Jokoak, ikusmiran

Munduko txapelketan egindako lan txukunak 2016ko Olinpiar Jokoetarako ateak ireki dizkio. Orain, urtebete du «estrategia zehaztu» eta emaitza onenen bila abiatzeko.

2015eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoetarako sailkatuta, lasai nago». Postua eskuratuta, Rio de Janeiron (Brasil) izango da Pablo Carrera (Bilbo, 1986) datorren urtean. Eta pozik dago: «Lau urteko zikloan egin beharrekoak bete ditudala uste dut». Olinpiar tiroa da Carreraren kirola, pistolarekin. Bi probatan parte hartzen du: 10 metrokoan, aire konprimatuko pistolarekin, eta 50 metro librean, suzkoarekin. «Zehaztasun lanak dira. Desberdintasunak distantzia eta armak dira. Suzkoa, esaterako, 22 kalibrekoa da».

Azerbaijanen jokatu dira munduko txapelketak, eta 50 metroko proban sailkatu da Riorako. Probetako batean sailkatzeak bietan aritzeko aukera ematen du. Orain arte, 10 metrokoan hobeto moldatu da, baina txapelketan ez da hala izan: «10 metrokoa zailagoa izan zen niretzat. Bero handia egiten zuen, eta, argien eraginez, jomuga lausotuta ikusten zen. Kontzentratzea zaila zen». Gainera, buruko nekeak ere eragin zion:«10 metroko proban nabaritu nuen bereziki, hartan aritzen bainaiz gehien. 50 metrokoan beranduago hasi nintzen entrenatzen, eta freskoago iritsi nintzen txapelketara».

Beste zenbait kiroletan ez bezala, olinpiar tiroan burua da gorputzeko atalik garrantzitsuena: «Une jakin batean kontzentratzen jakin behar duzu, ordubetez edo bi orduz. Emozioak kontrolatu behar dira». Eta asiarrak dira horretan onenak. Txapelketa asko irabazten dituzte, eta Carrerak uste du kontzentrazioa nola landu ikasi dutelako dela. Gainera, asiar gehienak profesionalak dira, kiroletik eta kirolerako bizi dira: «Egun osoa entrenatzeko erabil dezakete». Baina, herrialde gehienetan, hori ez da posible, eta Carreraren kasua ez da salbuespena: «Soldata ziurtatzen ez dizun kirol bati ezin zaio egun osoa eskaini».

Horregatik, ezinbestekoa da BAT Basque Teamek eta Espainiako Olinpiar Batzordeak emandako diru-laguntzak lortzea. 10.000 eta 60.000 euro artekoak dira, lortutako emaitzen arabera, baina ez da lan samurra horiek eskuratzea: «Beka lortzeko, Olinpiar Jokoetan aurreneko zortzi partaideen artean sartu behar duzu, edo aurreneko seien artean Europako Txapelketan. Baina gogorra da, urtebetean lortu behar baita. Gainera, maila altueneko txapelketaren emaitzak balio du, eta Europako Txapelketa irabazi arren, urte berean Olinpiar Jokoak badira, haietan sailkatu behar da laguntza lortzeko».

Laguntzak lortu eta urtez urte gora egin nahian, egunero entrenatzen du: «Hirutan banatzen dut lana. Gimnasioan aritzen naiz, pisu txikiekin, erresistentzia muskularra lantzeko, eta aerobikoa ere lantzen dut: korrika... Baina pasatu gabe, nekea saihestu behar baita. Bestalde, tiro teknika lantzen dut, bi edo hiru orduz egunean, eta, hiru egunetik behin, atseden hartzen dut. Armak ere guk prestatzen ditugu».

Hurrengo sasoirako entrenamenduak prestatuko ditu orain. Riorako dagoeneko sailkatu den hirugarren euskal kirolaria da, Iker Martinez marinela eta Trihas Gebre korrikalariarekin batera. Urtebete lehenago jakitea jokoetan izango dela abantaila da beretzat: «Zorionez, estrategia prestatzeko denbora dut».

Estrategia prestatu, eta lana gogor egin beharko du 2012an Londresen lortutakoa berdintzeko: sailkapen fasean laugarren eginda igaro zen finalera, eta seigarren postuan amaitu zuen bere lehen jokoetan. Orduko emaitzak gogoan, lasai dago, nahiz eta bere buruari presio apur bat jarri nahi dion: «Jokoak ikusmiran ditudala egin behar dut lan orain, hitzordu garrantzitsuena baitira lau urteko zikloan. Finalean sartzea eta dominarako aukera izatea dira orain helburuak».

Lortutako postua dena delakoa izanda ere, ondo bidean ez dira bere azken Olinpiar Jokoak izango. Izan ere, tiratzaileen kirol bizitza luzea izaten da. «Kirol hau egiteko, ez da ahal fisiko handirik behar. Kontzentrazio eta lan psikologiko kontua da» aitortu du. Uztekotan egon da aurten, kirolaz gaindiko arrazoiengatik, baina orain etorkizunari begiratzen dio: «Gorputzak jasaten duen bitartean jarraituko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.