ERREMONTEA

Kantitatearen gainetik kalitatea lehenetsi du Oriamendik Binakako Txapelketan

Larunbatean hasiko da Binakako Erremonte Txapelketa, eta bi hilabete luze iraungo du, abenduaren 28an jokatuko baitute finala. Aurreneko aldiz, lau bikotek bakarrik parte hartuko dute Lehen Mailakoan.

Erremontea.
Oriamendiren binakakoa jokatuko duten erremontista batzuk, gaur, Oronaren egoitzan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko urriaren 16a
18:30
Entzun

Oriamendi 2010 erremonte enpresak prest du hurrengo txapelketa: binakakoa. Gaur aurkeztu dute, Hernanin (Gipuzkoa), Oronaren egoitzan. Larunbatean hasiko da, eta bi hilabete luze iraungo du, abenduaren 28an jokatuko baitute finala. Bigarren urtez jarraian, Lehen eta Bigarren Mailako txapelketa jokatuko dute aldi berean.

Aldaketa garrantzitsua egin du Oriamendik Lehen Mailakoan, lehen aldiz, lau bikotek bakarrik hartuko baitute parte. Bost izan dira azken urteetan, baina, oraingoan, Oriamendik kalitatea lehenetsi du kantitatearen gainetik. Enpresako arduradunek nabarmendu dutenez, aspaldiko mailarik handiena du txapelketak.

Hauek izango dira Lehen Mailakoan ariko diren lau bikoteak: Ansa II.a eta Juanenea; Segurola eta Barrenetxea IV.a; Urriza eta Larrañaga; eta Ezkurra II.a eta Azpiroz. Beraz, azkeneko txapeldunak, Urriza eta Azpiroz, banatuta ariko dira.

Bada beste aldaketa bat: lau bikoteek bitan jokatuko dute elkarren aurka ligaxkan; orain arte, behin bakarrik aritzen ziren. Hala, bederatzi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, egun hauetan: larunbatean, urriaren 26an, azaroaren 2an, 9an, 15ean, 23an, 30ean, eta abenduaren 7an eta 14an. 

Partidak set formatuan jokatuko dituzte: lehen biak hamabost tantora izango dira, eta hirugarrena beharko balitz, zortzira jokatuko lukete. Bi setean irabazten duenak lau puntu batuko ditu; 2-1 irabazten duenak, hiru; galdu, baina set bat irabazten duenak, puntu bat; bi setetan galtzen duenak, bat ere ez; eta, azkenik, bi setean galdu eta hamabost tantora iristen ez denari puntu bat kenduko diote. Puntu gehien lortzen duen bikotea finalerako sailkatuko da, eta bigarren eta hirugarren bikote sailkatuek finalerdia jokatuko dute abenduaren 21ean. Finala 28an izango da. Galarretan izango dira partida guztiak.

Lehiaketa sistema eta egutegi bera izango du Bigarren Mailakoak. Horretan, baina, iazko kopuruari eutsi diote, eta bost bikote ariko dira berriro. Hauek izango dira: Aldabe eta Aiestaran IV.a; Irazu eta Zaldua; Jabalera eta Apezetxea; Gurrutxaga eta Martirena; eta Goikoetxea V.a eta Zubiri.

 

BIKOTEAK
Lehen Mailakoak. Ansa II.a eta Juanenea; Segurola eta Barrenetxea IV.a; Urriza eta Larrañaga; eta Ezkurra II.a eta Azpiroz.
Bigarren Mailakoak. Aldabe eta Aiestaran IV.a; Irazu eta Zaldua; Jabalera eta Apezetxea; Gurrutxaga eta Martirena; eta Goikoetxea V.a eta Zubiri.

LEHIAKETA SISTEMA
Ligaxka. Lehen Mailan, lau bikoteek bitan jokatuko dute elkarren aurka, eta lehen sailkatua finalera igaroko da. Bigarren Mailan, berriz, bost bikoteek bitan jokatuko dute elkarren aurka, eta lehen sailkatua finalera igaroko da. Bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte: larunbatean, urriaren 26an, azaroaren 2an, 9an, 15ean, 23an, 30ean eta abenduaren 7an eta 14an.
Finalerdia. Ligaxka bakoitzeko bigarren eta hirugarren bikote sailkatuek jokatuko dute, abenduaren 21ean.
Finala. Ligaxkako lehen bikote sailkatuak eta finalerdiko irabazleak jokatuko dute, abenduaren 28an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.