Itzuli da Zegama-Aizkorri mendi maratoia, eta nola gainera. Baldintza bikainek lagunduta, probako errekor historikoak hautsi dituzte gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Eguraldia eguzkitsua izan da goiz osoan zehar, eta lurra lehorra zegoen. Mutiletan, ohiko izen batek lortu du balentria: Kilian Jornetek. Kataluniarrak hamargarren aldiz irabazi du Zegaman. Emakumezkoetan, berriz, Nienke Brinkman herbeheretarra izan da azkarrena, alde handiz.
Jornetek zortzi minutuan hobetu du aurreko marka, 3.36.40ko denbora eginda. Iristen ari zela ospatu du garaipena, baina erritmoa moteldu gabe; errekorra ezarriko zuela jakitun zegoen. «Sinestezina izan da», aitortu du helmugara iritsi bezain pronto kataluniarrak, eta zaleei eskertu die beste behin emandako berotasuna. Bigarren postuan iritsi da Davide Magnini italiarra (3.39.31), eta hirugarren Manuel Merillas espainiarra (3.45.43). Euskaldunik onena Aritz Egea izan da.
Emakumezkoetan, Brinkmanek aise gainditu ditu bere aurkariak, eta errekor bikaina ezarri du (4.16.43). Hogei minutuan hobetu du aurreko errekorra. Bigarren sailkatuari, Maude Mathysi (4.26.03), ia hamar minutu atera dizkio. Hirugarren helmugaratu da lehen euskalduna, Sara Alonso donostiarra (4.26.40). Mendi maratoian parte hartu duen lehen aldia izan da.
Hiru urte geroago itzuli da gaur Zegama-Aizkorri. Goizeko bederatzietan irten dira korrikalariak, 500 inguru, probak dituen 42 kilometroak egitera. Eguraldia lagun, ehunka zale elkartu dira ibilbidean.