Josean Kerejeta: «Berriro fitxatuko nuke Odom»

Baskoniako buruaren arabera, Odom fitxatzeak «bultzada» eman dio taldeari eta Gasteizi

Josean Kerejeta. RAUL BOGAJO / ARP.
Erredakzioa
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Bi hilabeterako etorri zen Lamar Odom Laboral Kutxara, eta hiru astera joan zen. Ordu erdi eskas kantxan, eta bi puntu. Horra jokalari estatubatuarraren ekarpena, eskasa benetan. Halere, Josean Kerejetak ez du damurik hura fitxatu izanaz. Aitzitik, Baskoniako presidenteak «berriro» fitxatuko luke aukera izanez gero. Hori azpimarratu zuen atzo Gasteizko Udalarekin sinatutako akordio baten harira egindako prentsaurrekoan.

Kerejetaren arabera, NBAko izar izandakoak Gasteizen egin dituen 25 egunetan taldeari eta hiriari «bultzada» eman dio. Gainera, balantzea «ona» izan omen da. «Diru gehiago jaso dugu gastatu baino».

Baskoniako presidenteak, hori bai, onartu zuen erabaki «arriskutsua» izan zela hamar hilabete jokatu gabe zeramatzan jokalari bat fitxatzea, baina aurkarien indarrak behartu zuten hori egitera, Laboral Kutxaren aurrekontuaren «halako hiru» dituzten taldeekin lehiatu behar dutelako.

Odom fitxatuta agindu zuen birsortzeaz galdetuta, Kerejetak esan zuen udan jakingo direla horren ingurukoak, eta asmoa dela iraganean bezala lehiatzeko gaitasuna duen talde bat osatzea. Hori iritsi arte, klubak ez du beste inor fitxatuko, eta Kerejetak espero du Lamon Hamiltonen itzulera izatea fitxaketarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.