Ostiralean amaitu zen neguko fitxaketen merkatua, eta Jon Uriarte Athleticeko presidenteak eta Mikel Gonzalez zuzendariak horren inguruko balorazioa egin dute gaur. Athleticen Gorosabel, Djalo eta Unai Nuñez fitxatu dituzte. Baina horien inguruan baino gehiago, Nico Williamsen inguruan hitz egien behar izan dute Uriartek eta Gonzalezek: «Hitzez eta ekintzaz, Nicok argi utzi du hemen segitu nahi duela».
Williams anaietan gazteena larunbatean mintzatu zen gaiaz, eta adierazi zuen «gutxienez beste urtebetez» taldean jarraituko duela, eta «gozatu» egin nahi duela Athleticekin Europan jokatzen. Jokalariak 2027 arte dauka kontratua. «Gure egitekoa ahalik eta proiektu erakargarriena aurkeztea da, eta ea hemen egiten duen bere kirol ibilbide guztia. Ez bakarrik hark, baita Lezaman ditugun goi mailako beste jokalari guztiek ere. Talentu horri guztiari eutsi nahi diogu».
Denboraldi honi begira ezarri dituzten kirol helburuak ere zehaztu dituzte. «Bigarrenez jarraian Europarako sailkatu nahi dugu. Ez da gure kabuz ezarri dugun helburu bat, baizik eta jokalariekin adostu duguna». Aurreko astean bildu ziren taldeko kapitainekin, eta bertan adostu zituzten kirol helburuak. «Arreta handia jarriko diogu ligari, hori baita Europarako sailkatzeko biderik naturalena. Baina jokoan izango ditugun beste hiru txapelketei uko egin gabe». Europa ligako finala San Mamesen jokatuko da: «Disfrutatu egin nahi dugu. Txapelketa hori ezin da obsesio izan guretzat».
Traoren lesio larria
Realean, baieztatu egin dira Hamari Traoreren belaunaren inguruan atzo zeuden susmo txarrak. Maliko jokalariak eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi du. Datozen egunetan egingo diote ebakuntza, eta ia sasoi osoa emango du jokatu gabe.