Gorka Aranberri. Urdaibaiko patroia

«Kanpora galdutakoa errekuperatzeak balio handia dauka»

Atzetik aurrera eginda nagusitu zen Urdaibai, aurreko txandakoen erreferentziarik gabe. Bost ontzi daude zazpi segundoko tarte batean.

JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ziabogan ohorezko txandatik kanpo zegoen Urdaibai Kontxako lehenengo jardunaldian. Itzulera ikusgarri batekin lortu zuten lehen postua. Hori bai, erreferentziarik gabe egin zuten estropada. Lanak amaitu berritan oso haserre agertu zen Iker Zabala prestatzailea. Gorka Aranberrik (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) ez dio garrantzi handirik eman nahi izan auziari, eta taldearen lan ona azpimarratu nahi izan du.

Ikusi gehiago:Izaro Lestayo, Tolosaldea traineruko patroia: «Garaipena espero gabe iritsi da, baina haren bila ibili gara»

Lehenengo helburua behintzat bete duzue. Nola zaudete?

Sentsazio onak ditugu. Aurreneko igandean ahalik eta ondoen egitea izaten da helburua, eta denborarik onena egin genuen. Hortaz, egindako lanarekin gustura egoteko moduan gaude.

Bost ontzi egongo zarete zazpi segundoko tarte batean. Zaleentzat ederra, baina zuek gogotik egin beharko duzue lan...

Bai, hala da. Kontxako Bandera lehenengo igandean irabaztea oso zaila izaten da. Banderarik ez da irabazten , baina galtzeko aukerak izaten dira. Aurten ontzi gutxik galdu dituzte bandera irabazteko aukera horiek, eta behintzat bost ontzi gaude lehiarako prest.

Txandakideak kontrolatzen errazagoa izaten da, baina Zierbena lehen txandan ariko da. Kontuan hartu beharreko gauza asko izan beharko dira, ezta?

Bai, baina guk kontrolatu ditzakegunak bakarrik kontrolatuko ditugu. Hau da, gure onena eman behar dugu. Gero, aurkariak, itsasoaren baldintzak, txandatik txandara egon daitezkeen aldaketak... hori bigarren plano batean gelditu behar da. Aurrena gure onena eman behar dugu, eta bigarren planoan dauden gauza horiek garrantzi handia hartzen badute, orduan hartu beharko ditugu kontuan erreferentzia horiek. Zierbenarena batez ere, ez baitago gure alboan. Eta zazpi segundorekin bandera irabaz dezakete.

Erreferentziarik gabe egin zenuten estropada guztia. Txandako aurkariak oso atzean zeuden. Zein sentsazio zeneukan barrutik?

Arraunlariak zalantzan jartzen ditu erreferentziak ez edukitzeak. Psikologikoki gogorra izan zen niretzat eta arraunlarientzat. Ikusten genuen gure txandakoei ondo irabazten ari ginela. Ziabogan bagenituen erreferentziak, baina entrenatzaileak gezurra esan zidan. Hamahiru segundo atzetik geunden, eta psikologikoki arraunlariei ez eragiteko erabaki hori hartu zuten.

Behin estropada ikusita, eta jakinda lehen txandako aurkariei hamabi segundoren aldea jan zenietela, nola baloratzen duzu zuen estropada?

Badakigu guk izan genituen baldintzak eta lehenengo txandakoek izan zituztenak ez zirela berdinak izan. Kontuan hartu behar da marea bizien garaia dela, hego haizeak batzuetan alde eta besteetan kontra egiten duela... Haiek itsaslaster biziagoa izan zutela kanporaka. Baina alde izan zutena gero kontran ere handiagoa izan zuten. Zaila da txanden arteko konparazioa egiten, eta horregatik esaten dugu behin eta berriro gurea egin behar dugula. Kanpora galdutakoa errekuperatzeak balio handia dauka, batez ere egoeragatik.

Galizian eta Santurtzin ere atzetik aurrera egin zenuten erakustaldia. Urdaibaik aurten erakutsi du hortzak estutzen badakiela, ezta?

Bai, dudarik gabe. Azken finean, taldea oso ondo dago fisikoki, eta alderdi fisiko hori erakutsi behar izan dugun bakoitzean erakutsi dugu. Baina horrek ez du beti balio izaten. Aurkariak gu bezainbeste entrenatzen dira, gu bezain indartsuak dira, eta guk egin duguna beste edozeinek egin dezake beste estropada batean. Hondarribiak edo Zierbenak erakutsi dute horretarako gai direla. Edozein taldek egin dezake erakustaldi fisiko handi bat, eta gu ez gara gutxiago. Badakigu zertarako gai garen, baina gure onena ateratzen dugunean bakarrik lortzen ditugu horrelako emaitzak.

Gainera gaur egun patroiak ohituta zaudete erreferentziekin lan egitera. Horrela izaten da asteburuero. Nolakoa da patroiaren lan hori?

Erreferentziarik ez dagoenean zure lanean zentratzea da aukera bakarra. Ez dago besterik. Dena ematen saiatu ginen, nahiz eta bagenekien kanpoko erreferentziak txarrak zirela gezurra esanda ere. Nire lana izan zen mutilei sinetsaraztea egin zitekeela,eta itzulerako luzean geneuzkan olatu gutxi horiek ahalik eta ondoen aprobetxatzea.

Hala ere, nesketan egon ziren erreferentziak, eta mutiletan ez. Behin 24 ordu pasata, zer pentsatzen duzu auziaz?

Erreferentziarik gabe gelditu ginen, baina, arazo teknikoak egon baziren, ezin dugu ezer egin. Inori ez zaio gustatzen erreferentziarik gabe gelditzea, baina, arazoak izan bazituzten, ezin da horren aurka ezer egin. Ez diogu buelta gehiagorik eman nahi.

Segundo bat daukazue zuen alde, eta bost ontzi zaudete zazpi segundo eskaseko tarte batean. Bandera nahi duenak estropada irabazi beharko duela uste duzu?

Nik uste dut baietz. Horrelako alde txikiarekin irabazi egin beharko da. Gu behintzat horretara aterako gara. Eta berdinketarik badago, segundo bat baino gehiagoko aldea daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.