria jarrita aritu da: «Ahalik eta ondoena ibili nahi dugu ligan, Euskadiko txapelketan eta Kontxako Banderan». Gero aipatu du irabaztearena: «Banderak astintzea da asmoa».
Eguneroko lanean ikusten du hori esateko oinarria: «Oso ondo ari gara lanean, eta gure aurkaririk onenaren maila emango dugu udan». Beste hiru taldeak sartu ditu multzoan, ez baitu «faboritoez hitz egin nahi». Arraun Lagunak taldeari egin dio aurreneko aipamena: «Iazko talde bertsua da, eta oso zaila izango da hari irabaztea». Donostiarrari eta Tolosaldeari bigarren hitz sorta, biei batera: «Oso ondo ari dira arraunean, eta hori eginez gero, maila ona emango dute. Zaila izango da haiei irabaztea».
Garbi dauka liga ez dela bitan banatuko, bere taldea eta Arraun Lagunak goian, eta beste biak behean: «Lehia egongo da. Arrauna da, eta aldagai asko egoten da:zein talde atera larunbatean, zein igandean, zein kale tokatu... Baldintzak aldatuz joaten dira».
RUFO URTIZBEREA Donostiarrako entrenatzailea
«Lehiarako gaude, eta abentura bat izango da: ea zer ateratzen den»
Donostiarran ere berria da entrenatzailea. Arraunlari askorekin batera. Iazko egitasmoari beste honek hartu dio lekua, Rufo Urtizberea (Donostia, 1963)buru duela. Berriak izan dezake berritzaile kutsua, eta, kasu honetan, badu. Horrela kontatu du, behintzat, entrenatzaileak: «Arraunketa aldatu dugu. Luzeago egitea gustatzen zait, uretan ibilbide gehiago ematea, eta kosta egin zaie arraunlariei barneratzea, arraunlariak leku askotatik baitatoz, eta bakoitzak bere arraunketa baitu. Baina lortu dute, eta ondo gabiltza orain».
Aldaketa horrek eragin duena xehatu du, eta ekar dezakeen hobekuntza: «Fisikoki nekezagoa da arraunlarientzat, eta denbora askoan landu behar da uretan». Baina ur gutxi izan dute, aukeran: « Neguan fisikoa gehiago landu dugu uretako jarduna baino, horrela tokatu delako. Lehian ikasi beharko dugu ikasi beharrekoa, badugulako zer hobetu».
Lehian egingo duten bideak eramango du taldea azkeneko helmugara, baina hauek ere badute nondik jo. Helburuak, azken batean. Urtizbereak azaldu du zein diren: «Estropada guztien bila aterako gara, borrokatzera; gogotsu gaude lehiarako, eta abentura bat izango da: ea zer ateratzen den».
Jolas moduko horretan ez dira bakarrik egongo, eta aurkarien inguruan ere badu esatekorik: «Ikusi dudana da Tolosaldea oso gaztea dela, eta ilusio handiarekin daudela. Maila ezagutu behar dute, beste biek ez bezala. Arraun Lagunak-ek eta Oriok badakite zer den liga hau, helduago daude, urte asko baitaramatzate lehia honetan. Badakite non sartuko diren. Haiek dira faboritoak, eta beste biok urratzera goaz, ezustearen bila, muturra sartzera».
RAMON EROSTARBE Tolosaldea taldeko entrenatzailea
«Gozatu egin behar dugu, eta horrela aterako dute onena arraunlariek»
Lehen aldiz ariko da Ramon Erostarbe liga nagusian entrenatzaile; lehen aldia du haren taldeak ere maila horretan. Bete-beteko naturaltasunez hartzen ditu bi egoerak, berea eta taldearena, eta, helburuak azaltzean, nabarmen utzi du hori: «Mailari eustea, eta ahalik eta gehiena gozatzea da gure asmoa. Bateragarriak dira bi horiek, dudarik gabe, erabat. Galtzeko ez dugu ezer, eta dena irabazteko». Taldearen mailari buruz galdetu zaionean ere, sano erantzun du: «Iaz baino bloke hobea daukagu. Baina liga hobea da aurten».
Hiru aurkarien inguruan, garbi du bakoitza zertara aterako den. Orioz aritu da lehendabizi patroi ohia: «Asko indartu da, ikaragarri. Iaztik, jokalari asko aldatu dira, baina, galdu ordez, indartu egin da. Oso indartsu ikusten dut. Gipuzkoako txapelketan egin zuena hartu liteke adibidetzat».
Oriotarren pare jarri du Arraun Lagunak: «Iaz bezala daudela esango nuke, berdin-berdin. Talde puska dauka». Bi talde horiek jotzen ditu faboritotzat ligan: «Horiek harrapatzeko, askotan huts egin beharko dute».
Azkenik, Donostiarra izan du hizpide: «Guri bezala, jokalari dezente joan zaizkie. Baina asmatu dute berriz osatzen, kanpotik ere ekarri ditu arraunlariak, eta uste dut haiekin izango dugula borrokarik handiena».
Borroka hori azkeneko postuari ihes egiteko izango dela aitortu du. Ez du zigor berezirik izango, ez baita jaitsiko ETE ligara: kanporaketa jokatuko du liga horretako eta Galiziako ligako hirugarrenaren aurka. «Aldea da ez daukagula presiorik. Lehen urtea dugu liga honetan, eta ikasi egin behar dugu datorren urterako». Ez du alferrik aipatu 2023ko denboraldia, zortzi talde izango direlako Euskotren ligan, eta Tolosaldeak, nola ez, hartan egon nahi duelako. Kanporaketan aritzeak modua emango dio aurtengo azken sailkatuari datorren urtean hartan jarraitzeko aukerari eusteko.
Bi ligak alderatu ditu ondoren, kirola bat eta bera izanagatik ez direlako berdinak bi lehiaketak. Liga nagusian, behekoan ez bezala, bi estropada jokatzen dira asteburuero: «Iaz, oso gutxitan izan genituen estropadak bai larunbatetan eta bai igandeetan, eta ez du zerikusirik bat egin edo bi egin. Zeharo ezberdina da. Errespetu handia pizten digu aurtengoak. Ez dakit nola erantzungo duten arraunlariek».
Beste zerbaitek ere sortzen dio ezinegona: «Ezberdina da Euskotren liga, gauza asko daudelako: komunikabideak eta abar.ETEn bakarrik zaude». Hori kudeatu beharko du Tolosaldeak, eta Erostarbek bere gain hartu du erantzukizun hori guztia: «Arraunlariei erakutsi behar diet lasai egon behar dutela, gozatu egin behar dutela, eta ziur nago hori eginez gero onena aterako dutela».
Arrauna. Euskotren liga
Kartak ezkutatu ezinda
Bihar hasiko da Euskotren ligaren hamalaugarren aldia, Bilbon, eta, ohi bezala, lau talde ariko dira. Aurtengo berrikuntza Tolosaldea da, Hondarribiaren lekua hartuko baitu debutanteak. Beste hirurak ezagun zaharrak dira: Arraun Lagunak aurreko urteko garailea, Orio bigarren sailkatua eta Donostiarra. Lehen biak dira irabazteko hautagai handiak. Hamalau estropada izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu