Lehiak ez du etenik Munduko 1 Formula Txapelketan. Hiru sari nagusi jokatuko dituzte hiru asteburutan jarraian: Katalunian, Austrian eta Erresuma Batuan. Guztietan ariko da lanean Gorka Narbarte (Irun, Gipuzkoa, 1988), Williams taldeko lehen mekanikari gisa.
Noiz hartu zenuen kanpora joateko erabakia?
2006an. Irun utzi nuenean kanpoan nintzen jada. Beti kanpoan izan naiz. Orain Bartzelonan bizi naiz, Montmeloko zirkuitutik motorrez 10-15 minutura. Marussian kontratua eskaini zidatenean, Ingalaterrara joan behar nuela esan zidaten, eta ezetz esan nien. Katalunian eta Irunen bizitzea ez da kanpoan bezala. Janaria, klima, jendea... Alemanian nekatzen hasia nintzen. Williamsen lan egiteko nire baldintza bakarra zen hemen bizitzea. Beraz, Bartzelonan bizi naiz, aireportutik 30 minutura. 4 urteko haur txiki bat dut. Hemen bizitzea askoz ere hobea da.
Williamseko lehen mekanikaria zara. Zein da zure lana?
Taldean, bi garajeen artean eta Ingalaterran dugun jendearekin, bigarren mailako 30 mekanikari ditugu. Lehen mailako bi daude: batek auto bat darama, eta besteak, bestea. Nik Alex Albon gidariaren autoa egiten dut. Nire ardura da nire bigarren mailako mekanikariak eta sail desberdinetako tekniko guztiak antolatzea. Oso garrantzitsua da beti hiru, lau edo bost aste aurrerago pentsatzea. Hainbeste jenderekin arituta, jende guztia zure aurretik jarri behar duzu.
Inguru global honetan, toki guztietako jendea zaudete. Munduaren mugak desagertu egiten dira?
Ez. Egia da jende asko gabiltzala Williamsen bertan: japoniarrak, italiarrak... Baina oso mundu ingelesa da. Urte asko daramatzate 1 Formulan, eta errotuta dago. Ez da erraza zure tokia aurkitzea kanpotik etorri bazara. Nongoa naizen galdetzen didatenean, euskalduna naizela erantzuten diet. Ulertzen dute pixka bat kanpokoa zarela, baina gutxiengoa gara. Urte asko daramatzat ingelesez egiten, baina badituzu desberdintasunak. Eta orduan distantzia bat duzu. Talde guztientzat beren lehen mekanikaria bertakoa da. Ni naiz kanpotar bakarra. Zaila izan da hona iristea.
Besteek baino zailtasun gehiago izan dituzu 1 Formulara iristeko?
Gauzak erraz ez dituzu inoiz aurkituko. 1 Formulara iritsi bazara, zure gauzak oso ondo egin dituzulako da, eta kanpokoa bazara, agian, hobeto egin dituzulako. Kanpokoa baldin bazara, zailagoa da tokia aurkitzea.
«Nire ardura da nire bigarren mailako mekanikariak eta sail desberdinetako tekniko guztiak antolatzea»
Hemendik hamar urte barru non egon nahiko zenuke?
Espero dut etxean pixka bat gehiago egotea. 1 Formula asko aldatzen ari da. Ikusi beharko da nire onerako aldatzen den ala ez. Gure lana oso teknikoa da, eta ez dago talde laguntzailerik. Lasterketen tartean Ingalaterrara joan behar dugu, egoitza nagusian lan egitera. Baina ezin diot eskatu familiari hara mugitzeko, haiek han bakarrik berrehun egun egoteko.
Familiari garrantzi handia ematen diozu.
Bai, noski, familia osoari. Azken finean, hau lana da. Jende askok pentsatzen du oso bereziak garela 1 Formulan ari garelako. Baina ez diogu gauza on askorik egiten munduari. Gasolina erretzen dugu, pneumatiko pila, gure taldeak 27 kamioi ditu hemen, gure karbono aztarna izugarria da. Niretzat mundu polita da, automobil lasterketak nire pasioa izan dira beti, baina gu ez gara medikuak, irakasleak... ez gara jende ona mundu honentzat.
Liberty Mediak hartu duenetik 1 Formula eraldatzen ari da. Hartu duen bidea gustuko duzu?
Libertyk hartu zuenetik asko aldatu da, eta ulergarria da alde batetik. 1 Formulak planetan bere lekua aurkitu du jende askoren artean. Lehen, bereziki etxeko aitak ikusten zuen, ez familiako gainerakoek. Netflix sartu zen, eta beste publikora iritsi da. Alde ona eta txarra du. Lehen, 1 Formulako jarraitzaile guztiek bazituzten ezagutza tekniko batzuk. Orain, ordea, bada jendea Instagrameko argazkia bakarrik nahi duena. Ez dakite zer motor dituzten, trakzioa aurrean edo atzean duten... ez dute ideiarik.
Mugikortasuna aldatzen ari da: elektrikoa, hibridoa, hidrogeno pila... Zure postutik nola ikusten duzu etorkizuna?
Nire ustez, mundu elektrikoak ez du funtzionatuko. Bateriak lortzeko asko kutsatzen dugu, eta ezin dira asko birziklatu. Ez dut uste elektrizitatea egokia izango denik guztientzat. Hidrogenoa bai, askoz gutxiago kutsatzen du, motorrak egiteko errazak dira.
«Askok pentsatzen dute oso bereziak garela 1 Formulan ari garelako. Baina ez diogu gauza on askorik egiten munduari»
Zer erakutsi dizu 1 Formulak?
Asko. Jende on askorekin lan egiten duzu. Espezialitate desberdinak ikusten dituzu bere forma onenetan. Zeure burua beti irekia izaten erakusten dizu, pentsatzen duzulako halako detaileek ez dutela garrantzirik, eta garrantzi handia dute. Oraindik ikasteko asko dagoela erakusten dizu, eta hori polita da. Mundu oso lehiakorra da, eta gauza txarrak ere erakusten dizkizu. Inbidia handia ere ikusten dut, eta horrek jende guztiarentzat kaltea eragiten du.
Zer ematen diozu zuk 1 Formulari?
Arduratsua naiz, eta arduratsua bazara, zure lana ongi egingo duzu, beti. Arduratsua niretzat hitz garrantzitsua da. Horrez gain, dinamikoa naiz. Asko gustatzen zait beste pertsonengandik ikastea. Pasioa ere dut, noski. Williams ez dago postu on batean, baina pasioa jartzen badiozu, jendea motibatu dezakezu. Irtenbideak topatu zalea naiz, arazoren bat badut beti irtenbidea aurkitu nahi diot. Hori ez da ona batzuetan, konponbidea aurkitu ezin badut, etsigarria baita.
Erantzukizunak exijentzia eragiten du. Loa kentzen dizu lanak? Zer moduz egiten duzu lo?
Oso ondo. Ez zait asko kostatzen. Urte dezente daramatzat dagoeneko, eta neure burua hemen, pistan, uzten dut. Nire lana lana da, eta etxean aita izan nahi dut, nire formarik onenean.
Ez bazina 1 Formulan ariko, non ariko zinateke?
Lehen pentsatzen nuen autoen munduan lan egitea, Bartzelonan. Ez nuke Espainiako 2 Formulako talde batean lan egiten amaitu nahi, beti 1 Formularekin alderaketa egiten amaituko nukeelako. Gustuko dut nire ahalmenen barnean jendea egoki antolatzea, eta enpresa bat eraginkorragoa egitea, zerbait desberdina egiten. Egokiena arloz guztiz aldatzea litzateke. Lan berdinean ari bazara gauza bera egiten, jende berberaz inguratua, ez zara pertsona gisa haziko, ezta profesional bezala ere.
Zer izan da egin duzun aipagarriena?
Lan hau oso ona da mundua ikusteko. Jende asko toki onetara joaten da, baina niretzat 1 Formula ere oso ona da toki txarrenetara joateko. Adibidez, Sao Paolora [Brasil] joaten naizenean, han ezagunak ditut. Ez dut ez sakelakorik, ez erlojurik eramaten. Bi sandalia hartu, eta favelak bisitatzera goaz jende ezagunarekin. Eta zer mundu dagoen ikusten duzu. 1 Formularen burbuilatik atera behar duzu mundua ikusteko.