Jose Luis Sanchez Verak ez du Realean jarraituko datorren denboraldian. Hala jakinarazi du klub txuri-urdinak ohar baten bidez. Teknikariak denboraldi bakarra egingo du Realaren aulkian. Iazko udan iritsi zen Donostiara. Natalia Arroyoren ordezko izateko iritsi zen, haren lau urteko aroa amaitu eta gero. Berez, 2026 arteko kontratua zuen, eta beste denboraldi baterako luzatzeko aukera.
Sanchez Verarekin «beste bultzada bat» eman nahi zion klubak emakumezkoen taldeari. Teknikaria Atletico Madril eta Levante entrenatzen aritua da aurrez, eta hark proposatutako jokaerak zerikusia zuen Arroyok lau urtez proposatutakoarekin: baloi jabetzaren bidez jokoaren ekimena izatea, presio estua egitea aurkariari, eta baloia atzetik ateratzerakoan arriskuak hartzea. Sanchez Verak muturrera eraman ohi du proposamen hori, eta horregatik aukeratu zuten, besteak beste.
Denboraldiko lehen hiru neurketak galdu arren, ondoren emaitza onak lortzen hasi zen taldea. Hirugarren postuan ere egon zen, Txapeldunen Liga jokatzeko tokietan. Baina otsailean behera egiten hasi zen, Real Madrilen aurka 1-3 galdu eta gero. Ordutik, ligako zortzi partida eta kopa bat jokatu ditu, eta zazpi porrot eta bi berdinketa pilatu. Beraz, guztira hamar norgehiagoka daramatza irabazi gabe.
Emaitzak alde batera utzita, taldea kostata aritu da neurketa horietan. Gol ugari sartu dizkiote partida hasieran, eta erasoan asko kostatu zaio golak sartzea. Hala, behera egin du sailkapenean. Orain zazpigarren dago, 34 punturekin. Asteburuan, Betisen aurka 3-1 galdu eta gero, honela mintzatu zen Sanchez Vera: «Gaurkoan ez dugu partida duina egin. Ez gara irabazteko gai, eta erantzule nagusi bat dago: ni. Barrura begiratu behar dugu, ez baikara gai multzoa kateatzeko. Ezeren gainetik kluba dago».
Teknikariak harrobiko jokalarien aldeko apustua egin du hilabete hauetan. Besteak beste Intza Egigurenek, Maren Lezetak eta Elene Guridik dezente jokatzeko aukera izan dute, eta Julia Arrulak ere debuta egin du denboraldi honetan. Sanchez Verak argi esan zuen denboraldi hasieratik: «Zubietako jokalariak ez ditut jarriko jartzeagatik, baizik eta haiengan sinesten dudalako». Aldi berean, harrabotsa eragin dute haren adierazpen batzuek. Levante Las Planasen aurka 0-0 berdindu ostean, adibidez, hau adierazi zuen: «Erreferente izan behar zuten jokalariak behar bezain ondo ari».
Agur oharra
Realak oharra atera eta gero, Sanchez Verak beste bat atera du bere sare sozialetan, agurtzeko. «Jokalariek eta klubak maitasuna, konfiantza eta errespetua adierazi didaten arren, uste dut datorren denboraldian beste pertsona batek hartu behar duela taldea zuzentzeko ardura. Hori da egokiena, taldeak hazten jarrai dezan».
Duela aste batzuk hartu zuen erabakia: «Tristea eta mingarria da erabakia, baina sakon aztertutakoa». Hilabete hauetan «egiturazko aldaketak» egin dituztela azaldu du: «Beharbada orain ez dira guztiz ikusten, baina espero dut denborarekin antzemango direla eta etorkizunari begira ondorio positiboak izango dituztela». Autokritika egin du: «Ziurrenik ez dut asmatu taldearekin konektatzen; ez, behintzat, nahiko nukeen moduan. Nahiz eta egunero gure onena eman dugun. Ez dago erantzulerik, ezta errudunik ere. Batzuetan gauzak ez dira nahi bezala ateratzen, eta hori da dena».
Amaitzeko, eskerrak eman ditu: «Klubari, konfiantzarengatik; jokalariei, emandakoagatik; eta zaleei, une oro emandako babesarengatik».
Orain klubak beste entrenatzaile bat fitxatu beharko du; hain justu, Maider Castillo kirol zuzendariak hartu beharko duen lehen erabaki garrantzitsua izango da. Castillo urtarrilean iritsi zen Donostiara.