Jose Luis Korta datozen 11 estropadetatik kanpo utzi du TKEk

Uztailaren 13an Pedreñako estropadan argazkilarien ontzi batekin talka egiteagatik zigortu du

2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzaileari datozen 11 estropadetan parte hartzea debekatu dio Traineruen Kluben Elkarteak, uztailaren 13an Pedreñako estropadan argazkilarien ontzi batekin talka egiteagatik. Kortak «nahi gabe» jo zituela adierazi zuen orduan. Zortziehun euroko isuna ere ezarri dio. Zigorra larunbatetik aurrera jarriko da indarrean; Portugaleteko estropada egunetik aurrera, alegia. Kortak ezin izango du TKErekin lotura duen inongo ekitalditan parte hartu; ordezkarien bileretan edo elkarteen batzarretan, esaterako. Kaikuk ezingo du bere izena eman TKEk antolatutako inongo ekitalditan, eta Kortak ezingo du estropadei eskaintzen dieten eremuetan egon, ezta estropadak ontzi batetik jarraitu ere. Horrez gain, ezingo dio inolako babes edota argibiderik eman taldeari. Estropadak ikusi nahi izanez gero, lurretik ikusi beharko ditu. Baldintzaren bat hausten badu, zigortu egingo dute.

Kaikuk erabakia «onartu» du, baina ez dago ados. Miguel Juane TKEko presidenteak hartutako erabakiak ez dute harritu. «Erabateko babesgabetasuna dugu TKEko erabakien inguruan; ez dago ezer egiterik», esan zuen atzo Kaikuko zuzendaritzak, ohar baten bidez. «Ez orain, eta ezta aurreko erabakietan ere», gaineratu zuen. Kortari «babes guztia» azaldu, eta ez duela helegiterik jarriko gaineratu zuen. «Denbora eta dirua alferrik galtzea litzateke. Ez da lehenengo aldia bai Korta eta baita Kaiku ere aurrez epaitzen gaituztela», azpimarratu zuen. TKEri mezu bat bidali zion. «Haien helburua Kaikuren proiektua ezegonkortzea da, instituzio zein kirol aldetik, baina ez dute lortuko». Lanean jarraituko dutela gaineratu zuen. «Sasoia amaitu arte ahalik eta emaitza onenak lortzen buru-belarri genbiltzan lehen, eta helburu berarekin jarraituko dugu aurrerantzean ere».

Kaiku haratago joan da kritikarekin: Miguel Juanen eta Borja Oses TKEko epaile bakarraren dimisioa eskatu du. Sestaoko taldeak oraingoz ez du inolako neurririk hartuko, eta sasoi bukaerara arte hausnartuko du zer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.