Athletic prest dago San Mameseko Herri Harmaila osatzen duten zale talde nagusiekin biltzeko, azken asteetan zabaldu den krisi egoera konpontze aldera. Jon Uriarte presidenteak jakinarazi du hurrengo astean egingo dutela hitzordua ICHH, Piratak eta Athletic Lions zale taldeekin, eta dagoeneko galdetu dietela zeintzuk diren haien eskakizunak. Taldeak, berriz, errespetuzko harremana bermatzeko oinarrizkoak diren irizpide batzuk bilduko ditu agiri batean, eta horiek jarriko ditu mahai gainean. Agiri hori gaur edo bihar egingo du publiko, eta taldeko agintariak uste du adostasuna lortuko dutela: «Zentzuzko eskaerak dira; horregatik naiz baikorra. Hori bai, errespetua filosofiaren parekoa da: ez da negoziatzen».
Uriarte Jon Berasategi taldeko zuzendariarekin eta Joana Ruiz gizarte arloko arduradunarekin batera agertu da prentsaren aurrean. Herri Harmailaren egoerari buruzko agerraldi monografikoa izan da. Prentsaurrekoak ikusmin handia sortuko zuela jakinda, taldeak datu ugari prestatu ditu, eta presidenteak esaldi biribil asko utzi ditu. Hasteko, zehaztu du beste alde batera begiratuz ez direla arazoak konpontzen, eta «irmo» jokatuko duela errespeturik gabeko animazioren «gaitza» amaitzeko.
«Kexa bat ezin da egon taldearen interesen gainetik, eta ez dago inongo kexarik inor zerbait egitera behartzea justifikatuko duenik»
JON URIARTEAthleticeko presidentea
Uriartek bere ikuspuntua eman du. Egun Herri Harmailako giroa oso gaiztotuta dago zale taldeetako batek hainbat protesta ekintza antolatu dituelako Ertzaintzak jarritako isunak eta taldearen segurtasun enpresak izandako jarrera salatzeko. Presidenteak kritikatu egin du jarrera hori: «Kexa bat ezin da egon taldearen interesen gainetik. Kexa bakar batek ere ez du justifikatzen inor zerbait egitera behartu nahi izatea». Ez ditu aipatu isunak, baina ulertzekoa da haiei buruzko kexei buruz ari zela. Zaleek salatu dute hainbat milaka euroren isunak jaso dituztela.
ICHH zale taldeak jakinarazitako eskaerei erantzuteko erabili du agerraldiaren zati handi bat. Eskaerak biltzen dituen agiria inprimatuta eraman du Uriartek, eta argi utzi nahi izan du taldeak ez diela jazartzen bazkideei: «Ez dago inolako jazarpenik: lankidetza da. Akusazio oso larria da, eta ez da egia». ICHHren akusazio horren atzean, arau hausteren bat —abesti iraingarriak, objekturen bat jaurtitzea...— egin duten zaleengana jotzeko protokolo zaharra dago.
«Futbola eta politika banandu nahi ditugu»
Herri Harmailako talde batzuek hura mezu politiko eta sozialez hustu nahi izatea egozten diote Uriarteri, eta presidenteak onartu egin du: «Futbola eta politika banandu nahi dugu, bazkideen %80aren nahia delako». Presidenteak ezagutarazi du zer emaitza izan duen taldeak iaz ia 8.000 bazkideri eginiko inkestak: %60,7k esan zuten ez zutela nahi Herri Harmailak mezu politiko edo sozialik zabaltzerik. %19,4k, berriz, «onarpen zabaleko gizarte aldarrikapenak» baino ez lituzkete onartuko. Bi iritzi horiek batuz ateratzen da Uriarteren azalpeneko %80 hori.
Eta zein zen protokolo hori? Horrelako arau hausteren batez ohartzean, partidaren amaieran segurtasun enpresako bi langile zalearengana joaten ziren, eta identifikatu egiten zuten. Jokamolde horrek tentsio oso handiko uneak sortu zituen sasoi honetan Realaren eta Real Madrilen aurkako partidetan; identifikatu nahi zuten zale batek zaindarien eskaerei uko egin, eta beste hainbatek haren alde egin zuten. Real Madrilen aurkako partidan tentsioak gora egin zuen, eta Ertzaintza bazkide batzuei oldartu zitzaien estadio barneko korridoreetan.
ICHHk San Mameseko segurtasun eredua aldatzeko eskatu du. Hori ikusirik, Uriartek uste du eskaera horren zati bat Ertzaintzari egin behar zaiola, eta ez klubari, eta taldeak beti defendatuko dituela bertako langileak. Haren bertsioaren arabera, Real Madrilen aurkako liskarra izan zenean, Ertzaintza segurtasun zaindariak babesteko sartu zen estadiora. Dena den, azken partidetan identifikazio protokoloa aldatu dute, eta segurtasun kameren bitartez egiten dute orain. Zaleak etxean jasotzen du isuna, baina bide horrek ez ditu asetzen Herri Harmailako zale talde guztiak. Ertzaintzaren isunei dagokienez, taldeak ez du haien berri izaten, eta zigortuak etxean jasotzen du oharra.
17Zenbat zale kaleratu dituzten Athleticek aurten zaleen aurka harturiko diziplina neurrien datuak eman ditu. Sasoi honetan, hamazazpi zaleri debekatu die San Mamesen sartzea. Haietatik hamabosti, Erromako partidan izandako liskarrengatik, eta biri, animazio grebako egunean ustez beste zale batzuk mehatxatzeagatik. Horietaz gain, hemeretzi bazkideri ohartarazpenak bidali dizkiete etxera
Alde horretatik, gehitu du sarritan biltzen direla Ertzaintzarekin, baina ICHH taldeak ez duela onartzen Ertzaintza tartean duen bilerarik. «Bien arteko harremanean laguntzeko prest gaude, baina ICHHk ez du Ertzaintzarekin bildu nahi. Artekari izan gaitezke, baina ez bien arteko mezulari». Gai berean, gehitu du taldeak beti defendatuko duela bazkidea: «Kanpo eragile batek bazkide bati eraso egiten badio, hura defendatzeko prest gaude, baina egia osoa jakin behar dugu». ICHHren salaketetan, kanpoko eragile hori Polizia da.

Uriartek hainbatetan berretsi du baikorra dela bilerara begira, «guztiek» nahi dutelako onena taldearentzat, eta onartu du eztabaidak kalte egin diola bere eremu pertsonalean, baina karguak horixe dakarrela. Halaber, zehaztu du sasoi honetan taldeak 85.000 euroren isunak jaso dituela zaleen jarduera desegokiengatik: 30.000 ziurrak dira, Erromako liskarrengatik, eta beste 55.000 euroren salaketei helegitea jarria dietela. Aurreko sasoian, 49.000 euro ordaindu zituen zigorretan.
Agerraldiaren amaieran, Uriartek iritzia eman du San Mamesen jokaturiko azken partidan harmailetan gertaturiko txistukadari buruz. Herri Harmaila animatzen hasi zenean, beste bazkide batzuek haien jarrera txarretsi zuten txistu eginez. Presidenteak, dena den, ez du zatiketarik ikusten taldearen masa sozialean: «Herri Harmailaren aurkako txistuak baino gehiago, egoeraren aurkakoak ziren, jendea nekatuta dago eta». Halaber, mezu bat argi utzi nahi izan du: «Herri Harmailaren etorkizuna ez dago kolokan».