Realak eta Osasunak Euskal Herria Txapelako finala jokatuko dute hilaren 21ean, Irungo (Gipuzkoa) Gal estadioan (20:45, ETB1). Neurketa horretan bi taldeetako kapitain ohiak omenduko dituzte: Asier Illarramendi eta Oier Sanjurjo.
Atzo aurkeztu zuten finala, Galen. Bertan izan ziren Illarramendi bera, Joseba Ibarburu Realeko lehendakariordea, Igor Emery Real Unioneko presidentea, eta Ibon Arruitz eta Aitziber Zapirain Euskal Herria Kirolako ordezkariak. Illarramendi «pozik» azaldu zen omenaldia egingo diotelako. Halaber, salatu zuen Osasuna «injustizia bat» bizitzen ari dela.
Bi taldeek denboraldi biribilak egin zituzten joan den sasoian: Reala Txapeldunen Ligarako sailkatu zen, eta Osasuna, Konferentzia ligarako. Halere, UEFAk Osasuna parte hartu gabe zigortu du, eta ikusteko dago azkenean Europan ariko den.
Denboraldia prestatzen hasiak dira bi taldeak, eta lehen aukera dute titulu bat irabazteko. Partida horretan ohikoa da omenaldiren bat egitea euskal jokalariren bati. Aurrekoetan, Inaxio Kortabarria, Jose Angel Iribar, Periko Alonso, Jon Ander Goikoetxea eta Gorka Iraizoz omendu zituzten. Aurten, berriz, Illarramendi eta Sanjurjo. Euskal Herria Kirolako ordezkariek haien «profesionaltasuna, konpromisoa, kiroltasuna eta herriarekiko atxikimendua» azpimarratu zituzten.
Zazpigarren aldia du aurtengoak. Espainiako Lehen Mailako euskal taldeek denboraldian zehar elkarren aurka jokatzen dituzten derbien puntuazioak finkatzen du finala. Txuri-urdinek eta gorritxoek bi aldiz jokatu dute finala elkarren aurka, eta bakoitzak bat irabazi du. Aurtengoak, beraz, berdinketa hautsiko du. Irabazleak, gainera, Athletic berdinduko du, bi txapelekin. Datorren sasoian, Alaves, Athletic, Osasuna eta Reala lehiatuko dira Euskal Herria Txapelan.
Sarrerak salgai daude
www.ehkirola.eus webgunean dagoeneko salgai daude sarrerak. Laster Realaren dendan ere egongo dira, eta Gal estadioan partida baino egun batzuk lehenago jarriko dituzte eskuragarri, baita egunean bertan ere. Tribunarako sarrerek hogei euro balioko dute, eta fondokoek, hamabost. 16 urtez azpikoen tribunarako sarreren prezioa hamar eurokoa izango da, eta fondokoena, bost eurokoa. Sarrera erosi dutenen artean zozketa egingo dute atsedenaldian.
Kapitain ohiei omenaldia
Illarramendi eta Sanjurjo omenduko dituzte hilaren 21ean, Euskal Herria Txapelako finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu