Kalean hasi zen futbolean Iñigo Velez de Mendizabal. Gasteizko Aurreran, Espanyol Bn, Eibarren, Murtzian, Athleticen, Numantzian eta Xerezen jokatu zuen, baina lesioek birrindu zioten ibilaldia (lau ebakuntza ditu belaunean, eta bat pubisean). Gero, entrenatzaile hasi zen Aurreran; Aretxabaletan segitu zuen, eta Amorebieta izan du azken taldea oraingoz.
Noiz hasi zinen pentsatzen entrenatzaile izan zintezkeela?
Azkeneko denboraldian, Xerezen. Ia sasoi osoa min hartuta pasatu nuen. Carlos Rios entrenatzaileak galdetu zigun ea norbaitek nahi zuen entrenatzaile izan, eta nik baietz. Jokalari ibilbidea kolpetik bukatu zitzaidanez lesioengatik [bost ebakuntza egin dizkiote: lau belaunean eta bat pubisean], nire entrenatzaile izandakoek egiten zituzten ariketetan pentsatzen hasi nintzen, nire biltegia osatze aldera. Entrenatzaile onak izan ditut: Lucas Alcaraz, Caparros, Unzue, Gonzalo Arconada, Esteban Vigo, Clemente Murtzian... Gauzak hartuz joan naiz guztiengandik: batzuen kasuan, asko, eta beste zenbaiten kasuan, gutxiago.
Nolakoak dira zure saioak?
Motzak eta dinamikoak, ahal dela. Mendiren eskola da. Terrazasek [Carlos] ere horrela egiten zuen lan.
Nora doa futbola?
Fisikoarena ikusgarria da. Oso maila onean egon behar da, bizi eta azkar. Baloiarekin ere aldatu dira gauzak: ez da ikusten buruz buruko jokaldi asko, gehienetan espaziora jokatzen delako. Kalean ez da asko jokatzen, eta horren eraginez da. Bryan Gil bezalakoak gutxi dira. Umeak futbol eskoletan aritzen dira, eta ia dena da pasea, kontrola eta abar. Buruz burukoak ere lantzen dira, baina ez da kaleko futbola. Nire garaian, besterik ez genuen. Aitari eskatzen nion eskolara lehenago eramateko, futbolean denbora gehiagoz aritzeko. Autobusa ere galtzen nuen, jokatzen geratzeagatik.
Jokalariak irabazten du, eta entrenatzaileak galdu?
Ez zait hori gertatu. Aldaketa bat egin behar denean errazagoa da entrenatzailea kentzea. Jokalariek jokatzen dutela ahaztu gabe, baina arduradun nagusia entrenatzailea da.
Zergatik sentitzen zarete entrenatzaileak «arduradun nagusi»?
Hamaikakoa aukeratzen dugulako, jokatzeko modua erabakitzen dugulako, jokalariak ekartzen ditugulako eta abar. Lan bat egiten duzu astelehenetik larunbatera, eta partidan ez da ateratzen. Estrategia okerra izan delako, adibidez. Hori ona izan eta jokalariek landutakoa egiten ez dutenean ere izan gaitezke erantzuleak entrenatzaileak, ez ditugulako jokalariak konbentzitu egin nahi duguna egiteko. Entrenatzaileen lana ez da ariketa batzuk prestatzea. Gainera, 27 jokalari eduki ditut, eta asko dira, gehiegi.
Athleticen oso gutxi jokatu zenuen, eta horrek lagunduko dizu horrelako egoerak kudeatzen, ezta?
Bai. Badakit jokalari batek ez duela aukera asko izango jokatzeko, baina entrenatu besteak bezala egingo du. Hala ere, hori ez da nahikoa jokalari batzuentzat.
Orain gehiago kostatzen zaie onartzea ez dutela jokatuko?
Denetarik dago. Entrenatzailea lehen beste modu batekoa zen: ez zeukan hainbesteko harremanik jokalariekin. Orain, arlo guztietan eduki behar dituzu erantzunak. Entrenatzaile izatea ez da jaurtiketak lantzeko ariketa bat egin eta irabaztea.
Horregatik ditu entrenatzaileak gero eta laguntzaile gehiago?
Azkenean, 27 jokalari kudeatzea ez da erraza. Laguntzaileak behar ditu entrenatzaileak, eta denek ideia berarekin lan egitea. Egunerokoan behar dira laguntzaileak jokalariekin hitz egiteko. Jokalariren batek esan dit ez dudala harekin hitz egin, baina ezin naiz denengana iritsi. Entrenatzaile zailduek esan izan didate gero eta gutxiago hitz egiten dutela jokalariekin: entrenatzen esaten zaio jokalari bati gauza bat modu batera egiteko, eta pentsatzen du asteburuan jokatu egingo duela. Eta ez da horrela, baina esaten dizu: «Jokatu egingo nuela esan zenidan». Baina nik ez nion hori esan. Zaila da: kasu egiten bazaie, kasu egiten zaielako, eta ez bazaie egiten, ez zaielako egiten.
«Kaleko futbola galdu egin da, eta beharrezkoa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu