Mendi lasterketa

Jon Aizpuru beasaindarrak eta Ewa Majer poloniarrak irabazi dute Ehunmiliak proba, marka berria ezarrita

Aizpuruk 22 ordu, 21 minutu eta 54 segundoko denbora egin du. Majerrek, 27 ordu, 41 minutu eta 47 segundo. Errekorra ezarri dute Goierriko Bi Handiak lasterketako irabazleek ere.

Jon Aizpuru Ehunmiliak lasterketaren irabazlea, helmugara iritsi den unea. GOIERRIKO HITZA
2019ko uztailaren 13a
07:23
Entzun

Etxeko korrikalari batek lortu du garaipena gaur Ehunmiliak proban gizonezkoen lasterketan. Jon Aizpuru beasaindarra bere herrian nagusitu da, eta ez edonola, gainera. Marka berria ezarri du. 22 ordu, 21 minutu eta 54 segundo behar izan ditu. Aizpuruk bederatzi segundo hobetu du Javi Dominguezek 2017an ezarritako marka.

Ewa Majer poloniarrak irabazi du lasterketa emakumezkoetan. Horrek ere marka berria ezarri du, eta aurrekoa hemeretzi minututan hobetuz gainera. Majer 27 ordu, 41 minutu eta 47 segundotan helmugaratu da. Lasterketaren amaieran esan du "esperientzia izugarria" izan dela eta lasterketa zoragarria dela.

Errekorren eguna izan da gaurkoa. Izan ere, Goierriko Bi Handien lasterketako irabazleek ere marka berriak ezarri dituzte. Jon Azpiroz berastegiarrak 10:01:51ko marka ezarri du, Dani Agirrek 2016an ezarritakoa zortzi minutu hobetuta. Haren atzetik, bigarren izan da Goar Lopetegi (10:21:31), eta hirugarren Alvaro Ramos iruindarra (10:38:13).

Emakumezkoen lasterketan, Uxue Fraile donostiarra izan da garaile. 12:11:21eko marka ezarri du, eta lau minutuan gainditu du 2015ean Silvia Triguerosek egin zuen denbora. Bigarren emakumezkoa Elixabet Ursua izan da (13:51:43), eta hirugarrena, Amaia Otxoa (14:07:02).

Goierriko Bi Handien ibilbidea 88 kilometro luze da, eta 6.000 metroko desnibel positiboa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.