Iratxe Rodriguez. Araskiko presidentea

«Kargu berrian lana eta zaletasuna uztartuko ditut»

Rodriguezek Livia Lopezen lekua hartuko du Araskiko buru gisa. Proiektuarekin jarraitzeko asmoa du, uste baitu gauzak «bide onetik» doazela. Emakumezkoen saskibaloia bultzatzen segitu nahi dute.

Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Iratxe Rodriguez (Gasteiz, 1982) Araskiko presidente berria da. Lehen egunak ditu karguan, eta «pixkanaka» ari da inguru berrira egokitzen. Livia Lopezen lekukoa hartu du. Presidente aldaketak, ordea, ez du klubaren filosofian eragingo. Maite du saskibaloia, eta gogotsu ekin dio kargu berriari.

Nola joan dira lehen egunak presidente gisa?

Egia esan, oso ondo joan dira. Pixkana martxan jarri, eta guztiaren berri izaten ari naiz. Laster izango naiz bete-betean lanean.

Espero bezala topatu duzu kluba?

Bai. Kluba nahiko ondo dago. Jende asko du atzetik, eta oso ondo ari dira lanean. Barneko lan kantitateak harritu nau gehien. Asko negoziatu behar da babesleekin eta erakundeekin. Bestalde, komunikabideen presentzia ere handia da. Proiektuak sekulako oihartzuna izan du, eta horrek publizitatea ekartzen du.

Noiz eta nola jaso zenuen presidente kargua hartzeko proposamena?

Kafetegi batean izan zen. Deitu egin zidaten, eta kafe bat hartzeko gelditu ginen. Orduan egin zidaten proposamena. Ez nuen inondik inora espero, baina zalantzarik egin gabe onartu nuen. Hasieratik izan nuen garbi.

Zerk motibatu zintuen proposamena onartzera?

Nik betidanik maite izan dut saskibaloia, eta nire lan profesionala enpresen kudeaketan oinarritu da. Beraz, kargu honetan, lana eta zaletasuna uztartzeko aukera izango dut.

Livia Lopezen agindupean asko hazi da kluba. Ohorezko Mailara igotzea lortu zuen, baita bertan egonkortzea ere. Proiektuarekin jarraitu nahi duzu?

Bai. Hori da nire helburua. Gauzak bide onetik doazela uste dut, eta ondo doana hobe da ez ukitzea. Bide beretik segituko dugu lanean. Filosofia bera izango da.

Eman dizu gomendioren bat presidente ohiak?

Bai, gomendio asko eman dizkit. Pazientzia handia edukitzeko esan dit, eta, horrez gain, nire lana bateratzailea izan dadin ahalegintzeko.

Jarraitutasunaren alde egingo duzu, baina ukitu pertsonala ere eman nahiko diozu proiektuari. Zer ekarpen egin nahi diozu?

Pertsona bakoitza ezberdina da. Nahiz eta filosofia bera den, bakoitzaren lan egiteko moduak beti du zerbait desberdina. Liviaren aldean, nire lan egiteko moduan bereizgarria kudeaketaren esparrutik joan daiteke. Dakidan guztia ematen ahaleginduko naiz.

Zein dira helburu nagusiak?

Ahal den heinean, emakumezkoen kirolak duen oihartzuna zabaltzen saiatuko gara. Kirol mailan, lehen taldeari dagokionez, helburu nagusia mailari eustea izango da berriz ere. Harrobian, berriz, hazten jarraitu nahi dugu. Egiten ari garen lana garatuz joan behar dugu.

Harrobiari garrantzia eman nahi diozue, beraz.

Bai, noski. Harrobiak funtsezko garrantzia du gaur egun. Harrobirik gabe, klubak ez luke etorkizunik izango. Beraz, gure neskak zaintzen segitu behar dugu.

Oraintxe, arlo sozialari eta ekonomikoari dagokionez, nola dago kluba?

Arlo ekonomikoan kluba ondo dagoela esango nuke. Hala ere, bistan denez, baliabide eta laguntza asko behar ditugu gure lana egiten jarraitu ahal izateko. Maila sozialean, berriz, kluba oso ondo kokatuta dagoela iruditzen zait. Ezagutzera eman dugu proiektua, eta gaur egun jende askok du haren berri. Bide beretik jarraitu nahi dugu.

Izan duzu aukera babesleekin egoteko? Nolakoa da harremana?

Egun gutxi daramatzat presidente karguan. Pixkanaka ari naiz guztiak ezagutzen. Orain arte egon naizenekin, ordea, harremana oso ona da.

Denboraldi berriari begira, nola ikusten duzu osatu den taldea?

Oso itxura ona hartzen diot taldeari. Konfiantza osoa dut haiengan. Helburuak lortzeko gogor egin beharko dugu lan, baina ondo ikusten dut taldea.

Eta txapelketa?

Taldeak asko indartu dira. Hori dela eta, iruditzen zait txapelketa oso estu joango dela. Lan asko egin beharko dugu gure mailan jarraitzeko.

Madelen Urieta da entrenatzailea. Izan duzu harekin lehen hartu-emana?

Bai. Eskuz esku ari gara lanean. Harreman handia dut berarekin, eta elkarlanean gabiltza.

Gustatuko litzaizueke partidaren bat Buesa Arenan jokatzeko aukera izatea?

Orain, hori ez da lehentasunezko helburua. Egia esan, oso gustura gaude Mendizorrotzan. Orain, helburu nagusia da Mendizorrotza betetzea. Etorkizunean, ikusiko dugu.

Posible ikusten duzu denboraldi honetan Mendizorrotza betetzea?

Gero eta bazkide gehiago ditugu. Orain dela gutxi hasi da aurtengo kanpaina. Aurreko sasoiko zenbakiak gainditzea espero dugu, eta hazten segitzea.

Aurreko sasoian Espainiako Kopa jokatu zen Gasteizen. Hazten jarraitzeko zer tarte ematen diozu bertako emakumezkoen saskibaloiari?

Nik esango nuke hazkundea hasi besterik ez dela egin. Hobetzen jarraitzeko tarte handia dugu aurretik. Orain arte, zale gisa bizi izan dut Gasteizen emakumezkoen saskibaloiak izan duen hazkuntza. Uste dut gero eta gehiago ematen ari dela ezagutzera hirian. Haziz goaz horri esker, baina lan handia dugu egiteko aurretik. Izan ere, zoritxarrez, badakigu emakumezkoen kirolak ez duela oraindik merezi duen aitortza. Dugun guztia eman behar dugu horren alde.

Abaroa saskibaloi taldearen sorkuntzan parte hartu zenuen. Orain, presidente zara hiriarentzat erreferente den Araski proiektuan. Nolakoa izan da bilakaera?

Lagun talde batek sortu genuen Abaroa. Familia giroko klub bat zela esan daiteke. Araski ere hala zen, baina, gaur egun, ligako klub erreferenteetariko baten moduan finkatzen ari da. Bilakaera, etengabeko gorakada izan da.

Jokalari izan zinen talde hartan. Asko aldatu da ordutik saskibaloia?

Bai. Guztia aldatuz joan da. Adibidez, lehen, lan fisikoa oso desberdina zen. Kantxatik kanpo prestatzen ginen fisikoki. Orain, guztia barruan egiten da. Horrek, agian, gaitasun handiagoa ematen die kantxa barruan beren indarra garatzeko.

Abaroan jokalari moduan aritu zinenean, kudeaketan eta idazkari lanetan ere ibili zinen klubean bertan. Esperientzia hura baliagarria izango da kargu berrirako?

Bai, argi eta garbi. Esperientzia guztiek ezagutza batzuk ematen dizkizute. Esperientzia hari eta orain arte egiten aritu naizen lan profesionalari esker iritsi ahal izan naiz hona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.