Jose Angel Ziganda, 'Kuko'

Jomugan dago

Sasoi honetan, aurrerapauso bat egiten duenerako bi egiten ditu atzera Athleticek. Horren ondorioz, nahastu egin da giroa taldearen inguruan. Gehituz doaz, era berean, Jose Angel Zigandaren ahalmena eta lana zalantzan jartzen dutenak.

ROBERT HENRIKSSON / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Athletic bolada txarrean dago. Argi gorria pizteko goizegi izango da beharbada, baina kezka handia dago taldearen inguruan. Zuri-gorriek garaipen bakarra eskuratu dute jokatutako azken bederatzi norgehiagoketan. Ondorioz, Europa ligan lan erdietan lau puntura daukate sailkapena. Eta, Espainiako Ligan, sailkapenaren erdialdean daude: goitik bost puntura dituzte Europako postuak, eta behetik beste bost puntura dago amildegiko lehen postuan dagoen taldea. Hain zuzen, Athleticen jokoak behera begira jartzeko arrazoiak ematen ditu. Denboraldiaren lehen herenean egonda, gauzak zuzentzeko astia badago, baina hobetzeko denbora amaitzen ari zaio Kuko Zigandari, entrenatzailea baita Athleticen bolada txarraren erantzuleen artean jomugan dagoen lehena. Hala ere, azken partidetan jokalariak ere ez dira libratu.

Konfiantza galtzea baino gauza okerragorik ez dago, bai futbolean, baita bizitzaren gainerako arloetan ere. Bada, badirudi jokalariek sinesteari utzi diotela. Ziganda ez da kapaz bere mezua futbolarien artean barneratzeko.

Egun, inork ez daki zein den taldearen jokamoldea. Defendatzea egokitzen zaionean aurrean estutzea al da apustua, edo zain egotea eskatzen die Zigandak? Ezin jakin. Presioa egitea bada asmoa, ez dira asmatzen ari, eta, zain egonda ere, aurkariak behar baino aukera gehiago sortzen ditu. Erasoko jokoa aztertzean, antzeko zalantzak daude. Kanpotik begiratuta, ezin da asmatu zein den ideia nagusia. Ezinezkoa da asmatzea, Athleticek ez duelako sormen gaitasunik. Ez du aukerarik sortzen. Bururik gabeko proiektua da. Galduta dabil. Bada, zelaian noraezean ibiltzea baino ezin handiagorik sortzen duten gauza gutxi egongo da futbolean. Urteak zeramatzaten zuri-gorriek horrelako itxura eskasa eman barik.

Ideia berriekin datorren lantaldeari denbora eman behar zaio. Zigandak eta haren laguntzaileek ere astia behar dute buruan daukatena zelaira eramateko. Kontua da lau hilabete pasatu direla Athletic lanean hasi zenetik, eta ez dela hobekuntzarik ikusi. Kluba barrutik ezagutzeaz gain, lehen taldeko jokalariak ere gertutik ezagutzen zituzten kargua hartu zutenean. Beraz, jakin beharko lukete zer egin ahal zuten eta zer ez. Zigandaren alde esan beharra dago gazteen aldeko apustu sendoa egin duela. Unai Nuñez, Mikel Vesga eta Iñigo Cordoba haren eskutik sartu dira lehen taldean. Hark eman die konfiantza. Eta emaitzak txarrak izan arren, ez du iritzia aldatu. Gazteak egun ez dira konturatuko zenbat ari den egiten entrenatzailea haien alde, baina eskarmentu handiagoa hartzen dutenean ohartuko dira nolako bultzada eman zien.

Ez dago hain argi beteranoekin neurri berean asmatzen ari den. Beñat Etxebarria, Raul Garcia eta Iñaki Williams, adibidez, euren maila onenetik oso urrun daude. Igorreztarra taldeko laugarren euskarria da. Jokatu duenean, argi geratu da ez dagoela onenean, baina sormen arazo larriak dituen talde batean lekua izan beharko luke. Raul Garciaren gol sena ere ez da inondik agertzen. Egungo Athleticen luxua da hori. Eta Williamsek ere erreferentzia izan beharko luke talentuz mugatua den talde batean, baina hark ere ez du lekurik aurkitzen. Athleticen balizko susperraldiak hiru jokalarion ekarpenarekin eragin zuzena izango du. Zigandaren ardura da daukanari etekina ateratzea.

Talde batek berea ematen ez duenean, aulkira begiratzen da lehenengo, eta, ondoren, zelaian aritzen direnak egurtzen dira. Jokalariei konpromiso falta aurpegiratzea ohikoa izaten da, ohikoa bezain arriskutsua. Futbolariek ez dute onartzen euren profesionaltasunaz ezer esatea. Normala da, gainera. Azken asteotan batek baino gehiagok nabarmendu du eurek ez dutela ezer gordetzen; daukaten dena ematen dutela, alegia. Hala izango da, gainera. Baina hedabide eta jarraitzaile batzuek ez dute iritzi bera, eta horrek ondorio kaltegarriak ekar diezazkioke taldeari. Ez dirudi bidezkoa denik azken urteotan asko erakutsi duten futbolarien atxikimendua dudan jartzea. Sarri, taldea txarto ari denean, jokalariek ere diren baino askoz eskasagoak dirudite. Eta, sarri, inpotentzia jarrera txarrarekin nahasten da.

Athleticeko jarraitzaileen artean ez dira gutxi izango azken asteotan Zigandaren burua eskatu dutenak. Beroaldiek eragiten dituzten erreakzioak dira. Baina agintariek ez dute zaleen pareko jokabiderik izan behar. Burua hotz eduki eta egoera sakon aztertuta hartu behar dituzte erabakiak. Ildo horretan, Josu Urrutik eta haren lantaldeak ondo jokatu dute euren agintaldian. Bai Marcelo Bielsarekin, bai Ernesto Valverderekin egon ziren une latzak, baina ez zuten bururik galdu. Orain ere ez da gertatuko. Baina, seguruenik, hauxe izango da presidenteak bere agintaldian izan duen unerik latzena, Athleticek ez baitu azken sei urteotan horren bolada txarra izan, ez jokoz, ezta emaitzei dagokienez ere. Ziganda Urrutiaren apustua izan zen, eta, egoerak bueltarik ez duen bitartean, mantendu egingo du. Neurria eman zezakeela sinetsita eman zioten lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.