Emaitza irauli eta Eurokopako final-laurdenetarako sailkatzen saiatuko da IDK gaur, 20:00etan, Josean Gaska kiroldegian (ETB4). Kanporaketa gainditzeko, 11 punturen aldearekin irabazi beharko dio Sardiniako Dinamo Sassari taldeari, joaneko partida 60-50 galdu ostean. Ez da erronka makala, baina gai izango direla uste du Roso Buch IDK-ko jokalariak. Baikor da: «Konfiantzaz egingo diogu aurre. Badakigu bat eginda eta elkarrekin jokatzen badugu irabaz dezakegula. Uste dut haien taldea ez dela gurea bezain osoa». Defentsa lanetan sendoago aritzea izango da gakoa, haren irudiko.
Gainera, indarberrituta ekingo diote kanporaketari donostiarrek. Asteburuan garaipen garrantzitsua lortu zuten Ligan Zaragozaren aurka, Gaskan bertan, eta taldeak arnasa hartu du. Izan ere, IDK-ri kostatzen ari zaio denboraldiari neurria hartzea. Argi dabiltza Europan: multzokako fasean partida guztiak irabazi ondoren, Frantziako Charnay talde ahaltsua kanporatzea lortu zuten, eta final-laurdenak dituzte orain begiz jota. Ilun, berriz, Ligan: sailkapeneko beheko postuetan da taldea, eta ezinean aritu dira azken boladan. Hor ere ikusi dute argi printza, ordea. Partida serio bat eginda, garaipena lortu zuten igandean, sasoiko bosgarrena. Zulotik ateratzeko gogoz daude jokalariak: «Beti duzu marmar hori: zergatik ari gara hain ondo Europan, eta Ligan, aldiz, hainbeste sufritzen. Igandeko garaipenak adorea eman digu. Garaipenek on egiten dute, eta behar handia genuen».
Berreskuratu dute, beraz, konfiantza dosia; Europan urratsak egin eta aurrera segitzeko ilusioa ere sobera dute, eta, gainera, etxean aritzeak mesede egingo diela uste du Buchek. Bestelako partida bat egin beharko dute, ordea. Joanekoan, ez ziren fin ibili donostiarrak, eta azken laurdenean neurketak ihes egin zien, 11-4ko partziala jasota: «Berrogei minutuko lehia ez genuen jokatu elkartuta, intentsitatez, oldarkor... Taldea apur bat arraro sumatu nuen. Haiek antzeman zuten taldea erdipurdi zegoela, eta azken laurdenean askoz konfiantza handiagoarekin aritu ziren. Elkar hartuta zeuden guztiz, hiruko bakoitza denek batera ospatzen zuten... Gaskakoa desberdina izango da».
«Badakigu bat eginda eta elkarrekin jokatzen badugu irabaz dezakegula. Uste dut haien taldea ez dela gurea bezain osoa»
Roso BuchIDK-ko jokalaria
Arreta non jarri ere azaldu du, eta hiru izen aipatu: Carangelo, Gonzales eta Taylor. Hemeretzi, hamasei eta hamabost puntu lortu zituzten joanekoan, hurrenez hurren. «Inportantea izango da kanpoko hiru jokalari horiek geldiaraztea, eta gero, gure jokoa egin behar dugu. Pistan dauden bostak ekarpenak egin behar dituzte, aktibo egon, defentsari eta erreboteari adi. Talde bat izan behar dugu; batzuetan hori falta izan zaigu».
Bigarren aldia du IDK-k Eurokopan. 2022-2023 denboraldian aritu zen aurrenekoz, eta markak hausten ari da oraingoan. Txapelketaz gozatzen ari direla esan du Buchek: «Beste ilusio bat dugu: badakigu ez daukagula ezer galtzeko, ez dugu bai edo bai irabazi beharraren presiorik, Ligan bezala. Lasaiago jokatzen dugu, eta gehiago gozatu, eta hori nabari da».
Aldaketak
Taldean berritasunak daude. Laura Cornelius antolatzailearen fitxaketaren ondoren, Adut Bulgak pibotaren itzulera iragarri berri du klubak. Aurrez ere ibilia da IDK-n, 2016-2017 sasoian; hamasei neurketa jokatuta, partidako hamabi puntuko eta bederatzi erreboteko batezbestekoa lortu zuen orduan. «Barruan sufritzen ari gara. Aurkariak pibot handiak dituenean, kostatu egiten zaigu eremua menderatzea. Halako partida bat dugunean, zaila da guretzat. Bulgakek esperientzia du, eta ondo etorriko zaigu. Espero dut huts egiten ari garen hori apur bat orekatzea». Bestalde, Delicia Washingtonek taldea utzi du. Aldaketekin pozik da Buch: «Uste dut aurrerantzean beste itxura bat emango dugula. Kontzienteago gara dugun taldeaz, eta bat eginda jokatzen badugu, aldea sumatuko da».
Lehen urtea du Buchek IDK-n, baina eskarmentu handiko jokalaria da. «Gustura» dagoela adierazi du, nahiz eta hasieran kostatu zitzaion Azu Muguruza entrenatzailearen jokamoldera ohitzea: «Gernikan lau urte pasatu nituen egitura berarekin. Azuk jokatzeko beste modu bat du: estruktura gutxiago eta askatasun gehiago. Hasieran estruktura horren falta sumatzen nuen, baina orain, jokatzeko modua ulertu eta ohitu ondoren, dibertigarria da, ondo sentitzen naiz».