Triatloia

Josetxo Mujikari ikurrina kentzen saiatu dira Munduko Triatloi Txapelketako podiumean

Zumarragakoa irabazle izan da 65-70 urte artekoen mailan, Eivissan (Herrialde Katalanak). «Espainiako jantziarekin parte hartzera behartu gintuzten, baina ondoren aldarrikapena egitea erabaki nuen».

Paulo Ostolaza.
2023ko maiatzaren 15a
16:26
Entzun

Josetxo Mujikak bere kategoriako (65-70 urte artekoak) Munduko Triatloi Txapelketa irabazi zuen maiatzaren 5ean, Eivissan (Herrialde Katalanak). Orain, ordea, zeresana ematen ari da sari banaketan gertatutakoa: Mujikari antolakuntzako kide bat gerturatu zitzaion atera zuen ikurrina kendu nahian, baina triatloilariak uko egin zion. Azaldu duenez, Eivissako alkateari ere esan zioten berari saririk ez emateko, baina ez zien jaramonik egin hark ere.

Zumarragakoak Otamotz atari digitalari eman dizkio azalpenak. Esan duenez, beti egon da euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde, eta aurrez ere egin izan du aldarrikapen hori, besteak beste Zumaiako (Gipuzkoa) triatloiaren aurretik egin zuten agerraldian.

Munduko Txapelketan, ordea, Espainiako jantziarekin lehiatu behar izan zuen: «Horrela jantzita parte hartzera behartu gintuzten, baina ondoren aldarrikapena egitea erabaki nuen», azaldu du.

Pacha diskotekan izan zen sari banaketa, eta han zen, besteak beste, Nazioarteko Triatloi Federazioko presidente Marisol Casado madrildarra, Espainiako Federazioko presidentearekin batera. Mujikaren arabera, «sekulako protokoloa» zegoen: «Nire mailan, gainontzekoak ere beraien herrialdeko banderarekin igo ziren podiumera. Zer gertatuko zen banekienez, ikurrina poltsikoan eraman nuen». Horregatik esan zien sari banaketa grabatzeko publikoaren artean zituen lagunei.

Alkateak ere jaramonik ez

Podiumera igotakotan atera zuen ikurrina, eta bizkarrean jarri. Jendea txaloka hasi zen, baina berehala joan zitzaion antolakuntzako kide bat bandera kendu nahian; Mujikak ez zion utzi. Rafael Ruiz (PSOE) Eivissako alkatea ari zen sariak ematen: «Saria ez emateko esan zioten, baina eman egin zidan», kontatu du triatloilariak.

Batek edo bestek txistu egin ziola gehitu du, baina ez zela ezer gertatu: «Zumarragako banderarekin atera izan banintz, ez zuen inork ezer esango». Sareetan ere alde bietako erreakzioak eragin ditu bideoak.

Azkenik, triatloian dabiltzan gazteei zuzendu zaie Mujika, eta ofizialtasunaren aldeko aldarriaren lekukoa hartzeko eskatu die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.