Granada 2-0 Osasuna

Karta bat gutxiago du orain

Osasunak atzerapausoa eman du Granadaren zelaian, hauskorregi aritu eta punturik gabe geldituta. Kornerretan jaso ditu golak, lehen zatian. Hamabi lehia daramatza irabazi gabe

Granadako jokalariak, Luis Suarezek sartutako gola ospatzen, partidako lehena, atzo, Los Carmenesen. Facundo Roncaglia ageri da burumakur. M. A. MOLINA / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Luis Suarezek (22. min). 2-0: Herrerak, bere atean (46. min). Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Granadako Domingos Duarteri; eta Osasunako Oierri, Ruben Garciari, David Garciari eta Gallegori.

Osasunari brastakoan eten zitzaion atzo azkenaldiko garapena, Granadaren zelaian galduta. Puntuak aleka bildu zituen azken lau jardunaldietan; atzo, berriz, esku hutsik gelditu zen. Laugarren jardunaldiko atzeratutako partida zen, mahukan gordetako karta baten antzekoa, alegia, eta gorritxoek alferrik galdu zuten. Hori horrela, hiru puntura gelditu zaie salbazioa.

Nafarroako taldea defentsako hobekuntzari esker ari zen suspertzen. Kapaza izan zen Anoetan Realaren erasoko emaria idortzeko, eta Real Madrilen kontra, hutsean utzi zuen atea hamaika partidaren ostean. Oinarria sendotuta, partidaz partida hazten ari zen gorritxoen konfiantza, eta garaipen preziatuak gertuago zirudien. Alabaina, atzo pitzadura berri bat sortu zitzaien zimenduetan, eta Granadak erraz eraitsi zituen. Bi korner aski izan ziren Diego Martinezen taldea atsedenera 2-0eko markagailuarekin irits zedin.

Erabakigarria izan zen Calleri, eta ez onerako preseski. Azken lehietan amesgaiztoa izan da aurkarien atzelarientzat; atzo, ordea, bere taldekideei sortu zizkien buruhausteak, defentsan bere alea jartzen saiatzean. Neurketak hasiera lehiatua eta nahasia izan zuen, eta aurrelari argentinarrak egindako huts batek sortu zuen desoreka, 22. minutuan. Gaizki urrundu zuen baloia Granadaren korner batean, eta Luis Suarezi iritsi zitzaion bigarren zutoinean. Kolonbiarra harrapakari petoa da, eta, behartuta bada ere, ezkerrez jaurtiketa zehatza egin zuen. Herrerak ezin izan zuen ezer egin. Hortik oso gutxira, baina, geldiketa erabakigarria egin zion Machisi. Venezuelarra bakar-bakarrik gelditu zen ate aurrean, baina haren errematea hankarekin ezereztu zuen Herrerak.

Osasuna erreakzionatzen hasi zen apurka, eta 33. minutuan abisu serioa egin zuen. Lau gorritxo gelditu ziren Granadako bi atzelariren kontra, baina mugimenduak ez ziren onak izan; eta jokaldia gelditu ostean, zartakoa gora joan zitzaion Moncayolari. Emaitzari eustearekin aski zuten etxekoek, eta halako batean, 2-0ekoa egin zuten, lehen zatiko luzapenean. Berriz ere korner batean jaso zuen gola Osasunak, eta berriz ere Calleriren huts baten ondorioz. Haren keinuak ezustean harrapatu zuen Herrera, eta Machisenerdiraketa inork errematatu gabe joan zen sareetara.

Nafarrek ez zuten amore eman, eta grinatsu ekin zioten bigarren zatiari. Jarrera onak, baina, ez zituen lagun izan sormena eta argitasuna, eta izan ziren geldialdi ugariek ere ez zituzten Jagoba Arrasaterenak batere lagundu. Hori horrela, burumakur eta kezkatuta bukatu zuten norgehiagoka. Ezin da bestela izan, dagoeneko hamabi neurketa baitaramatzate irabazi gabe. Orain, gainera, karta bat gutxiago dute putzutik atera ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.