Jokatu egingo du

Balekoa izan da Zubietak eginiko azken proba; hura eta Berasaluze II.a eta Ezkurdia-Zabaleta ariko dira gaur Astelenan, lehia erabakigarri batean

Aitor Zubieta, joan den ostegunean egindako pilota aukeraketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Egunero ez da izaten horren gertu maila nagusiko final bat jokatzea. Aitor Zubietak badaki, eta horregatik egingo du ahalegin berezia gaur jokatzeko. Izan ere, Etxarri Aranazko atzelariari ez zaio erabat osatu ezker eskuko lesioa. Ia astebeteko etenaldiak on egin dio, baina oraindik ez dago sasoi betean.

Atzo egin zuen proba erabakigarria, kale edo balekoa. Bakaikuko pilotalekuan (Nafarroa) aritu zen ordu erdiz. Ezker eskua probatu zuen bereziki, eta, hori egiteko, ohi baino babes handiagoa jarri zuen takoetan. Hori eginda, hasi zen pilota jotzen, bosgarren koadrotik seigarrenera. Horixe ikusi nahi zuelako Zubietak, distantzia horretatik pilota jota ezker eskuak min egiten ote zion. Eta proba balekoa izan zen. «Ondo sentitu naiz. Argi dago ez dela gauza bera lan saio bat edo partida bat, baina ezker eskuak ez dit min eman pilota jotzean», aitortu zuen.

Zubieta osatu denez, ez da ordezkapenik izango gaur Eibarren jokatuko den partida erabakigarrian (17:00, ETB1). Berasaluze II.a-Zubieta eta Ezkurdia-Zabaleta ariko dira. Bikote irabazleak Bengoetxea VI.a-Untoriaren aurka jokatuko du finala, hasiera batean, hilaren 26an, Bilbon —finalistek 22-12 galdu zuten atzo Elezkano II.a-Albisuren kontra—. Gaurko bi bikoteek bitan jokatu zuten elkarren aurka lehen ligaxkan: partida bana irabazi zuten.

Aldaketak 2. Mailakoan

Lehen Mailakoan ez ezik, Bigarren Mailakoan ere partida erabakigarria jokatuko dute gaur Astelenan. Mendizabal III.a-Urruzola ariko dira batetik, eta Arretxe II.a-Apraiz bestetik. Azken bi pilotari horiek Rico IV.a eta Larunbe ordezkatuko dituzte —eskuko minez daude biak—. Gaurko bikote irabazlea finalerako sailkatuko da. Jaka-Tolosa finalean dira jada, hutsik gabeko ligaxka egin ondoren: hirutik hiru irabazi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.