Espainiako selekzioko puntista

Gorka Mugartegi: «Jokatzeko aukera gehiago nuelako ariko naiz Espainiarekin»

Zazpi euskal puntista ariko dira Espainiako selekzioarekin Esku Pilotako Nazioen Ligan, Gernikan. Horietako bat da Gorka Mugartegi. «Uste baino hobeto» ari da eramaten egoera.

Gorka Mugartegi. BERRIA
Gorka Mugartegi. BERRIA
Julen Etxeberria.
2025eko maiatzaren 31
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Jo eta ke dabil Gorka Mugartegi (Markina-Xemein, Bizkaia, 2004): ikasten, entrenatzen eta partidak jokatzen.

Bihar hasiko da Nazioen Liga, Gernikan. Prest zaude?

Bai. Maiatza hilabete trinkoa izaten ari da: asko entrenatzen eta jokatzen gabiltza.

Etxean jokatzeak berezi egiten du txapelketa hau?

Bai, baina nik nahiago dut kanpora joatea jokatzera. Hala ere, polita izango da etxean aritzea: etxekoak izango dira frontoian, eta etxeko jana izango dut; niretzat, abantaila da hori.

Euskal selekzioa lehen aldiz ariko da, baina zuk Espainiarekin jokatuko duzu. Zergatik?

Denok dugu gogoa euskal selekzioarekin jokatzeko, eta niri ere gustatuko litzaidake etorkizunean euskal selekzioarekin jokatzea. Baina hauxe zen aurtengo egoera: pilotari asko ginen euskal selekzioak egindako lehen deialdian, eta, hori ikusita, politika alde batera laga, kirol arloari begiratu, eta Espainiarekin aritzea erabaki nuen. Jokatzeko aukera gehiago nuela; hori izan da arrazoia Espainiarekin jokatzeko. Gainera, ni aurretik Espainiarekin aritu izan naiz, eta, euskal selekzioarekin arituta, agian gero ez nuen aukera izango berriro Espainiarekin jokatzeko.

Espainiako Pilota Federazioak salatu du Espainiarekin jokatuko duzuen pilotariok presioak jasan dituzuela. Zuk jaso dituzu presioak ala erabakia askatasunez hartu duzu?

Nik neuk hartu dut erabakia.

Nola zaude erabakia hartu eta gero: lasai ala deseroso?

Uste nuen deserosoagoa izango zela erabaki hori hartzea, baina nahiko ondo ari naiz egoera eramaten. Buelta asko eman nizkion buruari erabakia hartu aurretik. Hasieran, uste nuen neure buruarekin txarto sentituko nintzela, baina inguruko jendearekin hitz egin nuen, eta haiek esan zidaten ez zela aukera txarra, eta ez nuela horretan pentsatzen aritu behar. Animatu egin ninduten. Zera pentsatu nuen: inguruko jendeak hori pentsatzen badu, zergatik egongo naiz kezkatuta ezezagun batzuek diotenaz? Ez dit axola haiek zer dioten. 

Arreba ere Espainiako selekzioarekin ariko da. Horrek lagundu egin dizu egoera eramaten?

Egoera bera izan da biontzat, eta biek hartu dugu erabaki bera.

Zein helburu duzu txapelketan?

Ahalik eta ondoen aritzea eta disfrutatzea. Ea dena ondo ateratzen den.

Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Txapelketa gogorra izango da, bikote indartsuak baitaude. Itxuraz, bikote batzuk beste batzuk baino makalagoak dirudite, baina jokatu beharra dago, eta inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen. Bete-betean aritu beharko dugu partida guztietan.

Baliteke euskal selekzioaren aurka jokatzea, finalerdietan edo finalean. Prest zaude partida hori jokatzeko?

Multzo ezberdinetan ariko gara, beraz, ez da ziurra elkarren aurka aritzea. Ikusiko dugu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.