Joseba Llorentek dio «kezkatuta» dagoela, «ez beldurtuta»

Realeko aurrelariak berretsi du ez duela arazorik Montanierrekin eta «sasoi betean eta jokatzeko prest» dagoela

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Joseba Llorentek ez du uste Realaren egoera beldurtzeko modukoa denik. «Kezkatuta nago, ez beldurtuta», onartu zuen atzo aurrelariak. Hori arrazoitzeko sailkapenean goitik dauden taldeen puntu kopurua gogorarazi zuen. «Athletic eta beste hainbat talde sei puntura daude; alegia, bi garaipen eskasera».

Joseba Llorentek, hori bai, aitortu zuen taldean ez zutela espero denboraldi hasieran horrenbeste estutasun pasatzea, baina egoera horrelakoa dela eta ez duela ezertarako balio «egun guztian negarrez» egotea. «Buru-belarri egin behar dugu lan, liga aurrera baitoa», azpimarratu zuen.

Era berean, ez dago ados taldeak «adore falta» erakutsi duela diotenekin: «Ez gara masokistak; ez dugu galdu nahi. Hala ere, aurkaria zapaldu behar dugu. Dagoeneko ikusi dugu kontrarioak aukera badu zapaldu egiten gaituela». Bere egoeraz galdetuta, berriz, Llorentek berriz utzi nahi izan zuen argi ez dagoelako arazorik, eta «sasoi betean eta jokatzeko prest» dagoela.

Ez zen izan Montanierren inguruko erantzun bakarra. Entrenatzailearen estiloaz galdetuta, aurrelariak onartu zuen Montanierrek gustuko duela «aurkariaren araberako jokoa egitea». Llorentek, ordea, nahiago du «norberaren jokoari ematea garrantzia eta horretan buru-belarri aritzea».

Jokalari gutxi Zubietan

Atzoko entrenamenduari dagokionez, Montanierrek hamasei jokalari bakarrik izan zituen bere aginduetara, tartean Eñaut Zubikarai eta Toño Ramirez atezainak. Alberto de la Bella, Markel Bergara, McDonald Mariga, Liassine Cadamuro eta Ruben Pardo Zubietan izan ziren, baina ez ziren entrenatu, min hartuta baitaude. Asier Illarramendi, Iñigo Martinez, Vadim Demidov, Antoine Griezmann eta Claudio Bravo, ordea,Euskal Herritik at daude, selekzioekin bilduta. Reala gaur eta bihar entrenatuko da, goizez, eta etzi lagunarteko partida jokatuko du Tolosan (Gipuzkoa), Racingen aurka, 18:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.