Aperribai: «Imanolek ez dit azalpenik eman bere erabakiaz, eta ez nuen horren beharrik»

Realeko presidenteak Radio Marcan eman du elkarrizketa, eta esan du aspalditik zutela erabakita Alguacilek postuari eutsi ezean Sergio Francisco izango zela haren ordezkoa.

Jokin Aperribai Realeko presidentea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jokin Aperribai Realeko presidentea. MAIALEN ANDRES / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko apirilaren 28a
17:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Jokin Aperribai Realeko presidenteak azalpenak ematen ditu Imanol Alguacilek Reala uzteko hartutako erabakiaren inguruan, baita hura ordezkatzeko Sergio Francisco aukeratu izanaz ere. Ez da prentsaurreko batean izan, baizik eta Radio Marca irratian egindako elkarrizketa batean. Aperribai Imanolen agurra azaltzen hasi da. «Ostegunean goiz jaiki nintzen, eta Imanolen mezu bat neukan. 11:30ean geratu ginen, eskerrak eman zizkidan, esperientzia ahaztezin bat izan zela esan zidan, eta postuan ez zuela jarraituko jakinarazi. Nik esan nion ondo pentsatzeko, ez genuela presarik erabakia hartzeko, berak jarraitu ezean ordezkoa etxean genuelako. Baina esan zidan erabakia hartuta zegoela. Besarkada bat eman genuen elkar, 20 minutuz egon ginen hizketan, eta entrenatzera joan zen. Espero nuen erabakia hori izatea. Gure arteko harremana ederra izan da».

Arrazoien inguruan ez du argibiderik eman. «Ez dizkiot eskatu, ez dizkit zertan eman behar, eta, gainera, ez daukat horren beharrik». Baina ondorengoa gehitu du: «Ziur nago Imanolek ez zuela hemendik joan nahi, baina zintzoa izan da bere buruarekin eta Realarekin. Ez zuen hemen egon nahi egoteagatik, baizik eta Reala gora eramateko eta ahalik eta lorpen handienak izateko. Guk itxaron besterik ez dugu egin, eta lasai egoteko esan. Lortu duen guztia lortuta, merezi zuen hori. Ez dut uste energia falta izan zaionik segitzeko, baina denbora asko izan da gorenean, eta horrek nekea eta higadura eragiten ditu. Agian ingurukoek hura hobeto ulertzea behar zuen. Ziur nago egunen batean itzuliko dela, eta orain eskerrak ematea besterik ez dugu. Ea hurrengo sei urte eta erdiak hain onak diren».

Azkenaldian izandako elkarrizketen inguruan hauxe esan du. «Zertan hobetu zitekeen aztertzeko esaten genion, ez zerbait leporatzeko, baizik eta hobetzeko. Ziurrenik ni hura baino gehiago erratu naiz urte hauetan, hark apenas egin baitu. Haren exijentzia, lanerako gaitasuna, intentsitatea, izaera lehiakorra... ikaragarriak izan dira. Horri ematen diot batez ere balioa».

Sergio Francisco izango da haren ordezkoa. «Aspalditik genuen argi Robertok [Olabe], Erikek [Bretos] eta nik Imanolek jarraitzen ez bazuen hura izango zela ordezkoa. Klub honetan beti begiratu izan dugu barrura». Sergio Francisco aukeratu izanaren arrazoiak aletu ditu ondoren. «Urte asko daramatza klubean, lan bikaina egin du, ondo ezagutzen ditu klubaren etorkizuneko zutarri izango diren jokalariak, analisirako gaitasun handia du... Prest dago urratsa egiteko. Reala B-ren nondik norakoen berri ez dutenak harritu egingo dira, eta ziur nago Realak oso ondo jokatuko duela. Aukeratu izan ez bagenu, huts egingo genien, bai Sergiori, baita klubeko alor guztietan urratsak egiteko moduan dauden pertsonei».

Etorkizuneko Reala eraikitzen ari direla nabarmendu du. «Horregatik aipatu nuen liburu berriarena. Egonkortasuna da guretzat garrantzitsuena, eta horren gainean egin nahi dugu lan, talentu asko duen jende gaztearekin. 2018an ere hala izan zen, eta begira zer lortu dugun. Ederra litzateke eraikuntza fase honetan ere halako emaitzak lortzea berriro. Itxarotea merezi duten jokalariak ditugu: Turrientes, Olasagasti, Marin... Nola ez dugu itxaropena izango Orri Oskarssoengan ere? 2004an jaiotako jokalari batez ari gara, eta sei urterako kontratua du. Pazientzia izan behar da».

Udan izan daitezkeen joan-etorrien inguruan ez du azalpen askorik eman nahi izan. «Erik eta Sergio hasi dira horretan lanean». Baina berretsi du orain arreta osoa jarri behar dutela seigarrenez segidan Europan sartzeko ahaleginetan. «Bost partida falta dira, eta lor dezakegu».

Emakumezkoen taldearen egoera txarraz ere mintzatu da. «Agian iazko udan bizkorregi aritu ginen». Halaber, ia ziurtatu egin du Amaiur Sarriegik ez duela Realean jarraituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.