Julen Gabirondo herri kirolari urnietarrak zazpigarrenez irabazi du Euskal Herriko Sega Txapelketa. Zizurkilgo (Gipuzkoa) Nekola baserriko zelaiak soildu dituzte gaur arratsaldean Gabirondok, Jokin Etxeberriak eta Mikel Lizartzak. Hiru segalarien artean jokatu dute txapela.
Gabirondoren eta Etxeberriaren arteko lehia estua espero zen. Duela bi aste Etxeberriak lortu zuen Gipuzkoako txapela, alboko herrian, Asteasun (Gipuzkoa). Gaurkoan, ordea, amasarrak ezin izan du Gabirondo garaitu. Asteasun galtzea «mingarria» izan bazen ere, «asko ikasteko» balio izan ziola adierazi du urnietarrak. Gaurkoarekin errekor berria ezarri du; aurrez ere berea zen marka, sei txapela irabazita. Bada, gaurkoarekin beste bat batu dio errekorrari.
Zelaiaren ezaugarriek eta segalarien jardunak lehiaketa gogortu duela aipatu du garaileak: «Belarrak oso freskoa dirudi, baina oso zaila zegoen ebakitzeko. Oso proba gogorra izan da. Hasieratik indartsu ekin diot, baina Jokinek [Etxeberria] eutsi egin dit, eta bigarren koadroa berak amaitu du aurretik. Hirugarrenean ikusi dut alde egiten hasi naizela, eta, pixkanaka, aldea handituz joan naiz». Azkenean, 2.159 kilo belar moztu ditu garaileak; 1.797 kilo Etxeberriak eta 1.646 kilo Lizartzak.