Quique Dominguez. Helvetia Anaitasunako entrenatzailea

«Kalte handia egiten ari zaio eskubaloiari»

Quique Dominguezen arabera, Espainiako Eskubaloi Federazioak eta Asobalek «itsu-itsuan» egin zuten aurrera udan, lehiaketa sistemari eutsita, eta orain, «errealitatearekin» egin dute «talka».

MARTA CONTIN.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Quique Dominguezek (Pontevedra, Galizia, 1969) lehen sasoia du Helvetia Anaitasunako entrenatzaile lanetan. «Oso gustura» ari da, baina «pena» du osasun egoerak ez uztea nahi bezala gozatzen.

Atzeratutako partida jokatuko duzue gaur Villa de Arandaren pistan (19:30). Atzeratutakoa izatea ohikoa da jada.

Zoritxarrez, bai. Makina bat partida ari dira atzeratzen, eta lehiaketa etengabe ari da eteten. Horri egokitzen aritu behar dugu, partida iristen denerako prest egoteko. Neurketa asko jokatu beharko ditugu ia prestaketarik egin gabe, baina hauxe daukagu. Gogoz gaude bihar jokatzeko [gaur]. Plaza zaila da.

90 partidetatik 36 atzeratu dira: %40. Asko da hori.

Izugarria da. Horregatik, sailkapena ez da erreala: talde batzuek zortzi partida jokatu dituzte, eta beste batzuek, lauzpabost. Guretzat zaila baldin bada liga jarraitzea, zer esanik ez eskubaloizalearentzat. Baina egunerokoaren isla da: dena da ezberdina, arraroa eta zaila. Beraz, egoera honetara ondoen egokitzen direnek bide asko izango dute ibilia.

Jakina zen ezohiko sasoia izango zela, baina halakorik espero al zenuten?

Ez. Ez dakigu zergatik eskubaloian ari den horrenbeste jende kutsatzen, eta horren ondorioz dena hankaz gora geratzen. Beste kiroletan ez da gertatzen ari halakorik. Maila apalago batean, baina bagenekin gerta zitekeela, eta, horregatik, jokalariek eta entrenatzaileok lehiaketa eredua aldatzea proposatu genuen, eta horretarako aukera ezberdinak eskaini. Arriskua zuten, baina aukera emango zuten partida gutxiago jokatzeko. Baina erabakiak hartu behar zituztenek, Espainiako Federazioak eta Asobalek, liga erregularraren ereduari eutsi zioten, nahiz eta bazekiten oso zaila izango zela 34 jardunaldi jokatzea. Itsu-itsuan egin zuten aurrera, eta orain, errealitatearekin egin dugu talka: oso zaila ari da izaten lehiaketa aurrera eramatea.

Hori kaltea ari zaio egiten eskubaloiari?

Errematea da. Honek guztiak ez dio ezertan laguntzen eskubaloiari. Aitzitik, kalte handia ari zaio egiten. Ez da ona gure kirola saltzeko, jendea erakartzeko eta zaleek liga segitzeko. Balioa kentzen ari zaio produktuari, lehiari, eta egoera zailean jarri gaitu protagonista guztiak: klubak, jokalariak, entrenatzaileak eta zaleak.

Neurri batzuk hartu dituzte jada: adibidez, partidak aurreratzea. Ados zaude horrekin?

Bai. Beste aukerak eta irtenbideak bilatzeko garaia da. Zaila dirudi lehen itzulia amaitzea Eguberriak iritsi aurretik. Ahal dugun guztia egin behar dugu sailkapena taldeek pistan egindakoaren isla izan dadin, eta ez egotea kanpoko egoera horien guztien mende.

Uste duzu 34 jardunaldi jokatuko direla?

Ez dut uste; ez, behintzat, egungo lehiaketa sistemari eutsita. Makina bat atzerapen eta etenaldi ari dira izaten, eta, osasun adituek diotenez, birusaren bigarren eta hirugarren oldarraldiak are eta bortitzagoak izango dira, eta eraginak eta ondorioak are eta handiagoak. Ez naiz baikor 34 jardunaldi jokatzeko aukeraz.

Talde batzuek egoera nahasi hau aprobetxatzeko tentazioaz ohartarazi duzu. Zergatik diozu hori?

Uste dut tentazioa egongo dela, eta nik diodana da lotsagarria litzatekeela hori erabiltzea. Ez diot inori ezer leporatzen, baina horretaz ohartarazi nahi dut, kontuan hartuta zenbait protokolo ez direla erabat argiak eta zehatzak. Egoera oso larria da, eta makina bat pertsona ari dira kutsatzen eta hiltzen, eta guk kirol arloan garbi eta zintzo jokatu behar dugu. Espero dut kirolak berriro balioak eta joko garbia erakustea, eta ez sartzea lokatzetan.

Protokoloak erabat argiak eta zehatzak ez direla diozu. Zer falta zaie?

Kutsatzeak daudenean klub guztiok jakitea zehatz-mehatz nola jokatu: jokalari batek positibo ematen duenean, bakartuta dagoenean... Kirol arloa administrazioen edo autonomia erkidegoen esparruarekin nahasten ari da, eta, horren ondorioz, egoera berberaren aurrean jokabide ezberdinak ari dira izaten. Horrek guztiak argiago egon beharko luke: hau gertatuz gero, hau egin beharko litzateke; beste hori gertatuz gero, beste hori... Beti ahal dira gertatu pentsatu edo aurreikusi ez diren egoerak, baina ohikoenak direnak, positiboenak eta bakartzeenak, bai egon beharko lirateke argiago eta zehatzago azalduta, guk garbi izateko zer egin behar den eta zer ez.

Oraingoz, zortea izan duzue. Taldeko inork ez du positibo eman. Baina ingurua ikusita, jabetzen zarete edozein momentutan gerta daitekeela?

Hori erabat barneratua dugu. Oraingoz, zortea izan dugu, kide bakar bat ere ez baita kutsatu, baina badakigu ez gaudela salbu: entrenatu egiten gara, jokatu, bidaiatu, bizi... edozein momentutan kutsa gaitezke.

Eta zer moduz egoera honetan?

Beti dago egoera hobeto edo okerrago eramaten dutenak. Gu baikor izaten saiatzen gara, beti aurrera begiratuz, egunerokoa bizituz eta etortzen denari helduz. Egoerara egokitzen ahalegintzen ari gara; adibidez, partida batean atzerapenagatik prestaketa aldatu behar badugu, alde onari erreparatzen diogu, eta pentsatu denbora gehiago dugula hurrengo neurketa prestatzeko. Taldea etengabe hobetuz joan dadila nahi dugu, etenaldiek ahal den eragin txikiena izan dezatela eta norgehiagoketara ahal den sasoirik onenean irits gaitezela. Horrela ari gara jokatzen egoera honen aurrean.

Egoera eragina izaten ari da taldean?

Niri gustatuko litzaidake astero jokatzea, inolako etenik gabe. Adibidez, Benidormen, Cisneren eta Guadalajararen aurkako partidetan emaitza onak lortu genituen [bat irabazi zuten, eta bi berdindu], eta gero, beste eten bat sufritu genuen, eta bueltan, galdu egin genuen etxean Puente Genilen kontra. Errua ez da etenarena, baina gustatuko litzaiguke eten hori eduki ez izana, ondo ari ginelako, konfiantzaz. Hala ere, bide onean dago taldea. Erabat barneratua dute ezohiko sasoia izango dela, eten askokoa, eta beti egon behar dela prest jokatzeko.

Ikuslerik gabe aritzea «kaka zaharra» dela esan duzu. Horrenbesterako al da?

Izugarri sumatzen dugu haien falta. Puente Genilen aurka aritu ginen lehen aldiz ikuslerik gabe, eta oso desatsegina izan zen. Ea laster bueltan ditugun.

Pozik zaude orain arte taldeak egindako lanarekin?

Bai, baina oraindik asko dugu hobetzeko. Hala ere, ari gara. Talde hau asko haz daiteke oraindik.

Talde gaztea duzu esku artean. Horrek badu zerikusirik?

Bai. Talde gaztea dugu, eta, gainera, aldaketa asko izan dira. Pazientzia izan behar da. Buruarekin baino gehiago, bihotzarekin jokatzen dute. Patxada pixka bat falta zaie, baina hori denborarekin iritsiko da. Gainera, bihotzarekin jokatzen duena barkatuta dago aurretik. Denok ikasi behar dugu gure hutsetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.