FUTBOLA. Entrenatzaile bat kendu, eta beste bat jarri. Halaxe dabil azkenaldian Alaves. Hamabi izan ditu 2016an Espainiako Lehen Mailara igo zenetik. Julio Velazquez iritsi da orain Arabako taldearen aulkira. Teknikari espainiarrak Jose Luis Mendilibar ordezkatu du, klubak entrenatzaile zaldibartarra kargugabetu baitzuen herenegun, taldeak zeraman bolada txarra dela eta: zazpi puntu baino ez zuen lortu Mendilibarrek zuzendu zizkion hamabi partidetan. Kinka larrian dago Alaves: azkena da sailkapenean, eta sei puntura du maila galtzetik salbu dagoen azken taldea. Zortzi partida falta dira denboraldia amaitzeko. Zortzi partida ditu Velazquezek mirari kutsua duen erronka lortzeko. Sasoia amaitu arte sinatu du. Atzo zuzendu zuen lehen entrenamendua, eta gaur aurkeztuko dute.
Entrenatzaile gaztea da Velazquez, 40 urte baino ez ditu, baina 25 urte daramatza entrenatzaile lanetan; lehenbizi, gazte mailetan; gero, maila apaletan; eta, azkenik, maila gorenean. Ez du inoiz entrenatu Espainiako Lehen Mailan, baina bai Bigarren Mailan: Vila-real (2012-2013 denboraldia), Murtzia (2013-2014), Betis (2014) eta Alcorcon (2016-2018). Portugalen eta Italian aritu da maila gorenean: Os Belenenses (2015-2016), Udinese (2018-2019), Vitoria Setubal (2019-2020) eta Maritimo Funchal (2020-2021). Maritimo izan da zuzendu duen azken taldea. Azken postuan hartu zuen, liga amaitzeko hamabi jardunaldi falta zirela, eta mailari eutsi zion. Hori egin nahi du Alavesen. «Ilusio handiz gaude. Ez dugu duda egin. Zaila da egoera, baina denon artean lor dezakegu», esan du.
Julio Velazquezek aurreneko entrenamendua zuzendu du
Entrenatzaile espainiar horrek ordezkatu du Jose Luis Mendilibar Alavesen. Sasoia amaitu arte sinatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu