Real Madril 3-2 Reala

Kalera, baina ondo lehiatuta

Espainiako Superkopako finalerdietan ausart aurre egin dio Realak Real Madril ahaltsuari, baina azkenean ez du lortu partida iraultzea: 3-2 bukatu da. Amaiurrek sartu ditu txuri-urdinen bi golak.

Amaiur Sarriegi, baloia eskuan, 3-2koa sartu ostean. MARISCAL / EFE
Amaiur Sarriegi, baloia eskuan, 3-2koa sartu ostean. MARISCAL / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urtarrilaren 23a
21:15
Entzun

Ilusioa: hitz hori errepikatu zuten Realeko jokalariek eta entrenatzaileak Espainiako Superkopaz mintzatzean. Eta hala egin diote aurre Real Madrilen aurkako finalerdiari, esperantzaz eta gogotsu, baina ez da nahikoa izan. Erruz saiatu da Reala, lehiakor aritu da, baina Madrilgo taldea nagusitu da azkenean: 3-2. Itxura ona eman arren, txapelketatik kanpo geratu dira txuri-urdinak.

Hirugarren aldiz jokatu du Realak Superkopa. Aurreko bietan, finalerako sailkatzea lortu zuen, 2020an Levante mendean hartuta, eta 2023an Sporting Huelva. Txapeldunorde amaitu zuen bietan, Bartzelonaren aurka galduta. Oraingoan, baina, txuri-urdinak ez dira finalerdiak gainditzeko gauza izan, eta agur esan diote titulurako lehiari.

Faborito zen Real Madril, eta hasieratik erakutsi du zergatik. Realak irabazteko aukerak izateko, funtsezkoa zera zen: atzean sendo egotea. Bada, alderantziz hasi da. Laugarren minutuan, Real Madrilek gola sartu du. Weir izan da golegilea. Ilun jarri zaio kanporaketa Realari, baina, burua makurtu beharrean, erasora jo du. Azkar jaso du saria: pare bat saiakeraren ondoren, ez du barkatu hirugarren aukeran. Nerea Eizagirrek defentsaren bizkarrera pase izugarria eman dio Amaiurri, eta atezainaren aurrean bakarrik geratu da aurrelaria; patxadaz eta maisuki ihes egin dio Misa atezainari, eta sareetara bota du baloia, banakoa jartzeko. Realak garbi izan du nondik egin eraso: eskuin hegaletik. Hara bideratu du erasoko jokoa.

Hurrengo minutuetan, partida parekatu egin da. Zelaian lekua ondo hartu dute txuri-urdinek, eta neurria hartu diote aurkariari. Baina orduantxe jaso du bigarren kolpea, abisu baten ostean. 35. minutuan bizi-bizi egin dio ihes Caicedok Izarneri, eta Letek salbatu du Reala; hurrengo jokaldian, baina, ez du barkatu Madrileko taldeak. Atzelarien artean zuloa ikusi du Caicedok, eta area barruan bakarrik zegoela ondo gurutzatu du baloia Angeldahek. Jokalari abila da Caicedo, oso trebea, eta haren oinetatik sortu dira Real Madrilen jokaldi arriskutsuenak. 

Atsedenaldiaren ostean estutu egin du Real Madrilek, lehenbailehen kanporaketa erabakita uzteko asmoz. Kanpo laguntza ere izan du ia, 52. minutuan penaltia adierazi baitu epaileak. VAR sistema erabilita, baina, baliogabetu egin du, Athenea Real Madrileko jokalariak zapaldi baitio hanka Emmari. 

Reala hortzak erakusten saiatu da, baina txuri-urdinen eraso ahalegin batean baloia berreskuratu eta abiadura biziz metroak aurrera egin ditu Caicedok; ez dute harrapatu Realeko jokalariek, eta kolonbiarrak ez du huts egin Leteren aurrean.

Lanean segitu dute txuri-urdinek, etsi gabe, eta kementsu. 80. minutuan, atezainak kornerrera urrundu du Andreiaren jaurtiketa, eta 89. minutuan epaileak ezerezean utzi du Lorena Navarrok sartutako gola, Mirarik erasoan falta egin duelakoan —erabaki eztabaidagarria izan da—. Partidaren hondarrean sartu du azkenean gola Realak, buruz, 95. minutuan; Amaiur izan da berriro protagonista. Golak itxaropena eman die, eta ausart segitu dute borrokan epaileak txistua jo arte. Ez da mugitu gehiago, ordea, markagailua. Galtzeko moduak eta moduak daude, eta harro esan diote agur txuri-urdinek txapelketari.

Beste hiru lehia

Gainera, laster izango dute mendeku hartzeko aukera, Espainiako Kopako final-laurdenetan ere elkarren aurka arituko baitira. Otsailaren 13an jokatuko dute kanporaketa, partida bakarrera, Madrilen, 21:00etan. 

Ligako bi partidak ere jokatzeko dituzte: Zubietako neurketa atzeratu egin zuten haizeteengatik, eta oraindik ez dute zehaztu noiz jokatuko duten. Bigarren itzulikoa, berriz, martxo bukaeran izango da, Madrilen. Denbora gutxian, beraz, bi taldeak beste hiru aldiz arituko dira nor baino nor gehiago.

Gaur ez da posible izan, baina hurrengoetan, zergatik ez. Ilusioz zelairatuko dira, emaitza bestelakoa izango delakoan. Argi adierazi zuen Realeko entrenatzaileak: «Prest gaude horrelako partidei aurre egiteko». Gaur erakutsi dute, eta badituzte demostratzeko abagune gehiago ere.

REAL MADRIL-REALA

Real Madril. Misa; Sheila (Abelleira, 81. min), Mendez (Antonia, 81. min), Lakrar, Olga Carmona; Leupolz (Athenea, 26. min), Toletti, Angeldahl; Weir (Redondo, 75. min), Caicedo (Navarro, 81. min) eta Bruun.

Reala. Lete; Emma (Cecilia Marcos, 85. min), Nahia Aparicio, Lucia Rodriguez, Izarne (Elene Guridi, 85. min); Andreia Jacinto, Cahynova; Franssi (Lorena Navarro, 85. min), Nerea Eizagirre (Mirari, 70. min), Lucia Pardo (Intza Egiguren, 59. min) eta Amaiur Sarriegi.

Golak. 1-0: Weirrek (4. min). 1-1: Amaiur (10. min). 2-1: Angeldahlek (37. min). 3-1 Caicedok (71. min). 3-2: Amaiurrek (95. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.