Jon Santacanak zilarrezko domina irabazi du eslalomean

Eskiatzaile donostiarrak bigarren domina du Sotxiko jokoetan, jaitsieran urrezkoa eskuratu baitzuen

Jon Santacana. MIKAEL HELSING / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
«Ez nago sasoi betean». Horixe aitortu zion BERRIAri Jon Santacanak Sotxitik (Errusia), laugarren aldiz jarraian neguko paralinpiar jokoetan lehiatu bezperan. Ez zen harritzekoa zuhurtzia hori, urte erdi besterik ez zen pasatu ezker oineko orpazurda hautsi zuela. Ez zuen bere burua sasoiko ikusten. Eskerrak. Izan ere, hirutan aritu da Sotxin eskiatzaile donostiarra, eta bi domina irabaziak ditu. Joan zen larunbatean lortu zuen lehena, urrezkoa, jaitsieran. Atzo, berriz, bigarrena zintzilikatu zuen, zilarrezkoa, eslalomean.

Atzetik aurrera eginez igo zen atzo Santacana podiumeko bigarren koskara. Lehen jaitsieran pattal aritu zen, zazpigarren. «Katarroa izan dut, eta ahul nengoen», aitortu zuen proba amaituta. Hiru segundo pasatxora zituen dominak. Zaila zirudien alde horri buelta ematea. Arriskatzea, beste aukerarik ez zuen. Esan eta egin. Bigarren jaitsieran bigarren izan zen, eta aurrea hartu zien aurkari guztiei, Valeri Redkozubovi izan ezik. Lehen jaitsieran egin bezala, bigarrenean ere errusiarra izan zen azkarrena. Harengandik hiru segundo eta erdi pasatxora sailkatu zen Santacana, pozez gainezka. «Ikaragarria izan da. Urre zaporeko zilarra da».

Atzokoarekin zortzi domina ditu jada jokoetan: urrezko eta zilarrezko hiruna eta brontzezko bi. Bihar beste bat gehiago lor dezake, eslalom erraldoian (06:30).

Gaur, berriz, Urko Egea eta Aitor Puertasen txanda da. Donostiarra eta oiartzuarra snowboardcross proban ariko dira (06:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.