Josean Olaskoaga 'Aizperro'. Portugaleteko entrenatzailea

«Kale zozketa alde badugu, izan gaitezke irabazteko hautagai»

Handia egin zuen bere taldeak osteguneko sailkatze estropadan; denborarik onena lortu zuen, eta, orain, helburu nagusia beteta, ez du baztertu bandera irabazteko aukera. Indartsu itzuli da Portugalete Kontxako Banderara, 28 urtez sailkatu gabe egon eta gero.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Telefonoaren bestaldean, pertsona zoriontsu baten aldartea antzeman daiteke, haren ahotsa entzuten hasi orduko. Josean Olaskoaga Aizperro ari da hizketan, Portugaleteren entrenatzailea (Orio, Gipuzkoa, 1974). 1985etik sartu gabe zegoen Bizkaiko kluba Kontxako Banderan, eta herenegun lortu zuen. Nola, gainera, denbora onena eginez. Hirugarren urtea du taldean, eta lau urteko egitasmoaren barruan, helburuetako bat bete zuen ostegunean. Kontxa irabaztea ere asmoen artean du klubak, eta aurten izango al da? Aurkari bat baino gehiago beldurrez dardarka utzi zuen ostegunean Jarrillera-k.

Lehen postua lortzea ezustekoa izan al zen?

Sailkatzea zen helburua, eta postuaren inguruan esan behar dut edozein izan zitekeela aurrenekoa, oso tarte txikian ibili garelako talde asko. Dudarik gabe, pozik gaude aurrena izateagatik.

Aurrenekoak izan zineten bezala izan zintezketen zazpigarren.

Hori da. Lehen sailkatutik zazpigarrenera hamabi segundo egotea ez da ezer.

Traineruen arteko alde txiki horiek dira sailkatze estropadako ondoriorik deigarrienak?

Azken urteetan, berdindua izan da sailkapen estropada, baina lehen hirurak bi segundoan sartzea asko da. Eta besteak ere gertu izan ziren. Denen artean egon zen alde txikia.

Denboraldiko estropadarik onena egin al zenuten ostegunean?

Ez dakit. Lehenago ere onak egin izan ditugu; esaterako, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan. Atzokoak [herenegun] berretsi egiten du aurretik egindako lan ona. Talde hau ateratzen dugunean, eta gauzak ondo egiten ditugunean, indartsuenen parean edo inguruan ibiltzen gara.

Zergatik sailkatu da aurten Portugalete eta ez aurreko bi urteetan?

Tira, iazko urtetik aldaketa ba- tzuk dauzkagu. Taldea bera sendotu eta egonkortu egin da, konfiantza handiagoa daukagu geure buruarengan, eta pixkanaka-pixkanaka gauzak doituz joan gara. Iaz, oso denboraldi kaskarra egin genuen, gaizki hasi ginen, nahiz eta gero ondo antzera bukatu. Iazko Portugaletek eta aurtengoak ez dute zerikusirik; San Miguel ligako sailkapena begiratzea baino ez dago; aurten iaz baino askoz puntu gehiago dauzkagu.

Neguko traineru jaitsieretan ikusi zen aurten beste Portugalete bat izango zinetela. Zuek ere orduan jabetu zineten aurten hobeto ibiliko zinetela?

Bai, emaitza onak atera genituen, eta taldeak beste itxura bat ematen zuen ordurako. Badirudi asmatu dugula, eta gure helburu nagusia bete dugu: Kontxako Banderan aritzeko sailkatzea.

Bihar bigarren txanda egokitu zaizue. Aurrenekoa nahiago?

Bai, bai. Baina tokatzen dena hartu behar da. Haizea altxatzen du normalean lehen txandatik bigarrenera, eta hobea izan ohi da lehendabizikoan joatea. Baina alderantzizkoa ere gertatu izan da, eta bigarren txandan baldintza hobeak egokitu izan dira. Zain egon beharko da, eta ikusi zer gertatzen den.

Kaiku izango duzue, besteak beste, alboan txanda horretan. Txapelketetan aurten izan duzuen lehia bizia izango duzue berriz elkarren artean?

Ea gertatzen den egoera bera. Gure asmoa da estropada ona egin eta gustura geratzea. Gozatzera aterako gara, lana ahalik eta txukunen egitea da gure nahia, eta emaitza nolakoa den gero ikusiko dugu.

Helburua bete duzuela kontuan hartuta, presiorik gabe ariko zarete arraunean, eta horrek arriskutsuago bihurtzen al du Portugalete aurkariekiko?

Agian bai, baina presioa denek zuten ostegunean. Gozatu nahi dugu, sentsazio onekin atera ginen sailkatze egunetik, eta badakigu gauzak ondo egiten baditugu gerra handia emango diegula besteei. Irabazteraino ez dakit, baina borrokan sartzeko bai.

Zein da zuen helburua biharko?

Bigarren igandera bizirik heldu nahi dugu. Aurrenekoan estropada erabakita ez geratzea nahi dugu. Ez dugu ibili nahi lehen sailkatuarengandik hamabost segundora. Ahal bada, bost segundoren barruan heldu nahiko genuke bigarren igandera.

Kontxako Bandera irabazteko hautagaiak zarete?

Denok gara hautagai, sailkatutako zazpiak. Kaleen arteko aldeak eragin handiagoa izaten du Kontxan, taldeen artekoak baino, eta ea zorte ona dugun kale zozketan. Hala bada, irabazteko hautagai izan gaitezke.

Kontxarako sailkatu izanak Portugaleteren egitasmo sendo honi urte gehiagoz jarraitzeko bultzada emango al dio?

Bai. Lau urterako egitasmoa da, eta hau hirugarrena da. Helburuak betetzen ari gara: aurrenekoan San Miguel ligara igotzea zen asmoa, eta igo ginen. Iazkoan, berriz, ligan jarraitzea zen nahia, eta bete genuen, nahiz eta hobeto ibiltzeko gai izango ginela uste nuen. Aurtengo asmoak ziren ligaren erdi aldean ibiltzea, txapelketetan ondo aritzea eta Kontxan sartzea, eta denak bete ditugu. Hemendik aurrera gertatzen den guztia onerako izango da guretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.