Alberto de la Bella. Realeko jokalaria

«Jose Angel etorritakoan jabetu naiz defentsako lanak duen garrantziaz»

Laugarren sasoia du Donostian, eta aurrekoetan bezala, sasoi honetan ere funtsezko jokalaria da. Mikel Gonzalez eta bera dira ligako partida guztiak jokatu dituzten bakarrak.

Donostia
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
2000. urteko lehen hamarkadan 53 jokalari fitxatu zituen Realak. Horietatik bostek baino ez zuten jantzi elastiko txuri-urdina 100 aldiz edo gehiago: Darko Kovacevicek, Valeri Karpinek, Claudio Bravok, Gerardo Garciak eta Diego Rivasek. Alberto De la Bella (Santa Coloma de Gramanet, Herrialde Katalanak, 1985) izango da seigarrena, astelehenean.

Aldagelan zer eragin du Malagan irabazteak?

Askatze moduko bat izan da guretzat. Txukun jokatuagatik, emaitza bolada txarrean geunden sartuta, eta hori apurtzeko ere balio izan zuen.

Eraginkortasun handia erakutsi zenuten Rosaledan. Aurreko neurketekin alderatuz gero, arlo hori fintzea funtsezkoa izan al zen?

Aurkariaren ate ingurura askotan iritsi arren, aukerak sortu arren, ezin asmatu ibili gara, eta horretan huts eginez gero, esan liteke jai daukazula, benetan zaila baita golik ez jasotzea Lehen Mailan. Sendotasuna falta izan zaigu bi areetan, baloirik gabeko lanean orekatuagoak izatea. Taldearen funtzionamenduak, oro har, hobea behar zukeen, eta Malagan lortu genuen.

Etxetik kanpo irabaztetik zatozte eta Rayo Vallecano eta Osasuna hartuko dituzue segidan Anoetan. Nola azalduko zenuke oraingo egoera?

Une garrantzitsua da. Zuk aipatutako bi partida horiez gain, Kordobaren aurkako Kopako neurketa ere badaukagulako. Guztion nahia da Reala gorago kokatuta ikustea, eta Gabonetako etenaldiaren aurretik lortu beharreko helburua da. Aurkarien nortasunaren berri badugu, eta puntu sorta bil genezakeelakoan nago. Norberak bere burua estutu behar du, ez hainbeste ongi jokatzeko, baizik eta puntuak lortzeko.

Philippe Montanierrekin behin baino ez duzue lortu bi neurketa jarraian irabaztea.

Bai. Estatistika txar hori haustea da erronka. Garaipenak erdiesteko unerik egokienean gaude. Rayoren aurka ezin dugu huts egin.

Gora egiteko aukerak ezin baliatu ibili zarete azken hilabeteetan?

Geure buruak aldarrikatzeko unea izan liteke. Orain artekoan ez gara burua altxatzeko gai izan, baina ziur gaude gorago egoteko ahala badugula.

Benetako beharra sentitu arte zuen onena emateko lanak dituzuela uste al duzu? Lasaitu egingo bazinate bezala gauza onerako?

Baliteke. Ez nuke esango lo ateratzen garenik berdegunera, baina egia da uste osoagoz jokatzea falta izan zaigula etxetik kanpo. Sinestea. Ea Malagan egindakoa hori guztia berreskuratzeko baliagarri zaigun.

Burua altxatzeko aukera izan duzuen bakoitzean ez zarete fin aritu.

Anoetatik urrun komeria handiak izan ditugulako. Gorantz begiratu ahal izateko, sarriagotan batu beharko genituzke puntuak. Horretaz jardun ginen denboraldiaren hasieran. Aparteko estutasunik sentitu gabe erantzun irmoa emateko gai garela frogatzeko garaia da.

Ez al da zentzuzkoagoa sailkapeneko eremu lasai batean egonkortzea goiko postuetara lehenbailehen iristearekin itsutzea baino?

Hala da. Etxeko puntuez gain, kanpoan zerbait lortzen ari garela esan nahiko luke horrek, bide onetik goazen seinale. Eremu horretan barneratzea da asmoa. Gero gerokoak.

Realean zaudenetik zure mailarik onena ari al zara erakusten orain?

Seguru asko, bai. Segidan jokatu izan dut. Aurreko denboraldi hasieretan beti izan dut okerren bat. Izan pilatutako nekeagatik edo min hartzeagatik, baina sasoiko egoteko lanak izan nituen. Sasoi honetan, ordea, ez dut inolako arazorik izan. Entrenatzailearen konfiantza osoa daukat, inoiz baino indartsuago sentitzen naiz, eta horrek noski eragin zuzena dauka nire lanaren emaitzetan.

Nekea aipatzen duzunean, zer esan nahi duzu? Zure esfortzuak neurtzen ikasi duzula?

Hori da. Beste denboraldietan behin eta berriz azaltzen ahalegintzen nintzen, taldeak aukerak izan zitzan ezkerraldetik erasoko jokaldiak antolatzeko. Orain, ordea, gehiago neurtzen dut neure burua. Atzeko lanari dagokionez, banuen bai zer hobetua, eta iruditzen zait alde horretatik aurrerapausoa eman dudala. Azken finean, erabaki hobeak hartzen ari naiz; zuzenago jokatzen dut.

Jose Angel etortzeak zertan egin dizu mesede?

Defentsako lanean. Jose Angelek ekarpen handiak egin ditzake erasoan, baina entrenatzaileak zorrotz jokatzen du atzealdea zaintzeko beharraz ari denean. Arlo horretan neuzkan gabeziak ikusita, hobetzen ahalegindu naiz. Horren jakitun izanik, sendoago eta oldarkorragoa naizela uste dut, aukeraketa egokiagoak eginez jokaldi bakoitzean.Ohartu naiz atzelari batentzat bere tokia zaintzea dela garrantzitsuena eta ez erasoan min egitea.

Partida guztiak jokatu dituzun bakarra zara, Mikel Gonzalezekin batera. Zure aurreikuspenak txiki geratu al dira?

Jose Angel iritsi zenean ez nekien nondik nora ibiliko ote nintzen, nire aukerak aprobetxatzeko gai izango ote nintzen… Denboraldi- aurrean sasoiko ikusi nuen neure burua, eta banuen, bai, itxaropena. Ongi ari zaizkit ateratzen gauzak. Ea irauten duen.

Lehen Mailan egonkortzeko egin behar izan duzun bidea ikusteak harridura eragiten al dizu?

Ez da besteena bezalakoxea izan. Hiru harrobi ezagutu ditut nik: Espanyol, Vila-real eta Sevillarena. Lehen taldean aritzeko aukera ematen zaie batzuei, eta beste hainbatek, berriz, Lehen Mailako talderen batean joka lezakete utzita ondoren itzultzeko. Niri ez zitzaidan horrelako ezer gertatu, behin baino gehiagotan nagusiekin bidaiatu banuen ere. Realera etortzea izan zen inoiz hartu dudan erabakirik zuzenena. Niretzako gauza handia da 100. neurketa jokatzea harrobiko lana ardatz duen talde batean jokatuz. Lehen egunetik erraztasun handiak eman zizkidaten, eta izugarri lagundu zidaten taldekideek.

Zurekin aritu direnen artean Antoine Griezmann al da jokalaririk onena?

Jauzia eman zuenean inork ez zuen ezagutzen, eta begira zer-nolako urratsak egin dituen. Garapen izugarri hori aintzat hartuz, baliteke bera izatea jokalaririk onena.

Umeen artean inork ez du ezker atzelari izan nahi. Zergatik izango ote da?

Niri ere gauza bera gertatzen zitzaidan. Ez nuen atzean jokatu nahi. Areto futbolean jokatzen nuenean aurrelaria nintzen. Zelaira irtetean geroago ezker aldera eraman ninduten, eta, azkenik, atzealdera. Ezkerreko hanka erabiltzen dutenak asko ez direnez, entrenatzaileak bertan jarri zaitzake gehiago ez mugitzeko. Roberto Carlos Real Madrileko jokalaria nuen jokalari kutunena. Vila-realen nintzela Joan Capdevila nuen eredu, eta Agustin Aranzabalekin ere asko akordatzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.