Segurtasunari buruzko gaiek garrantzi handia izan dute Realak gaur Donostiako Kursaal jauregian egin duen akziodunen batzar nagusian. Horren erakusle da Jokin Aperribai klubeko presidenteak gai horri buruz hizketan ekin diola batzarrari. «Pertsonen segurtasunari buruz hitz egin nahi dut lehenbizi. Haiek dira gure lehentasun nagusia. Azken urtean hartu ditugun neurriek pertsonen segurtasuna handitzea dute helburu», esan du haren hitzaldia hasi bezain laster.
Istiluak izan dira Realak azkenaldian Anoeta estadioan jokatu dituen Europa ligako partidetan. Larrienak duela bi hilabete gertatu ziren, talde txuri-urdinak Anderlechten aurka jokatu zuen neurketan. Belgikako taldearen ultra batzuek eserlekuak, kristal zatiak eta beste hainbat gauza jaurti zituzten etxeko zaleen harmaila batera. Epaileak une batez geratu egin zuen neurketa, baina ez zuen erabat eteteko erabakirik hartu. Istiluen harira, bost belgikar atxilotu zituen Ertzaintzak.
Aperribaik azaldu duenez, egun horretan gertatu zena izan zen Anderlechteko ultra horiek kanpoko taldeen zaleen eremuak duen metakrilatoa puskatu zutela, eta zuloa egin zutenean, handik aulki zatiak botatzen hasi zirela. Horrelakoak berriro ez gertatzeko, Realeko presidenteak azpimarratu du «gero eta segurtasun neurri gehiago» hartzen ari direla. Hala ere, zehaztu du Ertzaintzaren protokoloak «hobetu» egin behar direla.
Hain zuzen, istilu horietako batean, Realak eta Paris Saint Germainek martxoaren 5ean Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian, buruan larri zauritu zuten Amaya Zabarte gipuzkoarra, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz. Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen ustez, eta, gainera, gertaera horren inguruan kaleratu diren irudiek islatzen dute ertzain batek ostiko bat eman ziola 44 urteko emakumeari, lurrean zegoela, haren albotik igaro zenean. Zabarte sakelakoarentzako seinale bila zebilen, Errondo pasealekuko errepide arteko lorategi estuan, inolako istilutan parte hartu gabe; baina ospitalean bukatu zuen, buruan kolpe latz batek eragindako zauri larriarengatik, eta haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion.
Familiak jarritako salaketak ez zuen aurrera egin, ordea, eta Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuen. Familiaren abokatu Iker Sarriegik, orduan, helegitea jarri zuen, gerora ezagutu diren irudi argigarriak mahai gainean jarrita eta oldarraldia bertatik bertara ikusi zuten lekuko batzuen testigantzak aintzat hartzeko eskatuz. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak aintzat hartu zuen, eta auzibidea zabaltzeko agindu zuen.
Gaur, Joseba Novoa haren senarrak hitz egin du galderen eta eskaeren txandan, eta esan du eskertu egiten duela Aperribaik familiari egindako telefono deiak, baina salatu egin du Realak ez duela jendaurrean kondenatu gertaera hori, eta ez duela kritikatu Ertzaintzak egun horretan egindakoa. «Dezepzioa hartu dugu, eta triste gaude, kluba maite dugulako eta bigarren mailako biktima sentitzen garelako. Ertzain baten ordez beste talde bateko ultra bat balitz, berdin jokatuko zen? Bihotz-bihotzetik hau da sentitzen dudana», aitortu du.
Aperribaik erantzun egin dio, eta esan du ez zutela sentitu komunikazio publiko bat egin behar zutela, «gertu egoteko beharra» baizik. «Egun horretan istilu gehiago izan ziren, baina ezin dira alderatu Amaiari gertatutakoarekin, harena oso larria izan baitzen. Ertzaintzarekin hitz egin dugu, eta erantzukizunak eskatu dizkiogu. Erantzungo digutela esan digute. Joseba seguru egon daiteke ez nituela nire hitzak neurtu esan nuenean gertaerak sentitzen nituela. Gure asmoa familarengandik gertu egotea eta Ertzaintzari egoera argitzeko eskatzea izan zen. Joseba seguru egon daiteke gertaerak argitzea exijituko dugula».
Amara Berri auzoko bizilagunak ere kexu dira Realaren partidek trabak eragiten dizkietelako, eta, horren harira, Aperribaik azaldu du taldeari egiten dizkieten ongietorriak sustatu nahi dituztela, baina aldi berean horiek auzoan izan ditzaketen eragina zaindu nahi dutela. Hala, esan duenez, klubeko ordezkariak Amara Berriko auzo elkartearekin bildu ziren atzo, eta bilera horretan agindu zieten ongietorriak beste eremu batean egingo dituztela. Errondo pasealekutik etortzen zen orain arte taldearen autobusa, baina hemendik aurrera ospitaleen eremutik jaitsiko da, eta Anoetako instalazioetatik bira egin ondoren, taldeak sartzen diren atean geldituko da. «Uste dugu horrela inpaktu txikiagoa izango duela Amaran», adierazi du Aperribaik.
Anoeta handitu nahi dute
Realak 38.836 bazkide ditu, eta estadioan 39.977 ikusle sartzen dira. 4.768 RS Fans eta 5.815 pertsona daude bazkide egiteko itxaron zerrendan. Presidenteak jakinarazi duenez, Gabonetan edo urte hasieran horietako batzuk bazkide izateko aukera izango dute. Horri lotuta, klubak asmoa du ikusle kopurua handitzeko: 2.070 gehiago sartuko lirateke; hau da, 42.247 lagunek izango lukete tokia. Horretarako, obra egingo lukete. Oraindik ez dute lizentzia, baina bai aurrekontua: 10,6 milioi euro.
Diru kontuei dagokienez, akziodunek ia aho batez onartu dituzte bai aurreko denboraldiko kontuak —%99,87k eman dute baiezkoa—, baita denboraldi honetako aurrekontua ere —%99,84k—. Aurreko sasoian, klubak 181,8 milioi euro jaso zituen, inoiz baino gehiago. Txapeldunen Liga jokatu izanak zerikusi handia izan zuen horretan, 47 milioi euro jaso baitzituen parte hartzeagatik eta lehiaketan taldeak lortutako emaitzengatik. Aldiz, 180,6 milioi euro gastatu zituen. Soldatak ordaintzeko erabili zuen diru gehien: 103 milioi. Guztia kontuan hartuta, 1,2 milioi euroko irabazia izan zuen.
Reala Europa ligan ari da denboraldi honetan, hau da, lehiaketa apalago batean, eta, horren ondorioz, klubak diru gutxiago jasoko du, bai Europako lehiaketetan parte hartzeagatik —47 milioi hartu beharrean, 22—, baita telebista eskubideengatik ere —78 hartu beharrean, 69—. Hala, aurrekontu txikiagoa izango du sasoi honetarako: 149,6 milioi eurokoa, iaz baino 32,2 milioi gutxiago. Hala ere, klubak irabazia aurreikusi du: 1,5 milioi euro. Iaz, klubak kuotak igo zizkien bazkideei. Aurten, aldiz, bere hartan eutsiko die.
Kirol arloaz, berriz, esan du klubak «europarra izateko eta tituluak irabazteko ilusioa» duela. Roberto Olabe futbol zuzendariaren eta Imanol Alguacil entrenatzailearen lana goraipatu du. «Haiek iritsi direnetik taldea gai da hiru egunetan behin lehiatzeko». Adierazi duenez, ez daki zein postutan bukatuko duten denboraldia, eta ez dio gehiegi axola, baina «ilusioari, anbizioari eta exijentziari» eutsi behar diote. «Horiek eman behar digute indarra».
espainiako kopako partiden datak zehaztu dituzte
Osasunak, Realak eta Athleticek badakite noiz jokatuko dituzten Espainiako Kopako final-hamaseirenetako partidak. Gorritxoak urtarrilaren 4an ariko dira Teneriferen zelaian, 16:30ean. Txuri-urdinek eta zuri-gorriek, berriz, urtarrilaren 5ean jokatuko dute: Reala 15:30ean ariko da Ponferradinaren zelaian, eta, Athletic, 21:00etan, Logroñesenean.