Formigal gaina ikusten zen atzo Calpeko itsasbazterretik. 2.37 minutu. Joan den igandean triskantza eragin zuen Nairo Quintanak (Movistar) Sabiñanigotik abiatu berritan, eta, taldekideen babesik gabe, Espainiako Vuelta irabazteko aukerarik gabe utzi zuen Chris Froome (Sky)... Edo ez. Azken unera arte estutzeko borondatea erakutsi zuelako atzo britainiarrak, Xabia eta Calp arteko 37 kilometroko erlojupekoan. Kolonbiarrari 2.16 minuturen aldea aterata, tentsio pixka bat eragin du Skyko taldeburuak. 193,2 kilometro eta bost mendaterekin, min egiteko nahikoa tarte badago gaur Benidorm eta Aitana artean, eta 3.37 minuturen aldearekin ezinezkoa zirudienak samurragoa dirudi orain 1.21ekin.
Kalkuluak egiten ari da, oraindik ere, Espainiako Vuelta, eta ikuskizunaren seinale da hori. Txirrindulari askoren interesek bat egingo dute gaur, eta leherketa polita eragin dezake Vueltako azken-aurreko etapak. Hasi eta bukatu oso erlojupeko ona egin zuen Froomek, eta gehienek uste baino alde handiagoa atera zion lasterketa irabazteko faborito nagusiari: Quintanari. 46 segundo lehen erreferentzia puntuan, 12,5. kilometroan; 1.33 bigarrenean, 24,3. kilometroan; eta 2.16 helmugan. 46, 47 eta 43 segundo, hurrenez hurren. Oso saio erregularra egin zuten biek, baina bakarreko lanean dinamita daukala berretsi zuen britainiarrak.
Aurretik, Jonathan Castroviejok lortu zuen denborarik onena erreferentzia guztietan. Haizeari ihesean, 11. minuturako pasatu zuen minutu bat lehenago abiatu zen txirrindularia, Jose Joaquin Rojas taldekidea, eta 15. minuturako bi minutu lehenago abiatu zena, Maxime Bouet (Etixx). Orduko 46,7 kilometroko batez bestekoa eginda, getxoztarrak 40 segundoan ondu zuen ordura arteko denborarik onena, Tobias Ludvigssonena (Giant). Baina etsitzea zer den txirrindulari puska falta zen artean lanean hasteko.
Quintana-Froome lehia batetik, eta Esteban Chaves (Orica)-Alberto Contador (Tinkoff) bestetik. Garaipena eta podiuma zeuden jokoan erlojupekoan, eta bi kolonbiarrek asko sufritu zuten ibilbidean. 12,5. kilometrorako, Chaves baino 49 segundo biziago zihoan Contador, eta espainiarra podiumeko hirugarren koska sendotuz joan zen helmugara bitartean —Froomek harrapatu berritan, saiatu zen Chaves haren gurpilari eusten, baina berehala ihes egin zion—. 1.16 atera zion azkenerako, eta orain 1.11 minuturen aldea dauka Tinkoffekoak bere alde. Galtzaileen artean sartu beharrekoa da Oricako bikoa, Chavesi gertatu zitzaion bezala sailkapenean postu bat atzera egin zuelako Simon Yatesek ere. Saio eskasa egin zuen britainiarrak, eta Quintanarengandik 7.32ra ekingo dio gaurko etapari, Andrew Talansky (Cannondale) hogei segundo aurretik duela.
Sailkapeneko hamar onenen arteko lehian, oso erlojupeko ona egiten ari zen Samuel Sanchez (BMC). Denborarik onenetan bederatzigarrenarekin zihoan 24,3. kilometroan, Froomerengandik 1.28ra, baina eroriko larria izan zuen azken zatian, eta negar batean helmugaratu zen, 6.29 minutu galduta. Espainiarrak 12. posturaino atzera egin du sailkapenean —erorikorik gabe 7. amaituko zukeen sailkapen nagusian—, baina ikusi egin beharko da Benidorm eta Aitana arteko etapari ekiteko moduan dagoen edo ez. Ospitalera eraman zuten zuzenean, eta litekeena da lepauztaia hautsita edukitzea. Euskal herritarrei dagokienez, Haimar Zubeldia izan zen onena erlojupekoan, Froomerengandik 3.49ra, eta usurbildarra bera dago ondoen kokatuta sailkapen nagusian: 21. postuan, 32.06ra.
Aitana, oso igoera luzea
Quintanaren eta Froomeren arteko aldea 1.21era murriztuta, estrategia jokorako oso aproposa da gaurko etapa, azken-aurrekoa. Bigarren mailako lau mendate igo beharko dituzte lehenengo, Rates (13 km, eta %3), Vall de Ebo (8 km, %5,4), Tollos (4,1 km, %5,9) eta Tudons (7,1 km, %5,3). Eta Aitana maila berezikoan izango da faboritoen arteko azken zalaparta. 21 kilometro dauzka bueltako azken igoerak, eta %5,9koa da batez besteko aldapa. Hori bai, %13,3ko tarte bat igarota, %7,5 ingurukoa da batez bestekoa azken zazpi kilometroetan. Zeresan handia izango du taldeen lanak.
Kalkuluak egiten oraindik ere
Erlojupeko zoragarria eginda, Chris Froomek asko estutu du Espainiako Vueltako sailkapen nagusia. Nairo Quintanak 1.21era dauka britainiarra, eta 3.43ra Alberto Contador
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu