Mallorca 0-2 Reala

Kalitateak ondutako garaipena

Realak irabazi egin du Son Moixen, Silvaren eta Merinoren golei esker. Txuri-urdinak Europako postuetara itzuli dira, eta puntu bakarrera dute Txapeldunen Liga.

Realeko jokalariak, David Silvak egindako gola ospatzen. Neurketa ona jokatu zuen erdilariak. CATI CLADERA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko martxoaren 2a
22:54
Entzun

Realak bost partida egin ditu etxetik kanpo irabazi gabe, baina Anoetatik urrun lortutako garaipenen bidera itzuli da Mallorcan irabazita. Talde txuri-urdina aise gailendu da, eta Europako postuetan da berriz ere. Seigarren postuan kokatu da, eta puntu bakarrera du Txapeldunen Liga.

Donostiarrek kalitatearen izenean irabazi dute. Maila handieneko jokalariek aise jokatzen dutenean igarri egiten du taldeak, eta hori gertatu da Son Moixen. David Silvak eta Mikel Merinok beren magiaren lorratza utzi dute Mallorcako soropilean; espainiarrak egin du lehen gola, 35. minutuan. Sasoi honetan lortu duen lehendabizikoa izan da. Nafarrak egin du bigarrena, 62. minutuan.

Hain justu, biak izan dira lehen goleko protagonistak. Silvak Merinorekin jokaldi bikaina antolatu, eta bukaera are hobea eman dio. Silvak hiru laurdenen eremuan jaso du baloia; lehendabizi, etxeko atzelariak herrestatuz Merinorekin jokatu du, eta erdilari nafarrak lerro arteko pase bikain batekin itzuli dio baloia, ordurako aterantz egin duen Silvari. Espainiarraren errematea kategorikoa izan da, gola eginez. Realeko bi jokalariek beren trebezia erakutsi dute jokaldi horretan.

Aurrez, Realak ohiko sendotasuna erakutsi du defentsan. Estutasun gutxi igaro ditu, nahiz eta, egiari zor, Mallorcak bizi ekin dion neurketari. Herrialde Katalanetako taldeak sarri egin du bisitarien atera, baina Imanol Alguacilen taldeak ondo eutsi die etxekoen saialdiei, eta minutuek aurrera erosoago aritu da, markagailuan aurrea hartuz. Atsedenaldira artean aise aritu dira donostiarrak.

Bigarrenean, tankeran

Reala emaitza on batekin joan da atsedenaldira. Handik itzultzerakoan ere gidoi berari eustea izan du xede. Lortu du, eta hala lotu du garaipena. Mallorcak suspertuta ekin dio bigarren zatiari ere, markagailua irauli beharra zuenaren jakitun, eta Take Kubok eduki du neurketa orekatzeko abagunea. Ez du probestu, ordea, eta Realak norgehiagokaren gidaritza hartu du beste behin.

Txuri-urdinek agudo egin dute lasaitasunaren gola; gutxika Mallorcaren areara egin dute, eta haietako jokaldi batean, aldeko kornerra adierazi du epaileak. Merinok buruz errematatu ostean, Raillok aldendu eta berriz ere erdilariari heldu zaio baloia, eta bigarrenean ez du barkatu. Huts eta bikoa egin, eta neurketa bideratu du.

Hortik aurrera, patxadan aritu da Reala. Imanolek minutuak banatu, eta ezohiko futbolariek zelairatu ditu: Nais Djouhara, Alex Sola edo Asier Illarramendi, esaterako. Mutrikuarrak joan zen igandeko itzulerari beste minutu batzuk gehitu dizkio, lehiaketako erritmoa berreskuratzeko saiakeran.

Haiek zelaian zirela, Realak bigarren garaipena eskuratu du segidan. Erosotasunez lortu ere, azken minutuetako baloi jabetza luzeek baieztaten dutenez. Hiru puntuak batu, eta halaxe itzuli da Europako postuetara. Ligan soilik ari denetik jokoan izandako sei puntuak poltsikoratu dituzte txuri-urdinek, berriz ere txapelketa kontinentalerako sailkatzeko ahaleginean aurkari zuzenen erritmoari eutsiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.