Aitor Zubizarreta. Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Kantxan eroso gaudenean oso talde arriskutsua gara»

ACBra igotzeko Lauko Finala jokatuko du Gipuzkoa Basketek larunbatean. Burgos izango du aurrean, baina taldeko izarra ez da kantxan izango. Ezkondu egingo da partidaren egun berean.

JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Azken asteetan saskibaloizale askoren ahotan izan da Gipuzkoa Basket. Lolo Encinasen taldeak ACB ligara igotzeko Lauko Finala jokatuko du Burgosen (Espainia). Baina iragan astean jakinarazi zuen Justin Jaworski taldeko eta ligako jokalari baliotsuena ez dela ariko. Taldeak finalerdia jokatzen duen bitartean, Amerikakoa ezkondu egingo da bere herrialdean. Zalaparta handia sortu da, baina ez dago atzera egiterik. Jaworskiren postua bete beharko dute haren taldekide zirenek, eta horietako bat da Aitor Zubizarreta (Azpeitia, Gipuzkoa, 1995). Antolatzaileak ez du ukatzen hutsune «garrantzitsua» dela, baina daudenek dena emango dutela dio.

Coruñaren azken partidatik hamabost egunera jokatuko duzue Lauko Finala. Gauza asko gertatu dira. Luze egingo zitzaizuen, ezta?

Batez ere aurreko astea egin zen luzea. Jokalarioi partidak jokatzea gustatzen zaigu, eta ez da erraza izaten ondo entrenatzea jakinda asteburuan partidarik ez dela egongo. Hala ere, taldea gustura zegoen Coruña kanporatu ostean, bi aste polit izaten ari dira. Lauko Finala sari bat bat da, aste barruan egindako lanaren ondorioz jasotzen den sari bat, eta orain, buru-belarri ari gara, Burgosen aurkako partida ahal den ondoen prestatzen.

Zer moduz dago taldea psikologikoki Jaworskirenaren ostean? Kolpe gogorra izango zen taldearen helburuei begira...

Pena bat izan da, Justinek indar handia zeukalako taldean. Bai kantxan eta bai kantxatik kanpo. Jokalari guztiok oso harremanona daukagu, eta, edozein taldekidek alde eginda, pena hartzen duzu. Baina hau halaxe da; azken finean, lagunak izan beharrean, lankideak gara askotan. Jokalariak joan eta etorri egiten dira. Hutsune garrantzitsua izango da, hori ezin dut ukatu; baina, orain, gaudenekin irabaztera joango gara Burgosera.

Hala ere, Lauko Final bat ez da urtero jokatzen. Zein izan da hona iristeko sekretua?

Esango nuke taldearen indarra dela. Urte osoan asko elkartu gara kantxatik kanpo, bidaietan zein guk geuk eginiko ekintzetan. Gauza horiek gero kantxan antzematen dira. Bolada txarrak ere izan ditugu sasoi osoan zehar. Taldeko jokalari garrantzitsu batzuek ezin izan zuten denboraldiaurrerik egin, sasoia kili-kolo hasi genuen, lesioak izan ditugu... baina bolada horietan ikusi da taldean dagoen giro polita, eta elkarri laguntzeko jokalari asko zeudela bakoitzaren ondoan. Urte osoan bakoitzaren rola ulertzen eta ahalik eta ondoen betetzen ahalegindu gara, eta hori errespetatuz iritsi gara iritsi garen tokira.

Burgos izango duzue aurkari. Jokalariak banan-banan hartuta, talde bikaina

Talde izugarria da. Indibidualki hartuta, talentu handiko jokalariak dira. Buruz buruko jokaldietan saskiratzeak errazteko gaitasuna daukate, eta kantxan eragin handia izan dezakete denek. Baina gu geurean zentratzen gara. Talde lana da gure oinarria, batez ere defentsan. Defentsatik abiatzen dira gure erasoak, eta hori izango da gure ikuspegia.

Etxean jokatuko dute, eta, presidenteak esan duenez, igoera da haien helburu bakarra. Presio horrek mesede egingo dizue?

Jokatzen ari garenean behin ere ez dugu jakiten haiek zer pentsamendu daukaten. Ohikoena da presidenteak hori esatea eta taldeak helburu hori izatea, talde ona eta aurrekontu handia dauzkatelako. Baina 40 minutu izango dira, eta laurdenez laurden joan beharko dugu.

Zein motatako partida egitea komeni zaizue? Zuen erasoko jokalari erabakigarriena ez dago, eta Burgos da ligan puntu gehien sartzen duen taldea.

Gure estiloa erakutsi behar dugu. Defentsan orain arteko talde lanarekin jarraitu, denok elkarri lagundu, eta gero guk erabaki korrika egiteko aukera daukagun edo bost bosten aurka jokatu nahi dugun. Betiere gu izatea. Guk nahi duguna eginez, eta ez haien defentsak erabakiz nola jokatu behar dugun. Kantxan eroso bagaude, oso talde arriskutsua gara.

Alor pertsonalean nolakoak izan dira Donostian egindako bi urte hauek? Ligan urte dezente egin dituzu, baina, hona etorrita, teknikariaren konfiantza zeneukan. Estatistikoki urte oparoak izan dira.

Oso politak izan dira bi urteak. Hasieran gehiago kostatu zitzaidan, baina normaltzat jotzen dut. Berriro Gipuzkoara etorri, ezagunak inguruan... lehengo garaiak etortzen zitzaizkidan burura, baina Lolok ere sentsazio bera izango zuen. Lolok asko lagundu dit; txiki-txikitatik ezagutzen dut, eta elkarrekin aritu ginen Iraurgin Urrezko LEB ligan. Prestatzaile batekin horrelako erlazioa edukitzea oso lagungarria da.

Proiektu gipuzkoar bat egin zuen Gipuzkoa Basketek maila galtzean. Hori albiste pozgarria da, baina uste duzu kalte egin dizuela, edo erakutsi behar izan duzuela ez dizuetela toki hori oparitu?

Askotan aipatu da gipuzkoarrena. Gure esperientziak eta kirol ibilbideak erakusten du ez gaudela hemen gipuzkoarrak izateagatik bakarrik. Nire ustez, Gipuzkoa Basketek zorte handia dauka bi antolatzaile gipuzkoar izateagatik, baita gainerako gipuzkoar guztiak taldean izateagatik ere. Ligan esperientzia daukagu, eta esango nuke maila ona erakutsi dugula. Horrek argi uzten du Gipuzkoako saskibaloian egiten den lana; harrobietan lehendabizi, eta Gipuzkoa Basketek ondoren, Xabi Orozen kasuan adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.