Kanporaketak krudelak dira. Izenak berak ere aukera gutxi uzten dizkio interpretazioari. Batzuk, haiei segika aritzen dira;beste batzuk, aldiz, ihesean. Iraila iritsi, eta zortzi traineruren patua erabakiko da: mailari eustea, jaistea ala igotzea. Asteburuan jokatuko dute kanporaketa: bihar, Bermeon (Bizkaia), 17:30ean; eta etzi, Portugaleten (Bizkaia), 11:25ean.
Euskotren ligan, Galiziako bi ontziak tokia ziurtatua dutenez, seigarren sailkatuak jokatuko du kanporaketa: Hibaikak. Igoera lortzeko, berriz, ETE ligako lehen bi sailkatuak ariko dira: Kaiku eta Zumaia. Euskotren ligak Galiziako taldeekiko jarri duen sistema berriak kalte egin die euskal traineruei, baina Hibaikako arraunlariek arreta osoa arraunean bakarrik jarri nahi dute. June Mikeok (Errenteria, Gipuzkoa, 2001), adibidez, «gogo handiak» ditu astebururako. Maila goreneko plaza «borrokatu» nahi du.
Beste aldean, beheko mailatik igo nahi dutenak daude. Kasu horretan, Lapurdi. Eusko Label ligako kanporaketetan bost ontzi ariko dira bi toki lortzeko: Santurtzi, San Pedro, Lapurdi, Ares eta Bueu. Lapurdik balentria egingo luke igoz gero, eta hori lortu nahi du Antton Mattin Joseba arraunlariak (Ziburu, Lapurdi, 1996).
Abuztuaren 20an bukatu zituzten talde bakoitzari dagozkien ligak, eta geroztik daude buru-belarri kanporaketei begira. Lapurdik, adibidez, bere modura egin du prestaketa, Josebaren hitzetan. «Gonbidapena izan genuen abuztu amaieran Santoñara joateko, eta hara joan ginen taldearen erritmoa mantentzeko. Estropada irabazi genuen, eta, ondoren, Kontxako Banderako sailkatze estropada prestatu genuen. Orain, azken txanpan sartu gara». Hibaikak, berriz, denboraldian zehar eramandako joerari eutsi diola dio Mikeok. «Pozik amaitu genuen liga lortutako emaitzengatik, eta emandako mailarengatik. Azkenengo prestaket, Kontxari begira egin genuen. Orain, kanporaketak ditugu helburu».
Bi taldeetako arraunlariek esan dutenaren arabera, Kontxako Bandera oso baliagarri izan dute, kanporaketari begira. Lapurdi ez zen sailkatu, baina sailkatze estropadan, asteburuan izango dituen hainbat aurkariren maila gainditu zuen. Josebak dioenez, «oso ondo» prestatu zuten Kontxa. «Galiziako ontziekin ez genuen inoiz arraun egin; beraz, haien maila ere ezagutu nahi genuen. Aurreko urtean hemeretzigarren izan ginen, eta aurten, hamabigarren. Aurrerapauso handia eman dugu». Hibaika, ordea,aurreikuspenak beteta, Kontxan lehiatu zen. Gainera, eta ustekabean, Zumaia eta Kaiku izan ditu ondoan. Mikeorentzat «lasaitasun puntu bat» izan da bi taldeekin lehiatzea. «Beraien ondoan jarri gara, eta haien maila ikusi dugu».
Asteburu erabakigarriaren atarian, Lapurdik asko dauka irabazteko, eta, aldiz, galtzeko gutxi. «Egunero ari gara asteburuko eguraldia begiratzen, nolako baldintzak izango ditugun jakiteko. Guretzat larunbatekoa da estropadarik garrantzitsuena. Itsasoan ondo moldatzen gara». Hibaikak, aldiz, badauka zer galdu ugari. Mikeo, hala ere, baikor da taldearen egoerarekin. «Ikusita Kontxan nola geratu ginen, pozik gaude aurretik gaudela ikusita. Dena ondo ateratzea nahi dugu orain».
Datorrena datorrela, Lapurdik bere historiako arrakastarik handiena lor dezake. Hibaikak, berriz, lehengo urtean lortu zuen igoera mantendu nahi du. Josebak haien aukeretan sinesten du. «Iparraldeko ontzi bat goi mailan ikustea ametsa litzateke. 2017an hasi ginenean ez zuen inork sinesten guregan». Mikeok, ez du jaitsieran pentsatu nahi. «Gogo handiarekin gaude hau aurrera ateratzeko. Urte guztian ligan finkatzeko borrokan egon gara, eta hurrengo urtean borroka horretan jarraitu nahi dugu».
Arrauna
Kale edo bale egitea
Bermeon eta Portugaleten jokatuko diren kanporaketetan arituko dira Lapurdi eta Hibaika. Eusko Label ligarako bi toki daude jokoan, eta Euskotren ligarako bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu