Realarentzat gogoangarria izan zen aurreko denboraldia, Txapeldunen Ligarako sailkatu baitzen Natalia Arroyoren taldea. Lorpen horretan jokalari garrantzitsuenetako bat izan zen Iris Arnaiz.Taldearen biriketako bat izan zen euskarria, eta zaleen jokalari kutunetako bat bihurtu zen, zelai barruan eta kanpoan erakutsitako konpromisoarengatik. Askok ez dute ahaztuko, Alavesi Anoetan irabazi, eta bigarren postua ziurtatu ostean, Realaren bandera handi bat hartu, eta zelaia alderik alde zeharkatu zuen unea.
Denboraldi amaieran min hartuta egon zen, eta azken neurketetan ez zuen aurretik bezainbeste jokatu. Sasoi honetan ere kostatu zaio martxa hartzea. Baina ari zaio egoerari buelta ematen. «Taldekideei eta entrenatzaile multzoari esker, konfiantza eta nire jokoa berreskuratzen ari naiz partidaz partida; taldearentzat jokalari garrantzitsua naizela sentitzen ari naiz berriz».
Zelaian erakutsi ohi duen zintzotasunez mintzatu da. «Denboraldiaurrean, lesioa baino lehen izandako sasoia eta erritmoa berreskuratzen ahalegindu nintzen, baina kostatu egin zitzaidan. Ez nintzen ari nirea ematen. Nataliari [Arroyo] azaldu nion nola nengoen, eta, esan bezala, asko lagundu didate».
Taldea ezeren gainetik jarri du: «Bakoitzak jakin behar du zein egoeratan dagoen, autokritika egin, eta onartu eta barneratu beste taldekide bat hobeto badago hark jokatu behar duela. Bitartean lanean jarraitu behar duzu, taldekideei lagundu, eta, aukera iristen zaizunean, baliatu». Partidaz partida hobeto ari da, eta teknikariak emandako aukera aprobetxatzen.
Zelaitik kanpo ere «oso-oso gustura» dago Donostian.«Nik beti esan ohi dut leku batean zoriontsu zarenean ez duela gehiago behar. Egunerokoa oso erraza da hemen; familia bat topatu dut. Luxu bat da hemen egotea, eta bizitzen ari naizena bizi ahal izatea. Klub honen balioekin erabat identifikatuta sentitzen naiz».Taldekideak goraipatu ditu. «Niretzat nire taldea txapelketa onena da, eta izugarri gozatzen eta ikasten dut egunero».
Arnaiz multzoaren ispilu izan da. Talde txuri-urdinari kostatu egin zaio martxa hartzea. Lehen partida Vila-reali irabazi ostean, hurrengo hirurak berdindu egin zituen. Iragan igandean, berriz, berriro ere hiru puntuak zakuratu zituen, Sporting Huelvari 0-2 irabazi eta gero. «Gogoz geunden berriz irabazteko. Granadillaren eta Betisen aurka, adibidez, irabazteko moduko gauzak egin genituen, ate aurrean asmatzea faltatu izan zitzaigun. Ondo ari gara, eta bide horretan jarraitu behar dugu. Pixkanaka nahi dugun Reala ikusten ari gara». Orain arte ez dutela galdu ere nabarmendu du. «Hori ere kontuan hartu behar da. Berdinketetako asko, gainera, azken unean lortu ditugu, eta horrek erakusten du nolako nortasuna duen taldeak, eta nola ikasi duen hortzak estutzen eta sufritzen». Ate aurrean ez asmatzea, berriz, bolada kontua ere badela uste du. «Iragan denboraldian bi aukera izan, eta hiru gol sartzen genituen. Honetan, berriz, bost ditugu, eta bakarra sartzen dugu, edo ez dugu asmatzen. Aldatuko da joera. Motibazio bat ere bada lanean jarraitzeko, eta gol aukera garbiagoak bilatzeko».
Aurreko denboraldi onaren ostean, berretsi du aurkariek estuago hartzen dituztela, atzerago sartzen direla. «Baina horrek ez digu eragotzi behar gure ohiko jokoarekin jarraitzea. Baloia edukitzea eta jokoaren ekimena izatea ditu oinarri, eta eroso gaude. Iragan urtean ondo atera zitzaigun, eta honetan ere hala izateko ari gara lanean».
Aste garrantzitsua da datorrena. Gaurko Alavesen aurkako partidaz gain, beste bi neurketa jokatuko baitituzte. Asteartean Atletico Madrilen zelaian arituko dira, eta larunbatean Madril hartuko dute. «Ondo lehiatzen diren hiru talde dira, eta udan oso ondo indartu direnak».
Gaurko partidari erreparatu nahi izan dio. Euskal Herria Kopako finalean jokatu zuten azken aldiz Alavesen kontra, eta 4-1 irabazi zuten. Gainera, Mikel Cresporen taldea behar gorrian dago, jokatutako bost partidetan puntu bakarra irabazi baitu, eta sailkapenaren zuloan dago. Baina Arnaiz zuhurtziaz mintzatu da. «Baloia edukitzea gustatzen zaion taldea da Alaves, eta intentsitate handiz jokatzen duena, ez die muzin egiten buruz buruko jokaldiei. Ez da erraza izango. Gakoetako bat aurretik jartzea izan daiteke. Horrek patxada eman diezaguke guri baloia izateko orduan, eta haiek urduri jarri».
Uste du denboraldi honetan estuagoa izango dela Txapeldunen Ligara sailkatzeko borroka «Berdintasun handia dago. Baina gure helburua borroka horretan egotea da. Taldea eta maila daukagu horretarako».
Athletic ere, gaur
Athleticek ere gaur du partida. Atletico Madril hartuko du Lezaman (11:45, Gol). Lehen jardunaldian irabazi ostean, hurrengo partidetan puntu bakarra urratu du Iraia Iturregiren taldeak. Teknikariak honela aztertu du neurketa: «Jakitun ginen hasiera gogorra eta zaila izango zela. Baina taldea indartsu ikusten segitzen dut. Joan-etorrietan min egin diezaiekegu».
«Jokoa berreskuratzen ari naiz»
Alavesek eta Realak elkarren aurka jokatuko dute gaur Ibaian (16:00, Dazn). Iris Arnaiz Realeko jokalariak partida «zaila» espero du. Euskarria funtsezko jokalaria da Natalia Arroyoren taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu