Golfa

Jon Rahmek Augustako Masterra irabazi du, eta munduko lehen postura itzuli da

Augustako Mastersean gailendu da Barrikako golfaria; nagusitasunez amaitu du torneoa. Munduko sailkapeneko lehen postuan da berriro. Duela bi urte eskuratu zuen lehen 'major'-a, AEBetako Irekian. 

Jon Rahm Australiko Masterseko garaipena ospatzen. JOHN G MABANGLO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko apirilaren 10a
08:39
Entzun

«Oraindik ez dut barneratu». Ez dago major bat irabaztearen modukorik; hau da, golfeko txapelketa nagusietako bat. Bada, Jon Rahm golfariak (Barrika, Bizkaia, 1994) bere bigarren major-a lortu berri du Augustako Mastersa irabazi ostean (Georgia, AEB). Atzo, laugarren jardunaldira bi kolperen desabantailarekin heldu zen Brooks Koepka jokalariarekiko; dena dela, bikain jokatu du, eta lau kolperen aldea atera die bigarren postuan sailkatu direnei, Koepkari eta Phil Mickelsoni. Denera, 69 kolpek eman diote garaipena Rahmi. «18. zuloan, hirugarren kolpean». Momentu horretan pentsatu zuen Rahmek irabazi egingo zuela; «ez nuen nahi sinetsi dudarik gabe jakin arte». Bueltan da berriro munduko sailkapeneko lehen postuan.

Garaipenarekin, Augustako Mastersean nahi adina alditan parte hartzeko aukera du orain golfariak. Bien bitartean, hurrengo urtean badu zer egin: urtero-urtero afari bat egiten dute 'major'-eko irabazleek torneoa hasi baino lehen, eta aurreko urteko irabazlea izaten da anfitrioia. «Afari euskalduna izango da», aurreratu du Rahmek.

Barrikakoak badaki zer den major bat irabaztea: 2021ean lortu zuen lehenbizikoa, AEBetako Irekian lehena amaituta. Haatik, golfeko maila goreneko zerrendan bazen jada. Beste euskal herritar bat da bertan: Txema Olazabal. Atzokoan, Rahmen antzera, Augustako Mastersean gailendu zen hondarribiarra, 1994an eta 1999an.

Jaka berdea jantzi du Rahmek; horixe da Masterseko garaikurretako bat. Urtebetez eraman ahalko du jaka, eta, epe hori amaitzean, Augustako golf klubari itzuli beharko dio. Bertan gordeko diote, aurreko urteetako irabazleen jakekin batera.

Ez da Augustako Mastersa bakarrik: azken urte erdian bost titulu irabazi ditu Rahmek. Atzokoa baino lehenago, otsailean, Genesis Invitational txapelketa irabazi zuen. PGA Tourreko hamargarren garaipena zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.