Futbola

Jomuga aldatu beharrean

Athleticek eta Realak Europa ligako bosgarren jardunaldiari helduko diote gaur. Lehen zortzietan sailkatzeko urratsa egin nahi dute zuri-gorriek, Elsfborgi irabazita. Txuri-urdinek, berriz, neurri handiko aurkaria jasoko dute joera aldatzeko: Ajax

Athleticeko jokalariak lan saio batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Athleticeko jokalariak lan saio batean. MIGUEL TOÑA / EFE
jon eskudero
2024ko azaroaren 28a
05:05
Entzun

Joan den igandean elkarren aurka jokatutako derbiak talde bakoitzean arrasto desberdina utzi ondoren, jomuga aldatu eta Europari begira jarri beharrean dira Athletic eta Reala. Europa ligako bosgarren jardunaldiari dagokion partida jokatu beharko baitute gaur. Hain zuzen, lehen fase luzeko lan erdiak igaroko dituzte bi taldeek, eta etxean aritzea egokituko zaie. Athleticek Elsfborg talde apala jasoko du 18:45ean (Movistar), eta lehen zortzien artean sailkatzeko urrats garrantzitsua egin nahi du. Orain arte jokoan izandako hamabi puntuetatik hamar bildu ondoren, onbidean jarraitzea dute helburu zuri-gorriek. Premia larriagoan zelairatuko da Reala Anoetan, 21:00etan (Movistar), sasoiko lehen finala izango baitu, Ajaxen kontra. Neurri handiko taldea jasoko dute txuri-urdinek, baina, urak gain hartu baino lehen, irabaztera derrigortuta daude.

Itxuraz lehen faseko zortzi aurkarietatik samurrena dena jasoko du Athleticek San Mamesen: Elsfborg. Jakina da Europa ligan ez dagoela partida errazik, baina onenen artean egonkortzeko aukera aparta izango du Ernesto Valverderen taldeak. Lehiaketa sistema berriarekin, lehen zortzi sailkatuak zuzenean igaroko dira final-zortzirenetara, eta, bide horretan, urrezko hiru puntu izango dituzte jokoan bilbotarrek. Valverderen esanetan, «partida oso garrantzitsua» da Athleticentzat: «Eskarmentuak esaten digu ezin garela inorekin fidatu. Lehiaketa hasi zenetik aztertu dugu Elsfborgen jokoa, eta ongi jokatzen du. Erasoan azkarrak dira, eta baloi geldian arrisku handia sortzen dute».

Zenbakiei erreparatuta, Valverdek ez du arrazoi faltarik, Elsfborg aurkari arriskutsua izan daiteke eta. Orain arteko lau partidetatik bat irabazi du, bat berdindu eta bi galdu. AZ Alkmaarren aurka galduaz abiatu zuen lehiaketa (3-2), Erromari irabazi zion ondoren etxean (1-0), hurrena 4-3 galdu zuen Galatasarayren kontra, eta berdindu egin zuen laugarren jardunaldian etxean, Bragaren aurka (1-1). Bada datu esanguratsu bat: lau partidatan zazpi gol sartu dituzte suediarrek, eta neurketa bakar batean ere ez dira geratu golik sartu gabe. Joko alaia eta erasokorra egiten dute, baina zelai erditik atzera dituzte arazoak: zortzi gol sartu dizkiete. Michael Baidoo da haien jokalari onena; hain zuzen, Iñaki Williamsen selekziokidea da Ghanan. 

Denboraldiaren garai hauetan zaila izanagatik ere, jokalari guztiak prest izango ditu Valverdek, eta badirudi txandakatzeak egingo dituela hamaikakoan. Izan ere, datozen lau asteetan maratoi moduko batean murgilduta egongo da Athletic. Lau hilabetez min hartuta egon eta gero, baliteke Unai Simon atezainak jokatzea sasoi honetan lehen aldiz. 

Reala, premia gorrian

Athleticek baino presio handiagoa duela ekingo dio jardunaldiari Realak, orain arte ez baititu behar bezala osatu etxeko lanak. Lehen zortzien artean sailkatzea ia ezinezkoa du, baina gutxienez bederatzigarren eta 24. postuen artean amaitu nahi du lehen fasea, final-hamaseirenetan izateko. Soilik lau puntu bildu ditu orain arte, jokoan izandako sentipenak ere ez dira oso onak izan, eta zaleen aurrean Europako gau magiko bat bizi nahi du. Imanolek ez du final bati buruz hitz egin nahi. «Ez dut dramarik nahi. Partida guztiak dira garrantzitsuak, eta galtzea aukeren artean dago. Ajax talde izugarria da, bolada bikainean dago, baina guk gurea ematen badugu irabazteko aukera izango dugu. Nortasunez jokatzea, hori besterik ez dut eskatzen». 

Sucic
Sucic, Becker eta Sadiq, atzoko lan saioan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Ajax garai bikainean dago: lehiaketa guztiak aintzat hartuta, hamasei partida daramatza eta galdu gabe. Europa ligan ere bikain egin ditu lanak orain arte, eta bigarren dago sailkapenean, hamar punturekin. Hiru garaipen pilatu ditu bidean, eta berdinketa bat: Besiktas (4-0), Qarabat (0-3), Maccabi Tel Aviv (5-0) eta Slavia Praga (1-1). Guztira hamahiru gol sartu ditu, eta bakarra jaso. Aurkariari baino gehiago, bereari begiratu behar dio Realak, eta helduleku aparta du, orain bi astekoa. «Bartzelonari ligan irabazi genion, eta horrek esan nahi du gaitasuna badugula edonor menderatzeko», esan du Imanolek. Deialdiari dagokionez, Bilboko talde bera osatu du, eta, ondo bidean, Aihen Muñoz eta Brais Mendez hamaikakora itzuliko dira.

ajaxen 2.000 zale espero dira donostian

Donostian segurtasun operazio berezia prestatu dute udalak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Realak. Anderlechten aurkako partidan izandako istiluen ondoren, Ajaxi sarrerarik ez saltzeko asmoa agertu zuen Realak, baina UEFAk sarrerak saltzera behartu zuen. Horrela, Herbehereetako taldeko 2.000 zale inguruk bidaiatuko dute Donostiara.

Kursaalean elkartuko dituzte Herbehereetako zaleak, 18:15ean, eta Urumea ibaiaren ertzetik eramango dituzte Anoetaraino, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eskoltatuta. Gainera, Anoeta inguruko errepideak ixten hasiko dira 18:00etan. Anderlechten aurkako partidan antzeko neurriak hartu zituzten, baina estadio barruan gertatu ziren istiluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.