Jose Antonio Lopetegi 'Agerre II.a' hil da

Harri jasotzailea izan zen, eta 1950. urtetik aurrera marka ugari ezarri zituen. Horietako asko ez ditu inork hautsi oraindik. Julen Lopetegi futbol entrenatzailearen aita zen.

Agerre II.a, Miriam eta Idoia alabak eskuetan dituela, 1970. urtean, Asteasun. KUTXATEKA
Agerre II.a, Miriam eta Idoia alabak eskuetan dituela, 1970. urtean, Asteasun. KUTXATEKA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 18a
11:10
Entzun

Jose Antonio Lopetegi Agerre II.a harri jasotzailea atzo gauean hil zen, 94 urte zituela. Azpeitiko Agerre Handi baserrian jaio zen —hortik Agerre II.a ezizena—, baina Asteasun bizi zen (Gipuzkoa), eta bertako alkate ere izan zen. Garai hartako harri jasotzailerik onenetakoa izan zen. Izan ere, 1950etik aurrera hainbat marka ezarri zituen, eta horietako batzuk inork ez ditu hautsi oraindik. Julen Lopetegi futbol entrenatzailearen aita zen.

Luis anaiaren urratsei jarraika hasi zen harri jasotzearen munduan, eta berehala nabarmendu ziren plazetan bi anaiak. Hainbat errekor lortu zituen Agerre II.ak. 1952an, 100 kiloko zilindroa 22 aldiz altxatu zuen minutu batean, Donostiako zezen plaza zaharrean. Eta urte hartan bertan, hamar aldiz jaso zuen 150 kiloko zilindro zaharra. Luis anaia 1969an hil zen, eta, ordutik aurrera, Agerre II.a izan zen garai hartako erreferentzia nagusia.

Haren bi semeek ere lorpen ugari egin dituzte kirol munduan. Julen Lopetegi seme gazteena futbol jokalaria izan zen, eta sona handiko entrenatzailea da gaur egun. Oraintxe, Ingalaterrako West Ham taldeko teknikaria da. Joxean Lopetegi Agerre seme zaharrena erremontista izan zen, eta buruz buruko txapelketa irabazi zuen 1986an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.