Fernando Garcia Makuak kolpe gogorra jaso du Athleticeko presidente izateko bidean, Bizkaiko Auzitegi Probintzialak inputatu egin baitu Iurbenor auzian, Jabyer Fernandez Afer Taldeko lehendakariarekin batera. Garcia Makuak, hala ere, ez du atzera egiteko asmorik, eta Ibaiganeko besaulkira iristeko lehian jarraitzeari eusten dio. «Honek ez du eraginik egiten ari garen lanean, eta aurrera egingo dugu gure proiektuarekin, egitasmo sendoa baita. Uste dut Athleticeko bazkidea oso jakintsua dela, eta badakiela egoerak irakurtzen. Proiektu sendo bat egoteak axola dio benetan», aitortu zuen atzo Athleticeko lehendakarigaiak, Bizkaiko Auzitegi Probintzialak hartutako erabakiaren berri izan ondoren emandako prentsaurrekoan.
Garcia Makua «lasai» dago, eta «indar askorekin». Hala ere, ez du ezkutatu ez zuela espero horrelakorik. Are gehiago, atzoko agerraldian ulertzera eman zuen gertatutakoak harremana izan dezakeela Athleticeko presidente izateko asmoarekin. «Kanpaina gogorra espero nuen, baina honaino iristea...», esan zuen.
Delitu fiskalean kolaboratzaile
Iurbenor sustatzaileak BBK eta La Caixarekin 2009ko urtarrilean sinatutako akordioan dago auziaren jatorria; orduan, zor handiak zituen Iurbenorrek —Afer Taldearen adarra da; erdia Iurbentiarena, babes ofizialeko etxebizitza kooperatibak kudeatzeko konpainiarena, eta beste erdia Fonorterena, Afer Taldearen eraikuntza enpresarena—, eta Barakaldon (Bizkaia) 2.000 etxe eraikitzeko proiektua salbatu zuen itunak.
Operazio horren ondorioz, kutxek 235.000 metro koadroko lur eremua bereganatu zuten Barakaldon, eta trukean 359 milioi euro jaso zituen Iurbenorrek. Diru gehiena, 297 milioi euro, zorra kitatzeko erabili zuen konpainiak; gainerako 62 milioi euroetatik 43 ordaindu behar zizkion Bizkaiko Aldundiko Ogasunari, lurren salmentaren BEZ gisara. Diru hori, baina, enpresaren kontuetatik desagertu zen hilabete batzuk geroago. Fernandezek Iurbentiako akziodunei azaldu zienez, Fonortera eta Habidite proiektura mugitu zuen diru hori. Iurbentiako zazpi kontseilari ohik Fernandez salatu zuten orduan, «sozietate delitua» egotzita. Salatzaileen artean Garcia Makua zegoen, Afer Taldearen aholkulari fiskal lanetan aritutakoa. Ez da Garcia Makuaren eta Fernandezen arteko harreman bakarra. Afer Taldeko presidentea Athleticeko lehendakariorde izan zen 2003an, eta 2007an Garcia Makuaren hauteskunde kanpaina diruz lagundu zuen, eta klubeko zuzendaritza batzordearen abal emailea izan zen.
Bizkaiko Auzitegiak ustez dirua desbideratzea —Bizkaiko Aldundiko Ogasunari ordaindu beharreko 43 milioi euroak— eta delitu fiskala egitea leporatzen dio Fernandezi. Garcia Makuari, berriz, delitu fiskalean ustez laguntzaile izatea egozten dio. Javier Muguruza presidentegaiaren abokatuak atzo azaldu zuenez, Fiskaltzak ez zuen helegitea aurkeztu Iurbenor auzia itxi ez zedin. Bizkaiko Aldundiko Ogasunak, aldiz, helegitea aurkeztu zuen, baina, Muguruzaren arabera, Fernandezek ustez delitu bat egin zuelako egin zuen, «eta inolaz ereez» Garcia Makuak deliturik egin zuelako. Hain zuzen ere, Bizkaiko Auzitegi Probintzialak onartu duen helegitea «oso arrarotzat» jo zuen Garcia Makuaren abokatuak, eta gaineratu haren atzetik Fernandezen bi langile ohi daudela. Halaber, Muguruzak azpimarratu zuenez, ustezko delitua gertatu zenean, Garcia Makuak urtebete baino gehiago zeraman Alfer Taldearen aholkulari fiskal lanak utzita.
Horregatik, «baikor» da azken lau urteetan Athleticeko presidente izandakoa. «Ez dago aukera txikiena ere niri inolako ardurarik leporatzeko». Ikusteko dago orain gertatutakoak kalte egiten dion edo ez. Mesederik ez dio egingo, ziur.
«Kanpaina gogorra espero nuen, baina honaino iristea...»
Garcia Makua inputatu dute 'Iurbenor auzian', baina hautagaiak esan du presidente izateko asmoari eusten diola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu