Jokatu ahal izango du

Nazioarteko Pilota Federazioko presidenteak bertan behera utzi du Bixintxo Bilbaori ikurrina erakusteagatik jarritako urtebeteko zigorra

Bixintxo Bilbao, ikurrinarekin Munduko Txapelketako podiumean, Frantziako selekzioko beste pilotariekin batera. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (FIPV) bertan behar utzi du Bixintxo Bilbaori jarritako urtebeteko zigorra. Iazko Munduko Txapelketako sari banaketa batean ikurrina — arautegiaren arabera, «bandera ez ofizial bat»— erakusteagatik, urtebeteko debekua ezarri zioten nazioarteko txapelketetan. Lau egun geroago, Xabier Cazaubon FIPVko presidenteak erabaki du, erabaki pertsonal batean, zigorra indarrik gabe uztea. Pilotariak pozik hartu du albistea, baina euforiarik gabe: «Ez da albiste ona, erabaki logikoa baizik».

Bixintxo Bilbaok astelehenean izan zuen zigorraren berri, eta asteartean bertan aurkeztu zuen helegitea, Lilou Etxeberria Frantziako Pilota Federazioko presidentearekin laguntzarekin. Bi egun nahikoak izan dira FIPVk atzera egin eta presidenteak zigorra bertan behera utz dezan. Cazaubonek atzo eman zuen erabaki aldaketaren berri, ohar baten bidez, eta Julian Garcia Angulo Espainiako Federazioko presidenteak eta FIPVko diziplina batzordearen «babesa» eskertu zuen. Ohar berean, jasotako «irainak» salatu zituen.

Bilbaoren zigorrak hauts asko harrotu du, eta babes eskaintzak ugariak izan dira: Jon Redondo Jaurlaritzako kirol zuzendariak adierazi zion, alderdi politiko abertzaleek, Euskadiko Pilota Federazioak, pilota elkarte ugarik... Bilbaoren ustez, garrantzitsuak izan dira. «Sostengu handia izan dut, Jaurlaritzak berak adierazi dit. Ez dakit Cazaubonek zergatik egin duen atzera, baina, nire ustez, garbi ikusi dute erabaki irrigarria zela». Bilbaok ez zuen presidentearen deirik jaso atzo, ezta zigortu zutenean ere. Nazioarteko Federazioa aste osoan ez da jarri harremanetan harekin —Iruñean du egoitza—. Entrenatzen ari zela jakin zuen zigorra kendu ziotela—bizkarreko tendinitisa sendatzeko lanean ari da—.

Bilbaok ez daki arautegia aldatuko duten edo erabaki hau salbuespena izango den. «Errespetua eskatzen dut nik, Euskal Herriarekiko eta euskal ikurrekiko. Nik besteen ikurrak errespetatzen ditut, eta besteek nireak errespeta ditzatela nahi dut, guztiok giro onean lehiatu ahal izateko». Aurrera begira, baina, pilotariak garbi du konponbidea ikurren onarpenaz haratago doala. «Ni euskal selekzioaren aldekoa naiz. Euskal selekzioan gustura jokatuko nuke, eta nazioarteko federazioan onartua izateko bideak aurkitu behar dira. Agian, honen oihartzunak prozesua erraztu dezake. Nahi duenak Frantziarekin, Espainiarekin edo Euskal Herriarekin joka dezala. Guztiontzat hobe litzateke, baita pilotarentzat ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.