Jokoan ezer ez duela

Anoetan jokaturiko azken hiru lehietako bideari eutsi nahi dio Realak gaur, Getafe garaitzeko. Taldea motibatzen lanak izango ditu Eusebiok

Eusebio Sacristan, jokalariak animatu nahian, joan den asteburuan, Espanyolen aurka. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
jon eskudero
<i>Donostia</i>
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Denboraldia amaitzeko oraindik laurden bat falta bada ere, jokoan aparteko ezer ez duela geratua dago Reala. Benetan egoera tristean, alegia. Sasoi hasierako aurreikuspenetatik oso urrun jardun ondoren, sailkapenean ez atzera eta ez aurrera daude txuri-urdinak, eta zaila da maiatzera bitarteko motibazioa bilatzea. Begien bistakoa da jarraitzaileen haserrea, eta bakeak egiten hasteko, liga duin amaitzea besterik ez du buruan Eusebio Sacristanen taldeak. Bada, gaur eman nahi du lehenengo pausoa, etxean Getaferi irabazita. Eusebioren esanetan, azken hitza oraindik esan gabe dute, posible ikusten baitu azken txanpan gora egitea. «Ez dugu ezer galduta ikusi behar. Oraindik 30 puntu daude jokoan, eta, edozertarako aukerak ditugun bitartean, ezin dugu burua jaitsi».

Aspaldian halako baieztapenei heldulekua bilatuz dabil entrenatzaile espainiarra, baina hitzak ekintzaz jostea falta zaio. Taldeak azken hamar partida distiratsu jokatu eta Europako ligarako sailkapena lortu ezean, Donostiatik urrun egongo da haren etorkizuna. «Klubeko presidente eta kirol zuzendariarekin etengabeko harremana dut, eta ez didate esan halakorik. Duela bi urte eta erdi aulkian eseri nintzen ilusio berarekin nago, gogotsu eta indartsu». Hazteko aukera ikusten dio taldeari. «Nire aroa ez dago iraungita. Bolada zailean gaude, baina nahi nuke hemen segitu».

Dirudienez, zuzendaritza batzordeak erabakia hartuta dauka, eta zaleek ere begi onez ikusiko lukete Eusebio kaleratzea, nahiz eta taldeak Anoetan lortutako azken emaitzak onak izan diren. Besteak beste, azken hiru partidak irabazi egin ditu Donostian: Deportivori (5-0), Levanteri (3-0) eta Alavesi (2-1). 2010ean Lehen Mailara itzuli zenetik, lau garaipen jarraian soilik hiru aldiz lortu izan ditu etxean. Marka hori berdintzeko aukera izango dute gaur txuri-urdinek.

Ezbairik gabe, neurri gogorreko aurkaria izango dute, Getafek gustuko zelaia baitu Anoeta. Estatistikek hala diote, behintzat. Bertan jokatu izan duten %78an punturen bat lortu izan dute madrildarrek. Dena den, Eusebiok irabaztea espero du. «Orain arteko bideari eutsi behar diogu. Egoera zaila izanagatik, gure jarrera ezin dugu aldatu, eta lanerako gaude. Denok bat eginda, liga indartsu amaitu behar dugu».

Aritz, deialditik kanpo

Entrenatzaileak batasun hitza aipatu arren, jokalari guztiak ez ditu konforme edukiko, Aritz Elustondo, batez ere. Defentsako lerroan sasoiko jokalari onentsuena izan arren, nahi adina minutu jokatu gabe dago, eta Getaferen kontrako partidarako deialditik kanpo utzi du Eusebiok. Baita Kevin, Pardo eta Bautista ere. Jokalari gehiegi, harrobiaren alde lan egiteko prest dagoen entrenatzaile batentzat.

REALA-GETAFE

Reala. Moya; Odriozola, Raul Navas, Hector Moreno, De la Bella; Zubeldia, Illarramendi, Zurutuza; Oiartzabal, Januzaj eta Willian Jose.

Getafe. Guaita; Damian, Djene, Bruno, Antunes; Mauro, Fajr, Portillo, Amath; Molina eta Angel.

Epailea. Estrada Fernandez.

Lekua. Anoeta (25.000 ikusle)

Ordua. 18:30ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.