Aurtengo Italiako Giroa izan da, ezbairik gabe, Chris Froomek (Sky) orain arte lortu duen itzuli handirik ikusgarriena. Frantziako Tourrean nagusitasunez gailendu izan da, Sky taldearen ahalaz profitatuz. Ez da zirrara handirik izan Frantziako lasterketa irabazi duen lau aldietan; lehen bietan, nagusi izan zen aldapa gora Mont Ventouxen eta San Martingo Harrian emandako erakustaldiak dira horren adibide, eta azken bietan, errentak maisuki kudeatu ditu. Iazko Espainiako Vuelta ere izaera kalkulatzailea erakutsita irabazi zuen. Hala, garaipen zerrenda ederra osatua zen, baina txirrindulari hotzegia zen zale askorentzat; kalkulagailua eta potentziometroa une oro piztuta zituen robot bat. Haatik, aurreiritzi horiek ezerezean utzi ditu aurtengo Italiako Giroan. Izan ere, modu epikoan irabazi du maglia arrosa, lasterketa bukatzeko hiru egun falta zirela ahalegin suizida bat eginda.
Txirrindularitzari gorazarre egin zion Froomek Bardonecchian bukatu zen etapan, azken urteetako bakarkako erakustaldirik handienarekin. Lidergoa urrun zuen, Giroaren lehen bi asteetan gozakaitz aritu ondotik. Kasik pentsaezina zen Skyko liderrak Simon Yates (Mitchelton) eta Tom Dumoulin (Sunweb) azpiratu ahal izatea. Bada, kalkuluez ahaztu, bihotzari jaramon egin, eta helmugatik 80 kilometrora jo zuen, Finestre mendatean. Une hartan inork ez zuen txakur txikirik emango Froomeren alde, baina, azkenean, balentria gauzatu zuen txirrindulari britainiarrak: Sestriere eta Jafferau mendateak bakarrik igo, etapa irabazi, eta Giroa irauli zuen. Biharamunean arazorik gabe eutsi zion Dumoulinekiko zuen 40 segundoko errentari Cervinian, eta herenegun berretsi eta ospatu zuen garaipena, Erroman.
Mugarria Zoncolanen egon zen, hamalaugarren etapan. Ordura arte, Giro oso makala ari zen egiten. Ez zuen maila eman lehen egunean, Jerusalemgo erlojupeko laburrean —37 segundo galdu zituen Dumoulinekiko—, eta hortik aurrera, faborito nagusiak baino koska bat beherago izan zen bukaera malkartsua zuten etapa gehienetan. Erreferentzia gisa Dumoulin hartuta, hamazazpi segundo galdu zituen Caltagironen, laugarren etapan; 50 segundo Gran Sasson, bederatzigarren egunean; eta 38 segundo Ossimon, 11. etapan. Alabaina, joera horri buelta eman zion Zoncolanen gora. Bertan, hankek nahi bezala erantzun zioten, Giroan aurrenekoz. Gorputzaldia etapa irabazteko baliatu zuen, baita aurkariekin zuen aldea murrizteko ere. Dumoulini, esaterako, 37 segundo urratu zizkion.
Iraultzari forma ematen hasi zen Froome, baina Bardonecchiako etapa epikoaren aurretik, beste kolpe bat jaso behar izan zuen, Sappadarako bidean, hamabosgarren etapan. Bezperako ahalegina ordaindu, eta Yates liderra baino 1.32 beranduago helmugaratu zen; Dumoulinekiko, aldiz, 51 segundo galdu zituen. Gauzak hala, astearteko erlojupeko luzearen ondotik, maglia arrosa lortzeko aukera gutxirekin heldu zen azken hiru etapa menditsuetara. Yates 3.50era zuen, eta Dumoulin, 2.54ra. Lasterketa lehertu besterik ez zitzaion gelditzen. Bada, Prato Nevoson erasorako prest zela erakutsi zuen, eta hurrengo egunean, ziklismoaren historiara pasatuko den balentria lortu. Cyborg-ak bere alderik kartsuena aterata irabazi du Giroa.
UCIren epaiaren zain
Britainiarrak aurrenekoz irabazi du Giroa, bertara lider gisa joan den lehen aldian. Hala, dagoeneko sei itzuli handi ditu irabazita, Alberto Contadorrek, Miguel Indurainek eta Fausto Coppik baino bat gutxiago. Urrutiago ditu Jacques Anquetil, zortzirekin, Bernard Hinault hamarrekin, eta Eddy Merckx 11rekin. Azken bi horiek ziren hiru itzuli handiak erreskadan irabazitako bakarrak, eta orain Froome batu zaie. Lorturikoaren balioaz jakitun da britainiarra: «Txirrindulari ororen ametsa da etxean hiru itzuli handietako maillotak edukitzea. Sentipen ikaragarria da, eta datozen egunetan barneratuko dut».
Hala ere, ez da ahaztu behar balizko zigorraren mehatxupean dela. Neurriz kanpoko salbutamol kopurua antzeman zioten iaz Vueltako dopin kontrol batean, eta UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren epaiaren zain dago. Zigorraren ondorioak ez lirateke samurrak izango: kendu egingo liokete Vuelta, Girokoa seguruenik ere bai, eta ezingo luke Tourrean parte hartu.
Italiako Giroa. Chris Froome
Kalkuluez ahaztu da
Ausardiaren bideari helduta irabazi du Chris Froomek bere lehen Italiako Giroa. Hala, jarraian eskuratu ditu hiru itzuli handiak, beren garaian Eddy Merckxek eta Bernard Hinaultek egin bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu