Justizia poetikoa

Iniestak gola sartu du ia-ia azken jokaldian, eta Bartzelona Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu da

Igor Susaeta.
2009ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Michael Ballackek gutxigatik ez zuen Henning Ovrebo epailea aurretik eraman. Baloia jokoan zegoen, eta Chelseako erdilari alemaniarra penaltia eskatzen, exijitzen, ari zitzaion epaileari, Bartzelonaren arean hiru segundo lehenago gertatutako jokaldiagatik. Amorratuta baino gehiago, sutan zegoen Ballack. Geroxeago, behin lehia bukatuta, Didier Drogbak Ovrebo txikitu nahi zuen. Sekulakoak eta bi esan zizkion bolikostarrak, eta txartel horia ikusi zuen. Ziur zigor gogorragoa jarriko diotela hurrengo egunotan. Inpotentziak Drogba eta Ballack hori egitera bultzatu zituen. Izan ere, Chelseak Bartzelonak baino aukera gehiago eduki zituen atzo; ordua erdia jokatu zuen jokalari bat gutxiagorekin, eta 90. minutuan, 91.ean ere bai, eskura zeukan Txapeldunen Ligako finala bigarren urtez jarraian jokatzea. Baina han agertu zen Andres Iniesta. Bartzelonak, baloi jabetza berea izan arren, jaurtiketa bakarra egin zuen Cechek defendatutako atera, eta hori, Iniesta artistarena, mutil isil eta umilarena, barrura sartu zen. 92. minutua zen, eta justizia poetikoa egin zen Londresen, Stamford Bridgen. Horregatik, gol horrengatik, Bartzelonak Txapeldunen Ligako finala jokatuko du Manchester Uniteden kontra, hilaren 27an Erromako Olinpiar Estadioan.

Eta justizia poetikoa egin zelako jokatuko du. Atzo ez, atzo Bartzelonak ez zuen mundua liluratu, baina denboraldian zehar... Joko ikusgarriena, lotuena eta estetikoena egin du. Horretan ez dago zalantzarik. Mundu guztiak merituak aitortu dizkio Pep Guardiolak entrenatutako taldeari. Golak saldoka sartu dituelako; presioa behar bezala egin duelako; sakonean maisuki jokatu duelako; edo hormarena zailenak lotu dituztelako bere jokalariek. Eta futbola, bizia eta lotua baldin bada, askoz ere erakargarriagoa da zaleen begietara. Zelai batean hankekin, paseekin, korrikaldiekin, barnekaldiekin, esfortzuarekin, erremateekin eta golekin, poesia egin du Bartzelonak sasoi honetan. Horregatik egin zen justizia poetikoa: atzo hori guztia egin ez arren, poesiarik egin ez arren, denboraldiko partidarik garrantsitsuena jokatzea merezi zuelako, alegia.

Finalean egotea merezi zuen eta, Chelsearen edo Bartzelonarean zalea ez denak, baina futbola joko soil bezala maite duenak, ikuspegi estetikoa ematen dionak, horixe pentsatuko du. Baina ezin zaio Chelseari meriturik ukatu. Aspergarria dela diote, baina bere estilo bortitz, ordenatu eta ezin zorrrotzagoarekin Bartzelonari aurre egin zion atzo, orain aste bete Camp Noun bezalaxe. Modu duinean, gainera. Atzo ere, atzean sartu ziren lotsagabe, eta baloi jabetza eman zioten Bartzelonari. Ukitu eta ukitu ari zen Guardiolaren taldea, baina halako bateaan, seigarren minutuan, aldaratze bat baliatu zuen Essienek, bolea ikusgarri batekin 1-0ekoa egiteko.

Behar zuena egin zuen Guus Hiddinken taldeak di-da batean. Gero, Bartzelonari itxaron zion 20 metrotan: are handiaren eta zelai erdiaren artean, alegia. Bartzelona saiatzen ari zen. Messik, Eto'ok eta Iniestak euren posizioak ia etengabe trukatu zituzten, baina ez eurek ez Xavik ez zuten Chelseakoek eraikitako horma zulatzeko modurik aurkitu. Sakontasuna falta izan zitzaien azken unean. Gainera, zelai erdian lapurtutako baloi bakoitzean izua sortzen zuen Chelseak, baloia horiek Drogbaren edo Maloudaren hanketara iristen baldin baziren. Pique eta Toure erdikoek izugarria sufritu zuten bolikostarraren indarrarekin eta mugikortasunarekin.

Bigarren zatian erritmo gehiago sartu zion Bartzelonak neurketari, baina gauzak zaildu zitzaizkion, epaileak erabaki eztabaidagarri batean Abidal kanporatu zuenean. Bat gutxiaoreikin ere baloia maseatu zuen Bartzelonak, eta Chelsearen tartekako atzaparkadei aurre egin. Harik eta 92. minutuan Iniestak justizia poetikoa egin zuen arte.



Chelsea 1

Bartzelona 1

Chelsea. Cech; Bosingwa, Alex, Terry, Ashley Cole; Essien, Ballack; Anelka, Lampard, Malouda; eta Drogba (Belletti, 73. min.) .

Bartzelona. Valdes; Dani Alves, Pique, Yaya Toure, Abidal; Xavi, Busquets (Bojan, 85. min.), Keita; Messi, Eto'o (Sylvinho, 96. min.) eta Iniesta (Gudjohnsen, 95. min.).

Golak. 1-0. Essienek (9. min.); 1-1. Iniestak (92. min.).

Epailea. Henning Ovrebo (Norvegia). Txartel horiak Chelseako Essieni, Alexi, Ballacki eta Drogbari; eta Bartzelonako Dani Alvesi, Iniestari eta Eto'ori. Txartel gorria Abidali, 66. minutuan.

Bestelakoak. 42.000 bat ikusle bildu ziren Stamford Bridgeko harmailetan. Giro bikaina. Partida bukaeran istiluak izan ziren epailearekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.