Santiago Bernabeun jokatzea dentistarenera joatearekin alderatzen zuen Joaquin Caparrosek Athleticeko entrenatzaile zenean: hau da, inork joan gura ez eta derrigorrez bisitatu beharreko lekua da. Hortzak konpontzea, garestia izateaz gain, mingarria ere izan daiteke. Real Madrilen etxera bisitan joan eta jipoia hartuta bueltatzeko arriskua ere handia izan ohi da. Datorren otsailean beteko dira hamabost urte Athleticek Bernabeun irabazi zuen azken alditik. Ordutik, hamahiru aldiz galdu du, eta behin berdindu. Duela sasoi bi izan zen hori, Iñaki Williamsek sartutako gol bat esker —Real Madrilena Cristiano Ronaldok egin zuen—.
Beraz, gaur zelairatuko diren jokalari gehienek badakite zer den zelai gaitzenetako batean emaitza ona eskuratzea. Ez da gutxi, Athleticeko jokalari ohi askok garaipenetik gertu egotea zer den ere ez baitzuten jakin. «Bernabeun bi, hiru edo lau gol jasotzea normala da. Real Madril mundu mailako selekzioa da. Haien etxea sasoian behin bisitatzen du futbolariak. Zaila da Real Madril ezustean harrapatzea». Pablo Orbaizen esanak dira. Erdilari nafarra zelaian zegoen Athleticek Real Madrilen etxean azken garaipena lortu zuenean. Urte asko pasatu dira, baina ondo oroitzen da. «Inoiz ahaztuko ez dudan partida izan zen. Bernabeun gutxitan irabazten da. Asierren [Del Horno] eta Andoniren [Iraola] golak gogoan ditut oraindik. Polita izan zen».
Real Madril talde handia da. Irabazlea. Txapelketa gehien irabazi duen kluba da. Eta kopa gehiago altxatzeko ari da lanean. Urtetik urtera inbertsio handiak egiten ditu onenen artean jarraitzeko. Ondorioz, talde lanagatik ez bada jokalarien talentuari esker irabazten ditu norgehiagoka asko. Jokoa erakusten du batzuetan, eta joa beste askotan. Oso gaitza baita Real Madrilek jarraitzaileen aurrean izaten dituen indarraldiei aurre egitea. «Bernabeun beti dago Real Madril estu hartzeko aukera. Utzi egiten dizu jokatzen. Hori bai, Real Madrilen joa ikaragarria da. Aitaren batean, txikitu egin zaitzake».
Athleticek joko eta emaitza bolada onean dagoen Real Madril bat izango du aurrean. Denboraldia kaskar hasi ostean, Zinedine Zidanek —Athleticek Bernabeun irabazi zuen azken partidan jokatu egin zuen— piezak lotzea lortu du. Cristiano Ronaldoren hutsuneari aurre egiteko talde gisa ari da jokatzen. Camp Noun jokatu berri duen partidan erakutsi zuen talde sendoa dela. «Ez ditugu oporrok gura», esan zuen Sergio Ramos kapitainak joan den asteazkeneko lehiaren ostean. Gozatzen ari dira. Defentsaren eta erasoaren arteko oreka lortu du talde zuriak.
Futbolari asko ari dira nabarmentzen, baina bat beste guztien gainetik ari da. Karim Benzema, arlo pertsonalean nabarmentzeaz gain, ingurukoak hobeak egiteko gai da. Erdiko aurrelaria gertutik jarraitu beharreko futbolari bat izango da. «Cristiano Ronaldoren itzalean egon da. Egun, fin ari da. Golak sartzeaz gain, jokoan asko parte hartzen du. Athleticek ondo zaindu beharko du». Bestalde, euskarri ohiak ez du uste Real Madrilek aste barruan jokatu izanak Athletici mesede egingo dionik. «Halako taldeak erasokorrago aritzen dira astean bi partida jokatzen dituztenean. Denbora tarte gutxian partida garrantzitsu asko jokatzera ohituta dagoen talde bat da».
Area biak zaindu beharra
Urte bikaina biribiltzeko, etxetik kanpo aurrerapausoa emateko eskatu dio Gaizka Garitanok taldeari; zelai garrantzitsu batean neurria ematea, alegia. Bada, horretarako aurrean zein atzean asmatu beharko duela iritzi dio Orbaizek. Azken finean, dena ondo egin beharko duela. «Bernabeun irabazteko, area bietan eraginkorra izan beharra dago. Aukerak baliatu egin behardira. Bestalde, Real Madrilek bereak izango ditu, eta, une hori iristen denean, eutsi egin behar da». Huescan entrenatzaile laguntzaile aritu ostean, Orbaiz etxetik ari da futbola jarraitzen. Partida asko ikusten ditu. Athleticenak ere bai. Meritu handia ematen dio Gaizka Garitanoren taldea egiten ari den lanari. «Gustuko dut. Talde osoa eta orekatua dela uste dut. Kontua da aspaldiko txapelketarik berdinduena dela aurtengoa. Baloratu egin behar dugu Athletic egiten ari den lana».
REAL MADRIL-ATHLETIC
Real Madril. Courtois; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Mendy; Valverde, Kroos, Modric; Rodrygo, Bale eta Benzema.
Athletic Simon, Lekue, Yeray, Iñigo; Yuri; Dani Garcia; Unai Lopez, Williams; Sancet, Cordoba; eta Raul Garcia.
Epailea. Cordero Vega.
Lekua. Santiago Bernabeu.
Ordua. 21:00 (La Liga).
Jokoa ez badauka, joa erakusten du
Athleticek 2004-2005eko denboraldian irabazi zuen azken aldiz Santiago Bernabeun, Del Hornoren eta Iraolaren golei esker. Ordutik, berdinketa bat eskuratu du hamalau partidatan; duela sasoi bi izan zen hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu