Mikel Larunbe. Asegarceko pilotaria

«Jokoaren erritmoak harritu nau; txapelketa beste kontu bat da»

Aurreneko urtea du Lehen Mailako txapelketan, eta «gozatzen eta sufritzen» ari da. Ikasketa prozesu moduan hartu du, baina ez dio uko egiten finalerdietarako sailkatzeari. Oraingoz, lehian daude.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Energia berriztagarrien ingeniaria da, eta, orain, irakaskuntzarako gaitasun agiria ateratzen ari da. «Bigarren Hezkuntzako irakasle izan naiteke: matematika, fisika...». Mikel Larunbek (Galdakao, Bizkaia, 1993) ikasketak eta pilota uztartu ditu, «kostata», dioenez, «bietan arreta guztia jartzea zaila» delako. Aitortu du ikasketak bukatu eta pilotan buru-belarri hasi zenean goraka egin zuela. Prozesu horrek binakako txapelketara eraman du, eta, gaur, bere herrian jokatuko du, Galdakaon.

Etxean jokatuko duzu gaur; kalte edo mesede egiten du?

Mesede! Hainbat arrasti polit pasatu ditudan pilotaleku horretan Lehen Mailako txapelketako partida bat jokatzea gauza handia da. Herriko jendea, lagunak... denak gugaz, eta hori polita da. Pilotaleku ezaguna da, eta, alde horretatik, ez dago aitzakiarik. Jesarritako sarrera batzuk gelditzen dira,baina zutikako sarrerak amaituak zeuden. Giro polita egongo da.

Jon Ander Albisuren aurka jokatuta ez zaizu faltako lanik.

Niri ez zait falta izan lanik; partida guztietan pilotakada asko jo behar izan ditugu. Albisu izango dut parean: erraz dabil, asko ematen dio. Gero, Victor dago, pilotari elektrikoa... Asko defendatu beharko dugu, baina Bengoetxea garai oso onean dago.

Lehen txapelketa duzu. Zer-nolako balantzea egiten duzu?

Denetarik eduki dut. Partida onak, txarrak... Partidaren batean ondo jokatu arren hiruzpalau pilota erraz bota ditut. Faseak izan ditut. Gauza asko ikasten ari naiz. Txapelketa bukatzean, hasi nintzenean baino atzelari hobea izango naiz.

Gabezia nabarmena erregulartasunik eza izan da.

Joko puntu onek gehiago iraun dezaten lortu behar dut. Erregulartasun gutxikoa izan naiz, baina halako partidak jokatzen ikasi egiten da. Azken partidetan zuzendu egin dut, eta ea hala jarraitzen duen.

Postua udan irabazi zenuen. Orduan hobeto al zeunden jokoz?

Udan puntutxo bat gorago egon nintzen? Igual bai, baina ez asko. Aldea lehiaketaren exijentzia: pilotak, aurkariek ez dute bezperan jokatu...

Alde handia al dago txapelketaren eta udako torneoen artean? Zerbaitek harritu zaitu?

Erritmoak. Udan beste itxura bat hartzen nien partidei. Orain abiadura beste bat da, azkarrago jokatzen da. Tanto bat, bestea... Txapelketa beste kontu bat da. Pilotari denek oso ondo prestatu dute, puntu-puntuan daude; pilotak ere exigenteagoak dira.

Zer esan dizu Bengoetxeak? Asko hitz egiten duzue?

Oso harreman ona izan dut haregaz, eta asko poztu nintzen haregaz jokatuko nuela jakitean. Une onetan animatu egiten nau, baina txarretan are gehiago. Etxebarriko partidaren ondoren, luze hitz egin genuen, eta oso ondo portatu da nigaz. Kantxan asko, baina kanpoan ere bai. Bera oso gogorra da buruz, oso baikorra, eta transmititu egiten dit.

Matematika irakasle izateko ikasten ari zara; beraz, busti. Matematiken arabera, zenbat garaipen beharko dira sailkatzeko?

Matematikek pilotan ez dute askorako balio. Oraindik asko gelditzen da. Pilotalekuan lan ona egin behar dugu, eta, ahal bada, zazpi puntu atera. Ez dakit zazpigaz sailkatzea ziurra izango den, baina hor ibiliko da.

Lau urte behar izan dituzu Lehen Mailako aukera izateko. Asko edo gutxi izan dira?

Atzelariak denbora behar du. Badaude batzuk izarrak direnak: Zabaleta, Rezusta... iritsi eta berehala daude goian. Besteok, ni bezalakoek, lan eta lan egin behar dugu. Denbora gehiago behar izaten dugu gora iristeko.

Profesionaletako zure lehen bi urteak gogorrak izan ziren. Kosta zitzaizun martxa hartzea.

Egia da. Askok esaten didate: «eskuetatik gaizki zeunden», «eskafoideko lesioarekin ere luzaroan ibili zinen...» Hori egia da, baina, horrez gain, ondo nengoenean ere kostatu egin zitzaidan maila ematea eta erregulartasuna lortzea. Baina Pablo Berasaluzegaz egin nuen berba, eta hark esan zidan: jokatu gura baduzu, pilotalekuan beste era batera egin behar duzu lan. Ordu gehiago sartu, ariketa zehatz batzuk egin... Egunero. Eta egingo duzu gora. Kasu egin nion, lan eta lan, Josetxu Areitio eta xaboi potearekin, Asegarceko entrenamenduetan... Orain ez dugu Josetxorekin jarraitzen, baina ni banabil ariketak egin eta egin. Gauzak lortzen dira motibazioa baduzu. Nik beti diot zortea bilatu egiten dela.

Tristea da Iurretako lan multzoa desegin izana...

Multzo polita genuen, oso ona. Josetxo gugaz ahal betean ibiltzen zen; asteburuetan ere deitzeko aukera zegoen. Nigaz, tira, guztiogaz, baina nigaz bereziki, sekulako lana egin zuen. Oso eskertua nago, eta badaki. Baina orain gauzak aldatu egin dira, eta beste era batera moldatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.