Kargutik kendu du

'Lehendakaria', hala deitzen zioten Gaizka Toquerori Joaquin Caparros Athleticen ari zenean, funtsezkoa baitzenMarcelo Bielsarekin, ordea, deialdian egotearekin konformatu behar du

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Futbolean tarte txikia dago zeruaren eta infernuaren artean. Galde diezaietela, bestela, Athleticeko jokalariei. Di-da batean pasatu dira ametsetik amesgaiztora. Ez da erdibidekorik egon. Taldean duten egoerarekin nahikoa burukomin ez ,eta bere kirol ibilbideak izan duen aldaketarekin ere kezkatuta egoteko arrazoiak izan behar ditu Gaizka Toquerok (Gasteiz, 1984). Joaquin Caparrosekin taldeko zutabe nagusietako bat izaten hasi, eta zuri-gorrien jokoan protagonismorik ez duen futbolaria bihurtu da Marcelo Bielsarekin.

Estatistikek argi eta garbi erakusten dute taldean pisu galera izan duela aurrelari gasteiztarrak. Duela sasoi bi 30 norgehiagoka jokatu zituen Ligan. Horietatik lautan baino ez zen izan ordezko. Joan den sasoian, berriz, 35 partida jokatu zituen, baina horietatik bederatzi baino ez hasieratik; 26 aldiz izan zen ordezko, alegia. Eta lehen erdia bete berri duen sasoian, berriz, neurketa bakarra hasi du hasieratik, Ligako lehenengoa, Betisen aurka. Hori gutxi ez, eta, ordutik gaurdaino, beste zazpi neurketatan besterik ez du jokatu. Gehienetan, gainera, minutu apur batzuetan aritzeko zelairatu du Bielsak. Izerdi apur bat bota eta botak zikintzeko beste. Zenbat denboran jokatu duen kontuan hartuta (125), taldeko 21. futbolaria da. Raul Fernandez ordezko atezaina eta Igor Martinez baino ez ditu bere atzetik. Ia denboraldi osoa min hartuta daraman Iñigo Ruiz de Galarretak, esate baterako, Toquerok baino gehiagoan aritu da (141 minutuan, hiru partidatan). Harrigarria eta argigarria.

Toquerori gertatu zaiona beste futbolari askori gertatu zaio aurretik. Ez da gauza berria futbolean. Jokalari asko daude entrenatzaile aldaketa tarteko euren rola erabat aldatu dena. Baina gutxi egongo dira teknikari baten aukeraketak talde batean izan dezaketen eragina Toquerorekin gertatu dena bezain ondo erakutsiko dutena. Horregatik da garrantzitsua klub bateko presidenteak har dezakeen erabakia. Entrenatzaile aproposa aukeratzea da talde baten arrakastaren giltza nagusietako bat. Eta, horretarako, taldean dauden jokalarien ezaugarrien arabera dago aukeratu beharra. Bistan da Josu Urrutiak hartu zuen erabakiak ez diola Toquerori mesederik egin. Caparrosen ustez, arabarra zen taldeko izar nagusiak, Fernando Llorentek, distira egin zezan ondoan behar zuen futbolaria. Mutil langilea. Borrokalaria. Lan zikina egiteko aproposa. Zelaian eskatzen ziona zintzo egiteaz gain, teknikari espainiarrarentzat asko balio duen dohain bat zuen: Katedrala pizteko gaitasuna. San Mameseko zaleak urteotan gehien txalotu duen futbolaria izan da.

Baina Caparros joan zen, eta Bielsa lurreratu zen Bilbon. Caparrosekin alderatuz gero, oso bestelako irizpideak dituen entrenatzailea da argentinarra. Eta horrek kalte egin dio Toquerori. Bielsak beharrari bezainbesteko garrantzia ematen dio talentuari. Eta bigarrenetik mugatua da arabarra. Jarraitzaile askorentzat mugatuegia. Izan ere, aldeko asko dituen arren, Toquero goren mailako futbolari dela zalantzan jartzen duten zaleak ere ez direlako gutxi. Makina bat dira Toquero taldeko zutabe izana ulertzen ez dutenak. Eta zer esan, futbolari maitatuena dela ikusi dutenean. Askok ez dute sekula ulertu. Hau da, Bielsak hartutako erabakiaren datozela bat. Laburbilduz, euren ustez, Toquerok ez luke lekurik izan behar maila oneko Athletic batean.

Atzelari postuan entrenatzen

Bada, egun Toquerok ez dauka lekurik Athleticen hasierako hamaikakoan. Eta Bielsak ez daki zer egin goi mailako profesional batekin. Langile aparta baita Toquero. Ez du bere egoera ika-mika iturri bihurtu gura izan. Taldearen ibilia aintzat hartuta, aukera izan duelako. Hala ere, jokalaririk maitatuenak ez du txintik ere esan bere egoeraren gainean. Jarrera eredugarria ari da izaten. Baina kontua da ez duela jokatzen. Aurrelari gisa ez daukala lekurik dirudi. Batetik, Bielsak erdiko-aurrelari bakarrarekin jokatzen duelako. Pentsa, Llorentek ere ez du jokatzen.

Pauso bat atzera egin, eta zelai erdian erditik zein hegaletik joka dezakeela pentsa lezake batek baino gehiagok. Kontua da Bielsarentzat Susaeta ordezkaezina dela, eta, De Marcosek atzean jokatu duenean, Toquerok pilatzen ez dituen ezaugarriak dituzten futbolarien aldeko apustua egin du lotura lanak egiteko. Beraz, Iraolaren alternatiba izateko prestatu gura izan du entrenatzaileak. Hegalekoa ez da postu ezezaguna Toquerorentzat. Beheko mailetan aritutakoa da, baina denbora eskatzen duen aldaketa da. Egun batetik bestera ez baita aurrelari bat atzelari egiten. Ikusteko dago jokalaria egokituko den ala ez. Eta hala izanez gero ere, ez da ahaztu behar Iraola daukala aurretik: ia lesionatzen ez den goi mailako futbolaria da usurbildarra. Beraz, ez dirudi hurrengo hilabeteetan bere egoera asko aldatuko denik. Inork min hartzen ez badu, aulkian ordu asko pasatu beharko ditu.

Hala ere, ez dira urteko notizia guztiak txarrak izan futbolariarentzat. Gutxi jokatzen duenez, ez dauka pozik egoteko arrazoi handirik baina, hala ere, klub zuri-gorriak haren aldeko apustua egin du. Protagonismoa galdu arren, beste hiru urterako luzatu zion Athleticek kontratua joan zen urrian, 2016ko ekainaren 30a arte. Zuzendaritzak talde jokalari ona dela uste duela erakusten duen apustua izan da. Kontratu berria izenpetu izanak lasaitasuna emango zion Toquerori. Orain, galdutako konfiantza berreskuratzea izango du xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.