Jordan Loties: «Erronka garrantzitsua da Espainiako Ligan jokatzea»

Atzelari frantziarrak aitortu du Ingalaterrako eskaintzak zituela baina nahiago zuela Osasunan aritzea

Erredakzioa
Iruñea
2013ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Jordan Lotiesek atzo jantzi zuen lehen aldiz Osasunaren elastikoa. Pozik egin zuen, ilusioz, ilusioa egiten baitio Espainiako Ligako talde batekin fitxatu izanak. «Oso pozik nago Osasunan jokatzeagatik. Ingalaterrara joateko eskaintzak nituen, baina gustukoago nuen Espainiako liga, hemen ondo jokatzen baita futbolean. Hona etorri nahi nuen guztiaren gainetik. Erronka garrantzitsua da niretzat. Espero dut Espainiako Ligara egokitzea, Frantziakoa baino teknikoagoa baita», esan zuen atzelari frantziarrak aurkezpenean.

Erdiko atzelaria da Loties, baina jokalariak berak atzo aitortu zuen prest dagoela beste postuetan jokatzeko. «Erdiko atzelaria naiz, baina eskuin hegalean ere joka dezaket, aurreko denboraldian Nancyn egin nuen bezala. Azkarra naiz, eta orekari eusten diot. Uste dut ondo egokituko naizela Osasunaren jokora. Gustuko dut atzetik baloiarekin ateratzea, baina nire lehen egitekoa defentsa da». Lotiesek egindako deskribapen ia bera egin zuen Angel Martin Gonzalezek, Osasunako kirol zuzendariak. «Azkarra da, goitik ondo moldatzen da, eta ondo ateratzen du baloia. Postu batean baino gehiagotan joka dezake, eta horrek mesede egingo digu defentsa osatzerakoan».

Ezagutzen zuen Iruñeko taldea, baita taldeko jarraitzaileak ere. «Familia baten parekoa da Osasuna, eta hori oso gustuko dut. Badakit ere zaleek babes handia ematen diotela beti taldeari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.