ainara arratibel gascon

Jokoz kanpo daude

2023ko abenduaren 8a
05:05
Entzun

Gaur bete dira 25 urte Atletico Madrileko ultra batek Aitor Zabaleta hil zuenetik. Aurten, Ion Aranburu donostiarra jipoitu zuten Sorian Numantziako, Leganeseko eta Zaragozako ultra batzuek, eta ia hilabete eman zuen koman. Hilketa eta jipoi horien atzean ideologia ultraeskuindarra dago, eta futbolaren bozgorailua hori modurik krudel eta bidegabeenean erakusteko tresna izan da.

Argi dago klubek orain arte hartu dituzte neurriak ez direla nahikoa izan futbolean dagoen egiturazko indarkeria horri aurre egiteko. Urteetan, klub askok babestu egin dituzte beren ultra taldeak. Izan dira klubak, besteak beste, sarrerak eta bidaiak ordaindu dizkietenak talde horiei, eta haien jarrera onartezinen aurrean ez ikusiarena egin dutenak. Beldurra izan dute benetako neurriak hartzeko, talde haien partetik izan zezaketen erantzunarengatik. 

Futbolari lotutako erakundeei ere gehiago eskatu behar zaie. Isun ekonomikoekin ez da nahikoa. Huskeria dira haientzat. Min gehiago egingo lieke, adibidez, puntuak kentzea beren zaleen jarreragatik. Orduan, ziurrenik, klubek serioago hartuko lukete beren ultra taldeen kontrola. Orain aste batzuk Benficako ultrekin Donostian gertatutakoa ikustea besterik ez dago: Milanen liskarrak sortu eta gero, Donostiara inpunitate osoz bidaiatu zuten, eta izua eragin zuten bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere. 

Larriena da, gainera, beheko mailetan ere gertatzen dela. Gizarte moduan erantzun behar diogu horri, eta heziketa da bidea. Izan ere, bizitzan bezala, futbol zelaietan ere indarkeria eta tolerantziarik eza jokoz kanpo daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.